Tokio 2020

IZAR ASKOKO JOKOAK

Ohikoa izaten da Olinpiar Jokoetan bizpahiru kirolari bihurtzea ekitaldi horretako izar. Tokion ez da hala gertatu: ez da izar argi bat egon, baizik eta askok egin dute distira.

BERRIA.
ainara arratibel gascon
Tokio
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
ANITA WLODARCZYK
Mailu jaurtitzaile poloniarra lehen emakumea izan da atletismoko banakako proba berean hiru urrezko domina lortzen Joko batzuetan.

ANNA KIESENHOFER
Austriarrak ezustea eman du txirrindularitzako errepidekoa irabazita. Goi mailatik aldenduta, Matematikan doktorea da.

ARIARNE TITMUS
Katie Ledeckyri itzal egiteko gai izan da igerilari australiarra. Besteak beste, 400 metrokoan irabazi dio. Urrea lortu du, baita 200 metrokoan ere. Beste zilar bat eta brontze bat ere lortu ditu.

CAELEB DRESSEL
Michael Phelpsi lekukoa hartu dio. Uzta ederra bildu du Tokion: bost urre. Munduko marka ere ezarri du tximeletako 100 metrokoan: 49,45.

ELAINETHOMPSON
Rion bezala, bi abiadura proba nagusietan gailendu da: 100 eta 200 metrokoetan. Lehenengoan, marka olinpikoa hobetu du: 10,73. Beste urre bat irabazi du 4x100 metroko txandakakoan.

ELIUD KIPCHOGE
Rion bezala, nagusitasunez irabazi du urrezko domina maratoian, amaierara oinkada fresko eta ikusgarriarekin ailegatuta. 2.08.38ko marka egin du.

EMMA MCKEON
Domina gehien irabazi dituen igerilaria izan da: lau urre eta hiru brontze. Lehen emakumezko igerilaria da Joko batzuetan zazpi domina lortzen. Bi marka olinpiko ere ezarri ditu, 100 metrokoan (51,96) eta 50 metrokoan (23.81).

JESSICA FOX
Maialen Chourrauten lehiakide eta lagunak brontzea irabazi du K1 mailan, eta urrea C1ean. C1 proba estreinakoz izan da Jokoetan.

KARSTEN WARHOLM
Urrezko domina irabazi, berak zuen munduko marka txikitu (45,95), eta 400 metroko hesidunean gainditu gabeko mugarria ezarri du norvegiarrak:46 segundotik jaistea.

KATIE LEDECKY
Tokioko bi urre eta beste bi zilarrekin hamarrekoa osatu du. Distantzia luzeetan erakutsitako nagusitasuna nabarmendu behar da: 800 eta 1.500 metrokoak irabazi ditu.

MIJAIN LOPEZ
Kubako borrokalariak urrezko laugarren domina irabazi du. Horrekin Alexander Karelin errusiarraren marka gainditu, eta inoizko borrokalari onena bihurtu da. 2008ko Pekingo Jokoetatik ez du galdu.

NIKOLA KARABATIC
Hirugarren urre olinpikoa lortu du eskubaloian. Frantziako selekzioko beste bi jokalarik ere lortu dute balentria hori: Luc Abalok eta Michael Guigouk. Hala, Andrei Lavrov atezain errusiarraren marka berdindu dute. Hala ere, Karabatic da eskubaloian lorpen zerrenda oparoena duena.

SYDNEY MCLAUGHLIN
Karsten Warholm norvegiarrak egin moduan, munduko marka ezarri du estatubatuarrak 400 metroko hesidunean: 51,46 (berak zuen aurreko marka: 51,90). Buruz buruko polita izan du Dalilah Muhammad herrikidearekin. Azken zuzengunean hartu dio aurrea.

SIFAN HASSAN
Herbeheretarrak balentria handia egin du: 5.000 metrokoan irabazi egin du, azken itzulian sekulako erritmo aldaketa eginda; 1.500 metrokoan hirugarren izan da, sailkatze lasterketan lurrera erori eta gero; eta 10.000 metrokoan nagusitasunez gailendu da .

SIMONE BILES
Tokioko Olinpiar Jokoetako izar nagusia izango zela zioten askok, sekulako estreinakoa egin baitzuen Rion. Eta hala izan da, emaitzetatik harago doan gai bat mahai gainean jartzeagatik: kirolarien buru osasuna. Taldekako finalean zegoela, planto egin zuen. Oreka barran brontzea irabazi du.

SOUFIANE EL BAKKALI
Marokoarrak kenyarren bederatzi Jokotako nagusitasuna eten du 3.000 metroko oztopodunean. Marokok 2004ko Olinpiar Jokoetatik ez zuen urrezko dominarik irabazi atletismoan.

SUNISA LEE
Simone Bilesen lekua hartu du estatubatuarrak gimnastika artistikoko banakakoan. Final orekatua egin du, aparatu guztietan ondo aritu baita.

YULIMAR ROJAS
Venezuelarrak hamazazpi zentimetro jan dizkio 1995etik indarrean zegoen jauzi hirukoitzeko munduko markari: 15,67 metro saltatu ditu. Gehiago salta dezakeela berretsi du.

ERRUSIA
Nahiz eta Tokion ezin izan duten beren bandera eta ereserkia erabili, Errusiako kirolariak normaltasunez lehiatu dira. 71 domina lortu dituzte: urrezkoak, hogei; zilarrezkoak, 28, eta brontzezkoak, 33.

JAPONIA
Jokoak antolatuta, gora egin du dominen zerrendan. Hirugarren lekuan amaitu du, 58rekin: 27 urre, hamalau zilar eta hamazazpi brontze. AEBak nagusitu dira sailkapenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.