Albistea entzun

ELE

Ibilaldia, 2035

Iban Zaldua -

2023ko abuztuak 6

Bilobari gosaria eman ondoren, Euskal Hezkuntza Zerbitzuko auzoko zentro itundura eraman dut. Bidean txarrantxa-hesiz inguratutako CIESaren ondotik igaro gara, garai batean eskola publikoa zena, baina, pentsatzen jarrita, agian jarraitzen duena halaber Euskal Hezkuntza Zerbitzuko zentro publikoa izaten, barruko patiotik ateratzen diren umeen algarei kasu eginez gero behintzat.

Maddi EHZ (i)-an utzi, eta IMQ anbulatoriora joan naiz: Jon Darponen sarrerako estatuak distira egiten du eguzkipean. Ez dut gehiegi itxaron behar izan, apenas bi ordu, AA medikuak eskanerraz arta nazan. Nik susmatu bezala, ez du ezer topatu, eskaera egin nuenean belauna zulatzen zidan mina dezente apaldu delako azken asteotan; edonola ere, badaezpada, antidepresiboen dosiaren igoera preskribatu eta kargatu dit, Bizum-ez, osasun-txartelean.

Fakultaterako bidean ikusi ditut segurtasun indarrak gida turistikoen ostiraletako manifestazioa desegiten. «A zelako egurra banatzen ari diren ertzainak», pentsatu dut une batez, baina berehala zuzendu dut nire burua, Wagner-Desokupa klusterreko langileak baitira halakoez arduratzen direnak, aspalditxotik: ez naiz sekula ohituko.

Ikasle gutxi etorri da nire gaurko lehenengo eskolara. Gelako ordenagailua piztu, eta gakoa sartu bezain laster, Kutxabanken abisu batek kliska egin dit pantailatik: jubilaziorako epea beste hiru urtez luzatu didate. Ez da datorrenean izango, beraz, eta ez naiz 70ekin erretiratuko, 72rekin baizik. Hasperen egin dut.

Klasearekin hasi naiz: «Lehengoan aipatu bezala, 1970eko hamarkadaren amaieran politika berriak hasi ziren abian jartzen, ekonomia irauliko zutenak...».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Gaiak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...