Tximinietatik datorren arriskua

Porlana, karea, igeltsua eta magnesio oxidoa ekoizten dituzten lantegietatik bost kilometro baino gutxiagora bizi direnek zenbait gaixotasun usuago izateko arriskua dute, ikerketa baten arabera

Jon Rejado.
Gasteiz
2014ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Porlan lantegietatik gertu bizitzeak arriskuak eragin ditzake osasunean, eta Munduko Epidemiologia Biltzarrean abuztuan Anchoragen (Alaska, AEB), aurkeztutako ikerlan baten arabera, porlana, karea, igeltsua eta magnesio oxidoa ekoizten dituzten lantegien inguruan —bost kilometroko eremu barruan— bizi diren pertsonen artean zenbait gaitzen tasa altuagoa da. Espainiaren administraziopeko hainbat tokitako errealitatea aztertuz egin dute ikerlana, eta ikusi dute, besteak beste, koloneko minbiziaren ondorioz hiltzeko arriskua %10 handiagoa dela emakumezkoen kasuan, eta %7 gizonezkoen artean. Minbizi kasuak hartu dituzte aintzat ikerketan, eta emaitzetan zenbait tumore gaiztoren areagotzea atzeman dute. Porlan lantegietatik gertu bizi diren gizonezkoengan pleurako minbizia (%71), peritoneokoa (%62), maskurikoa (%11) eta sabelekoa (%9) maiztasun handiagoz gertatzen dira. Bestalde, kare lantegietatik gertu bizitzeak andrazkoei bereziki eragiten die. Lantoki mota horietatik gertu bizi diren andreen artean giltzurruneko minbizia izateko arriskua %54 handiagoa da; eta garunekoa, %37.

Ikertzaileen jatorrizko helburua lantegi horiek inguruko herrietako biztanleen artean eraginik ote zuten ikustea zen, aipatu industriek egiten dituzten isuri batzuk toxikoak izan daitezkeela eta. Aukeratutako biztanle laginetan minbiziak eragindako heriotzetan jarri zuten arreta, industria jardueraren arabera aldaketarik ote zegoen ikusteko, eta, datuetan oinarrituta, eragina zegoela atzeman zuten.

Azterketa egiteko, ikertzaileek zenbait datu uztartu zituzten. Alde batetik, 1997-2006 urteen arteko epean Espainiako administraziopean minbiziagatik hildakoen kopurua hartu zuten aztergai. Bilaketa 33 minbizi motarekin egin zuten. Datu horiek zenbait herritako biztanleenekin gurutzatu zituzten. Hain zuzen ere, porlana, karea, igeltsua eta magnesio oxidoa ekoizten duten lantegietatik bost kilometro baino gutxiagora dauden herrietako datuekin. Eta, azkenik, udalerri horietan jasotako datuak estatuko batez besteko datuekin erkatu zituzten.

Nazioartekoak, berretsi

Ikerketaren emaitzaren datuak nazioartean gertatzen denarekin bat datozela azaldu du Carlos Arribasek, Valentziako Ekologistak Martxan taldeko kideak (Herrialde Katalanak). «AEBetan eta beste leku batzuetan egindako ikerketak ildo beretik doaz: agerian geratzen da nolabaiteko lotura dagoela industria horien eta minbiziagatiko heriotzen artean».

Arribasek nabarmendu du lehen aldia dela mota horretako lantegiak ikertzen dituztena. 2012an Carlos III Institutuko ikertzaileek hondakin arriskutsuen tratamendu lantegiek, zabortegiek eta errauste plantek inguruko biztanleengan zuten eragina ikertu zuten. «Orain aztertu diren lantegiak kanpo geratu ziren, jakina bazen ere bertan hondakin arriskutsuak errausten zirela».

Arribasen ustez, ikerketaren datuek ezbaian jartzen dituzte ikertutako industriek erabilitako hainbat argudio. Lantegi horien arabera, erregai aldaketak —hidrokarburoetatik hondakinetara pasatzeak— ez du eraginik isurketetan. «Hainbat ikerketa erabili dituzte hori argudiatzeko, baina guk ikusi dugu ez dela hala gertatzen». Ildo horretan, Arribasek gogorarazi du enpresen isurketen datuak publikoak direla, eta azaldu du datu horien jarraipena egin dutela azken urteetan. Egindako lanaren arabera, 2007tik porlanaren ekoizpena jaitsi den arren minbizia eragin dezaketen zenbait gairen edota disruptore endokrinoen isurketak ez dira proportzioan jaitsi, eta kasu batzuetan igo ere egin dira.

Datu horiek arrazoitzeko modu bakar bat dago, Arribasen arabera. «Erretzen dituzten hondakinek beste erregaiek baino gai arriskutsu gehiago dituzte: merkurioa, kadmioa, talioa...». Metal horiek, eta beste hainbat gai kutsagarri, errauste plantetako iragazkietan geratu beharrean lantegietatik ateratzen direla azaldu du. «Gai kutsagarriak isurtzea, eta isuri horiek osasun publikoan eraginik izango ez dutela pentsatzea, ergelkeria da». Adibide gisa, Arribasek jakinarazi du Espainiako Isurien eta Iturburu Kutsagarrien Erroldaren datuen arabera Olatzagutiko lantegiak (Nafarroa) honako isuri hauek izan zituela. 2007an: 1.790 kilo bentzeno eta 121 kilo naftaleno, eta 2010ean, 483 kilo hidrogeno zianuro.

Datu gaurkotuagorik ez dagoela azaldu du, baina egungo datuak ikustea «interesgarria» izan daitekeela. Hain zuzen ere, Olatzagutiko porlan lantegia beranduago hasi zen petroliotik eratorritakoak ez ziren erregaiak erabiltzen. 2011. urtera arte ez zuen biomasa erretzeko baimenik jaso. 2013aren hasieran hondakinak erretzeko baimena jaso zuen, eta irailean magnesio oxidoa kiskaltzeko aukera eman zioten. Arribasek hausnarketa eskatu die porlan lantegiei eta haien jarduna arautzen duten administrazioei; herritarren osasuna zaintzeko esan die. Datuak badira gogoetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.