Patxi Larrion Galdeano.
ELE

Leringo ura

2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Maiatza da, 2015eko udal hauteskunde kanpaina, Lerinen gara, pilotalekua jendez mukuru ageri da larunbat arratsean, beste garai bateko giroa. Hautesle-zerrenda berriak mitin parte hartzailera deitu du. Taula gaineko mahaian bost bat lagun, horien artean zerrendaburua, Consuelo Ochoa.

Hautesle-zerrenda sortzearen arrazoiak Erdi Aroan du sorburu, bai, badakit, gehiegi behartu dut afera, ez naiz Leringo Kondearen itzalaren bila ari, hona kontua, Nafarroako ubidea iristear da Lerinera, eta agintetik goitik behera nahi dute aldatu lurrak ureztatzeko manera, areago, egokiera baliatu eta lursailen kontzentrazioa batera egin nahi dute. Horrek ureztatzeko molde tradizionala deuseztatuko luke, Erdi Aroan erroturiko sistema desagerraraziz. Lerinen Ega ibaiaren urak herritarren lursail txikiak ureztatzen ditu, batez beste bosna erregu-lur biztanleko. Horiek dira hautagaitza sostengatzen dutenak; urtebete lehenago ureztatze tradizionalaren defentsarako sortu plataforma hautesle-zerrenda bilakatu da.

Aspertzeko betarik ez mitinean, halako batean kantxan garenok burua biratu dugu, harmailetatik gizon bat zutitu da, bizarra sarria urdintzen hasia, luze aritu ondotik ez die ba esan mahaikoei, oker zabiltzate eta damutuko zaizue. Pilotalekuan gu gara arrotzenak, alta aurki ikasi dugu bizar-sarriaren parioa. Mitina akitu da, prest dugu otamena kontrakantxan, alkate gaia agurtu dugu.

Baratze ureztatu tradizionala sostengatzen duen zerrenda garaile aterata ere, alkatetza ez zuen zailtasunik gabe eskuratu, 2019an berritu dute garaipena, gehiengo osoa erdietsirik. Nafarroako ubidearena, egun ere, liskarbidea da Lerinen.

Gaur da akitzekoa Urmuga, Hiru Erregeen Mahaian. Ea urak nora naraman hurrengoan. Bea Salaberriren hondarreko artikulua leitu behar dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.