Iban Zaldua.
ELE

Informazioa

2021eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako gobernuaren kabinete-krisiaren ondoren, laburki, eztabaida sortu zen: eraman al ditzake ezkerreko ministro batek bere seme-alabak eskola pribatu batera? Edo, hobeto esanda, zilegi al da gobernu progresista bateko hautagaiengan pentsatzean faktore hori aintzat ez hartzea: zein saretan dauzkaten seme-alabak? Kontua da Pilar Alegria hezkuntza ministro berriak bereak Zaragozako Lizeo Frantsesean dituela matrikulatuta, eta horrek zalantzak sortu zituen (zenbait gaizki-pentsaturengan: tartean nigan) hezkuntza publikoaren gidari nagusi gisa izango duen jarreraz.

Halako eztabaida bat EAEra mentalki ekartzeko aukera baztertu nuen hasieran: azken batean, gure gobernua ez da ezkerrekotzat aldarrikatzen, eta, ondorioz, normala litzateke, kasik derrigorrezkoa (filosofikoki) hezkuntza sailburu batek (edo lehendakari batek) bere ondorengoak pribatura eramatea. Ez dakit hala den; edonola, jatorri profesionalari dagokionez, gure hezkuntza saileko kupularen zati handi bat, esanguratsuki, hezkuntza pribatuarekin dago lotuta.

Baina gero pentsatu nuen baietz, informazio hori ere eman beharko liguketela politikariek, hauteskunde garaian. Edo kazetariek atera beharko lieketela, elkarrizketetan. Ea umeak zein saretan dauzkaten eskolatuta. Auzoko anbulatoriora joaten diren, ala aseguru mediku pribatua duten kontratatua. Pentsio-planak dauzkaten, ala ez. Garraio publikoaren erabiltzaile ohikoak diren. Etab. Labainkorra da, ados. Baina bizitza pribatua publiko bihurtu dugun Instagram aroan ez dut uste hainbeste eskatzea denik.

Niri, susmoa dut, lagungarria gertatuko litzaidake, botoa ematean. Eta, batik bat, agintarien erabaki batzuk ulertzeko orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.