Goiatz Labandibar.
ELE

Banketea

2020ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Gaur gure herriko festek hasi behar zuten. Hortxe egongo ginen, txupinazo osteko brindisean, Gabonetatik ikusi ez dugun jendea ikusiko genukeen tabernetan pote bat hartzen, eta herriko festek baduten giro berezi horrek kutsatuta ibiliko ginatekeen poz-pozik.

Nire amonaren garaian ere herriko festak baziren. Askotan kontatzen du nola neska kozkorra zela urtero gonbidatzen zuten kaleko etxe batera herriko patroiaren egunean, banketera. Eta zeinen pozik joaten zen bera baserri auzotik kalera. Zeinen inportante sentitzen zen bere 12-13 urteekin eta zeinen zorteduna zen bazkalondorenean lagunekin xexenetara joateko aukera zuelako eta libertate gehixeago zeukalako. Sei senideren artean alaba bakarra, bera bakarrik gonbidatzen zuten banketera. Emakume izateak eman zion pribilegio bakanetako bat izango zen herriko festetako bazkari hori.

Gonbidatzaileak gerra garaian, Belgikara erbesteratu aurretik, baserrian hartu zituzten familia bat izaten ziren. Gerra bukatutakoan, bueltatu ziren erbestetik, eta kapitaletik herriko etxera etortzen ziren, gerra aurretik bezala, uda pasatzera. Ez ziren ahaztu babesa eman ziotenez, eta eskertza moduan, aterpe eman zioten baserriko alaba gonbidatzen zuten herriko festen egun nagusian bazkaritara. Eta neskameen mahaian eserita ematen zioten jaten. Eta hala ere, gure amona kontentu izaten zen.

Mundua zintzoen eta gaiztoen artean banatzeko ohitura dugu. Eta, Gerra galdu zutenen epika idazten dugu zintzoen bandoa trazatuz. Baina galtzaileen artean ere, klaseak eta klaseak baziren. Galtzaileak, eta galtzaileagoak. Are, herriko festetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.