Iban Zaldua.
ELE

Kapitalismoa eta erantzukizunak

2021eko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Irakasgarria iruditu zitzaidan trantsizio ekologikoaz BERRIAk Nuria Lopez de Guereñu eta Juan Lopez Uralderi planteatu zien eztabaida, duela aste batzuk.

Ez soilik argi uzten zuelako, ingurugiroak dauzkan erronken aurrean, marko kapitalista gainditu beharraren (Lopez Uralde) eta «egokitzeko» estrategiaren (Lopez de Guereñu) arteko talka konponezina. Baita kapitalismoaren ezaugarri batzuk ere, ustekabean pasatu ohi zaizkigunak, azaleratzen zituelako elkarrizketak. Adibidez, Lopez de Guereñuk bota zuenean: «Ez dakit errua norena den, baina gauzak ez dira ongi egin» (energia berriztagarrien auziaz ari zen, baina beste edozertaz izan zitekeen). Sistemaren tasun indartsuenetako bat islatzen ari zen: erantzukizunen barreiatze infiniturako joera. Denok parte hartzen dugunez, esku ikusezin dontsuak gidatuta, sistemaren koordinazio gune nagusi den merkatuan, denok gara erantzule. Nahiz eta batzuk neurri handiagoan diren beste batzuk baino (hori, normalean, ez da hainbeste azpimarratzen, esanguratsuki).

Hori abantaila ikaragarria da kapitalismoarentzat, beste sistema ekonomiko batzuen aurrean. Kubako egungo krisi ekonomikoan, adibidez, jokoan dauden faktoreak askotarikoak dira, baina oso erraza da, sistemaren izaera bertikalaren kariaz, erruak norabide jakin batean zuzentzea.

Paradoxikoki, abantaila zaiona, kapitalismoak ahulgune du era berean: erantzukizunen etengabeko atomizazioak sistema koordinazio akats kaotikoetara eramateko joera du, jasaten dituen krisiek ziklikoki erakutsi duten bezala.

Eta parean daukagun krisi ekologikoaren, hots, behin betikoaren aurrean, oker horiek erabatekoak izango dira. Izaten ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.