Iban Zaldua.
ELE

Behin-behineko txostena

2022ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Frogak argiak dira, igarotako denbora luzea gorabehera: planetan zibilizazio teknologiko konplexu batek milaka urte batzuetan zehar iraun zuen, egun mikrobio mailako bizitza xume bat sostengatzeko gai ez bada ere. Baina garai batean azalean ur dezente izatera iritsi zen, itsaso, ibai eta ubide moduan, eta milaka edo are milioika animalia eta landare mota.

Espezie dominantea, itxura guztien arabera, bipedoa zen, 30 xengiun altuerakoa (batez beste), esku oratzaileduna, eta kaltzio-fosforoan oinarritutako eskeleto-egitura batekin. Ez zirudien bereziki indartsua, baina bizi zen hirigune handietako indusketek islatzen dutenez, makulu teknologiko ugariren laguntza izan zuen, aipatu ahulezia erlatiboa konpentsatu zuen zerbait, ziurrenik.

Ebidentzia guztiek seinalatzen dute planetak bizitza-forma konplexuak sostengatzeko gaitasunaren galera izaki horren ingurumenarekiko elkarrekintzaren ondorio izan zela, agian hark eragindako klimaren aldaketa prozesu batena: garai batean atmosfera lodiago bat izatera iritsi zen, baina klima aldaketa horrek ikaragarri mehetu zuen, eta egun ezagutzen dugun bola biluzi basamortuzkoa bihurtu. Nabarmenena zera da: milaka urteetako aro biologiko jori hura planetaren transformazio artifizial baten ondorio izan zela, eta bertako espezie guztiak, dominantea barne, izar-sistemaren hirugarren planetatik laugarren honetara aldatu zirela, hirugarren hura, beste hondamendi klimatiko baten ondorioz, ezin bizizkoa bihurtu zitzaienean.

Hirugarren planeta orobat suntsitu horren ikerketa hastapenetan dago oraindik, baina ziur gaude hipotesia konfirmatu ahal izango dugula laster.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.