Iban Zaldua.
ELE

Herenegunerako

2021eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Ugazaba bere idazmahaira hurbiltzen ikusi duenerako, Jonek badaki hitza ahoskatuko duela noizbait, elkarrizketan zehar. Ahal izan duen guztia egin du hura azaleraziko duen galdera ekiditeko, baina ezin izan du, azkenean:

Eta, noizko beharko duzu txostena? galdetu dio.

Herenegunerako, noski erantzun dio ugazabak, gailenki.

Nahiz eta biek ondo dakiten Jonek zer erantzungo dion horri:

Herenegun utzi nizun, bada, zure mahaiaren gainean.

Ugazabak hitza ahoskatu behar izan du, edonola ere, kontua abian jartzeko. Jonek, entzun bezain laster, translazio-makinaren gelara jo, eta egun batzuk egin baititu atzera denboran, txostena lantzeko nahikoa margena izan dezan herenegunerako entregatzeko, hain zuzen.

Bere iraganeko niarekin ez gurutzatzeko kontuz ibili, bulegoan kubikulo libre bat topatu, eta lanean hasi zen ahalik eta bizkorren. Teknikari informatikoa ondora etorri eta, beldur zen bezala, esan zion arte:

Datuak kudeatzeko erabiltzen ari zaren plataforma zaharkituta geratuko da aurki, eta aurrerantzean txostenak GammaPlus.12-n egituratzeko aginduko digute.

Eta noiz...? galdetu zuen Jonek.

Sei hilabete barru jarriko dute martxan. Ikastaroa orduan emango dute.

Jonek, beraz, sei hilabete egingo ditu aurrera, 36 orduko ikastaroa burutu, eta iraganera itzuliko da, txostena plataforma berriarekin osatu eta garaiz entregatu ahal izateko, herenegun.

Ugazabaren bulegora bidean, herenegungo Jone zeharretik bistaratu, eta hain presaka nora zihoan galdetu zion bere buruari. A, bai, estresaren kontrako langileentzako mindfulness mintegira, urte eta erdi atzera, edo aurrera, ez zen ondo oroitzen jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.