Goiatz Labandibar.
ELE

Lambadagarriak

2020ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun

Udako abestiak eta hit-ak ez dira gaurko kontuak. Adibidez, 1989a Kaoma talde brasildarraren Lambada-k markatu zuen. Bazuen zerbait mundu guztira zabaldu zen abesti hark (globalizazioa ere ez baita bart gauekoa), eta nik banuen buelo askoko gona bat lambadako gona deitzen niona. Nik lau urte nituen eta nire ume elebakar belarriak Xolamuxifo entzuten zuenez, xolamuxifo kantatuz hasten nuen abestia (eta, gaur, oraindik, hori da entzuten dudana Chorando se foi-ren partez).

Duela gutxi jakin dut hori dela abestiak hasieran kantatzen duena, eta artikulu hau idazteko jakin dut lambada hitzak «zartada» esan nahi duela portugesez, propio bilaketa eginda. Zartailuaren mugimenduak imitatzen omen dituzte dantzariek, eta hortik dantzaren izena ere.

1989ko udako abestiaren bideoklipean bi ume koxkor agertzen dira dantzan sentsualki (ez, haurren hipersexualizazioa ere ez da gaur goizeko kontua). Baina ez da nire asmoa udako abestiez, ume elebakarrez, haurren hipersexualizazioaz eta abesti horren atzean dagoen istorio ilunaz hitz egitea (nahasten omen dira interes komertzialak, abestien lapurretak eta abar).

Letrak ez ulertzeak ematen digun naiftasunaren lizentziaz baliatuta, galdera bat egin nahi dizuet, ordea:

Norekin dantzatuko zenukete lambada?

Edonor ez baita lambadagarria. Aldaka aldakarekin ongi arrimatuta dantzatzeko abestia da hau, tarteka oraindik irrati kateren batean entzuten dena edo motibazioak gorena jota norbaitek tabernan eskatzen duena (parrandarako aukera zegoenean, esan nahi dut). Edonor ez da lambadagarria. Lambadagarri izateak, esan nahi du eroso sentiarazten zaituela pertsona horrek.

Beraz, noizbait lambada zurekin dantzatzen badut, jakizu ez zarela edonor. Lambadagarrientzat, topa!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.