Iñigo Bilbao Sagastiberri.
LEKU-LEKUTAN

Migrazioa ez da beti eskubide

2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Maiatzaren 11n bukatuko da AEBetan pandemiagatik orain hiru urte ezarritako larrialdi egoera eta, horrenbestez, 19an, hutsaren hurrengo izango dira mugak ixteko Trump presidente ohiak ipinitako osasun aitzakiak. Uste horrekin ehunka migratzaile abiatu ziren aurreko igandean Mexiko hegoaldetik. Ez dira fitxa mugitu duten bakarrak. Washington kezkatuta dago eta hasi da jada neurriak hartzen. Besteak beste, Reuters agentziaren arabera, El Paso hirian (Texas) duen Fort Bliss base militarra prestatu du atzemango dituen migratzaileak atxikitzeko eta auzipetzeko.

Biden presidentea gobernura heldu zen aurrekoak itxitako ateak irekiko zituela aginduz. Ez du bete. 2022. urtean, Erdialdeko Amerikako eta Karibeko 15.000 migratzaile hartuko zituela hitzeman bazuen ere, esaterako, 2.500 besterik ez ziren sartu, legez. Legez kanpo sartzeagatik atzeman eta kanporatutakoak, berriz, ia 150.000 izan ziren. Eta orain, aipatu ateak ireki ordez, lege berria onartuko du baimenik gabe sartutako guztiei asiloa ukatzeko. Biden ez da Trump, baina hobea ere ez.

Eta paradisurako bidean, Mexiko. Orain hilabete 40 migratzaile hil ziren, kiskalita, muga inguruko Ciudad Juarez Migrazio agintariek zuten eta su hartu zuen... aterpe? atxiki-gune? espetxe? hartan. Desmasia hartakoak ikertzen badabiltza ere —eskualdeko Migrazio arduradun gorena auzipetu dute—, inork gutxik erreparatu dio handik gutxira Nazio Batuen Erakundeak emandako datu lazgarriagoari: 2022. urtean, gutxienez, Erdialdeko Amerikako, Karibeko eta Mexikoko 1.433 migratzaile hil edo desagertu ziren Ameriketako Estatu Batuetarako bidean.

Asko muga inguruan hil ziren, itota gehienak, herrialde biak banatzen dituen Bravo ibaian; edo gosez eta egarriz, ondoren datorren basamortuan. Eta ez dira gutxi talde kriminalen esku hildakoak, bai zuzenean erail zituztelako, bai migratzaileak garraiatzeko erabilitako kamioiak bide bazterrean botata utzi eta barruan itota hil zirelako. Ezin da Mexikon migratzaileekin gertatzen ari dena ulertu, ez bada kontuan hartzen migrazio arloko zenbait polizia talde kriminalekin batera ari direla. Zergatik hori? Droga garraiatzea baino mauka hobea delako taldeontzat, egun, migratzaileak AEBetaraino eramatea. Urtean, gutxienez, 10.000 milioi dolarreko negozioa, alajaina!

Ciudad Juarezeko sutea gertatu zenean, migrazioaren auziak aurpegian egin zion eztanda, berriz, beste behin, Lopez Obrador presidente mexikarraren gobernuari. Egun horretan bertan, berehalako agerraldia egin behar izan zuen Adan Augusto Lopez Gobernazio sailburuak, migratzea ez dela delitu esateko. Ez da delitu, esan zuen gobernuak, eta bai, aldiz, eskubidea.

Zuzentasun politikoari kasu eginez gero, arrazoi luke Lopez jaunak. Migratzea ezinbesteko eskubidea da edonorentzat. Bizitza proiektua garatzeko erbesterako bidea hartu genuenontzat, bai, hala izan zen. Eta besterik argudiatu ezean, halaxe beharko luke. Zuzentasuna zurruntasun bilakatu den honetan baina, zilegi bekit arestian aipatu karabanan datozen horiei erreparatzea, eta dudan ipintzea sorterriak utzi zituztenetik hartu duten bidea eskubidea den, edo, aitzitik, goseak, ezinak, beldurrak eta larriak hartaratuta egin duten hautua.

Mexikotik hasita, gainera: Lopez Obrador presidenteak dirua eskatu dio AEBetakoari, Erdialdeko Amerikako eta Karibeko herrialdeen ekonomia suspertzeko. Eskatu du, aho txikiarekin baina. Mexikoko ekonomiarentzat, gaur, ezinbestekoak dira AEBetan diren langile mexikarrek etxekoei bidaltzen dizkieten dirutzak. Irabaziak petrolioak utzitakoak baino handiagoak dira herrialdearentzat. Artez ez badoaz, moldez. Baina bai, joan daitezela! Min ematen du belarrietan presidenteari entzutea, esaten duenean goseak bultzatuta muga «de mojados» zeharkatu zuten horiek heroi direla Mexikorentzat.

Eta zer esan Erdialdeko Amerikako eta Karibeko herrialdeek pairatzen dituzten orotariko krisialdien gainean? Jende horrentzat guztiarentzat migratzea betekizun bihurtu da; deserria bizirik irauteko modu ia bakarra; eta deserrirako bidea, berriz, galbidea. Hori ez da inorentzat eskubide. Eskubidea, benetakoa, nor bere sorterrian libre, lasai eta duin bizitzea litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.