Martin Ugalde oroitzeko urtea

Azaroan ehun urte beteko dira kazetari, idazle eta politikaria jaio zenetik. Ez da urteurren bakarra izango, ordea: 1921ean sortu zen Mixel Labegerie musikaria ere, martxoan.

Martin Ugalde, 1997an. AIURRI ALDIZKARIA.
Ane Eslava.
2021eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
«Euskaltzaleok, Martin Ugalderen izena entzuten dugun aldiko, adiskideaz oroitzeaz gainera, sinbolo bat ere sentitzen dugu». Duela 16 urte irakurri zituen hitzok Anjel Lertxundik, Martin Ugalde zendu zen urtean, haren izena daraman kultur parkean. Azaroaren 11n 100 urte beteko dira kazetari, idazle, politikari eta kulturgilea sortu zela, Andoainen (Gipuzkoa).

70 liburutik gora idatzi zituen, eta kazetari gisa lan mardula egin zuen. 36ko gerran erbestera jo behar izan zuen, Venezuelara, eta 22 urte egin zituen han. Sorterrira itzulitakoan, politikagintzan aritu zen: EAJn afiliatu zen 1947an, eta, 1985ean, Eusko Alkartasunan. Euskaldunon Egunkaria-ko sustatzaile behinenetako bat izan zen, eta, 1990ean, berripaper haren Administrazio Kontseiluko lehendakari postua bete zuen. Lan horretan jardun zuen 1998ra arte; ohorezko lehendakari izan zen gero. 2004an zendu zen, 84 urterekin. Bi urte lehenago, haren izena jarria zioten egunkari honen erredakzio nagusia eta beste hainbat kultur eta gizarte ekimen hartzen duen guneari.

Baina ez da Martin Ugalde 1921ean jaio zen euskal sortzaile gogoangarri bakarra. Martxoan ehun urte beteko lituzke Mixel Labegeriek ere, euskal kantagintza modernoaren «aitatzat» hartua denak. Lanbidez medikua zen, eta bi disko txiki eta zortzi abesti baino ez zituen grabatu, baina euskal kantagintzarentzako bide berria urratzeko aski izan ziren. Urteurrenaren karietara, haren lana omentzeko ikuskizun bat egingo dute, ekainean, Kanbon (Lapurdi), Latsarria elkarteak antolatuta.

Euskal Herritik kanpora begiratuta, luzea da duela mende bat jaiotakoen zerrenda. Honako hauek dira nabarmentzeko moduko batzuk: 1921eko urtarrilean jaio ziren Friderich Durrenmatt, Leonardo Sciacia eta Patricia Highsmith idazleak; otsailean, Lana Turner eta Giulietta Masina aktoreak; martxoan, Astor Piazzolla tangoaren mitoa eta Simone Signoret eta Dirk Bogarde aktoreak; apirilean, Peter Ustinov aktorea; ekainean, Luis Garcia Berlanga zinema zuzendaria Jane Rusell Hollywoodeko izarra; abuztuan, Fernando Fernan Gomez aktore eta zinemagilea eta Maurice Tillieux komikilaria; irailean, Carmen Laforet eta Stanislaw Lem idazleak eta Deborah Kerr aktorea; urrian, Yves Montand eta Georges Brassenskantariak. Horietako asko oroitzeko ekitaldiak espero dira, eta batzuk prest dituzte. Esaterako, aurtengo Experiencia Piazzolla jaialdia (Buenos Aires) «berezia» izango dela esan dute, musikariarenomenez.

Horiek guztiak baino ehun urte lehenago jaio zirenen artean aipatzekoak dira da Charles Baudelaire eta Fiodor Dostoievski idazleak. Halaber, orain mende bat hil zirenen artean daude Camille Saint-Saens musikaria, Emilia Pardo Bazan idazlea eta Enrico Caruso tenorra; duela mende erdia, berriz, Igor Stravinski musikaria.

'Imagine' eta Oskorri

Heriotzaz eta jaiotzaz harago ere izango dira efemerideak 2021ean. Musikan, John Lenonentzat mugarri izandako Imagine diskoak 50 urte beteko ditu. Urte berean, 1971n, Bilbon, Oskorri taldea sortu zuten; ia bost hamarkadako ibilbidearekin Euskal Herriko talderik esanguratsuenetako bat izan zena. Artean, berriz, 1921ean Kursaal jauregia ireki zuten, Donostian, gaur izen bereko eraikina dagoen tokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.