Albistea entzun

Artearen lekuak. Ormolu galeria

Egoera ilunenei ere dirdira atera, eta iraun

Ormolu galeria Iruñeko Zabalgunean dago 1999tik. Maite Diaz eta Maite Zengotitabengoa dira jabeak. Lehen urteetan trabak izan zituzten, baina hor diraute, nahiz eta beste galeria asko itxi dituzten. Oporren aurretik, lanez gainezka daude.
Maite Diaz eta Maite Zengotitabengoa, Ormolu galeriaren jabeak, Iñaki Pradosen margolanekin.
Maite Diaz eta Maite Zengotitabengoa, Ormolu galeriaren jabeak, Iñaki Pradosen margolanekin. IÑIEGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2021eko uztailak 8 - Iruñea

Iruñeko Paulino Caballero kalearen amaieran kokatuta dago, eta txikia da; kanpotik ikusita, bakuna. Horregatik, eguneroko erritmoak gidatuta albotik ziztu bizian igarotzen denari ez dio arreta emango. Une batez begirada finkatuz gero ikusiko duen kartela, ordea, deigarri gertatuko zaio. Urre koloreko hizkiz irakur daiteke tokiaren izen bitxia: Ormolu. Eta ez dute kasualitatez hautatu kolorea; brontzea urrezko amalgama dirdiratsu batez estaltzea baita ormolu teknika.

Hirian gelditzen diren galeria gutxi horietako bat da Ormolu, eta, goizez ere irekita dagoen arren, hiruzpalau bezero zeuden kanpoan zain jabeak arratsaldeko 18:00etan ateko burdin hesiko sarrailan giltza sartzera joan direnerako. Uda hasiera da, eta, oporren atarian, azken orduko bisitari eta erosle andana etortzen ari dira. Haiek, halere, abegikor hartzen dute galeriara heltzen den oro. Baita kazetaria ere: «Barkatuko diguzu; egun hauek eromena izaten ari dira». Hitz egokia erabili du: eromena; etengabe ari baitira bisitariak agurtzen, azalpenak ematen eta erakusketa jarrita duen artista besteei aurkezten.

Bi Maite dira Ormoluren jabeak: Maite Diaz eta Maite Zengotitabengoa. 1999an ireki zuten gunea, inolako esperientziarik gabe eta sektorean zebiltzanek haiek ezagutu gabe; arriskatuz. Kazetariarentzako tarte bat hartuz, Diazek hastapenak gogoratu ditu: «Duela ia 30 urte ezagutu genuen elkar. Maitek errestaurazio ikastaroak ematen zituen, eta ni horietara joan nintzen. Gero, erabaki genuen elkarrekin errestaurazio tailer bat muntatzea; hala hasi zen gure ibilbidea. 2-3 urte generamatzanean, hau irekitzea erabaki genuen, baina hasieran ezberdina zen; urteekin bilakatu da gaur egun den modukoa». Hasieran beste arte adierazpide batzuk ere hartzen zituzten, baina egun pintura, eskultura eta grabatua baino ez.

Duela 20 urte baino gehiagoko Iruñean egin zituzten lehen urratsak, beraz. Bi emakume gazte ziren, eta galeria baten gidaritza hartzea erabaki zuten, aurretiazko inolako esperientziarik gabe. Horrek batzuen mesfidantza sortu zuela azaldu du Diazek: «Emakumeak izanda, garai hartan jomuga errazagoa ginela zirudien, eta gurekiko etorkortasuna sumatzen genuen. Matxismoa. Ezin genuen jasan, baina hala zen». Urteekin erabat aldatu da haiekiko jarrera. «Gure tokia egin dugu, eta jada ez du zerikusirik».

Garai hartan arte galeria gehiago ziren hiriko inguru horretan, «bakarrik hiru etxaditan, zazpi». Baina egoera dezente aldatu da ordutik: orain haiek baino ez dira gelditzen han. Iruñean, oro har, galeria gutxi batzuk daude, eta Diazek uste du 2008ko krisiak eragina izan zuela gainbeheran. «Ez baita lan erraza», aitortu du. Haiek koadroei markoa jartzeko lana ere egiten dute —ate ondoan markoen laginak daude ikusgai, paretan—, eta horri esker lortzen dute irautea. «Soilik galeriarekin zaila da: ez da nahikoa saltzen».

Izurrite garaiko ezustekoa

Azken hilabeteak bereziak izaten ari dira haientzat ere. 2020ko konfinamendu garaian itxi egin behar izan zuten, eta ondoren susmo txarrak zituzten: «Guk zera pentsatzen genuen: dugun egoerarekin, nor etorriko da hona, ez denean oinarrizko behar bat? ». Ordea, ustekabe atsegina hartu zuten, itzuli ondoren ohi baino jende gehiago joaten hasi zitzaielako. «Ikaragarria izan zen, azaldu ezina», adierazi du Diazek, emozio aurpegiarekin. «Eta horrela gaur arte». Etxean denbora asko egon izanak eragina izan dezakeela uste du, «askok erabaki dutelako etxea atseginago jartzea», baita ohi baino diru gutxiago gastatu izana ere.

Hilabetero artista jakin baten lanak jartzen dituzte ikusgai Ormolun, eta abuztuan erakusketa kolektibo bat antolatzen dute, «informalagoa». Artisten artean badira batzuk ia hasieratik jarraitzen dutenak, hala nola Iñaki Lazkoz eta Josefa Casado; horiek bi urtean behin jartzen dituzte ikusgai beren lanak. Beste batzuek jartzeari utzi diote, eta tarteka artista berriak sartzen dira zerrendan; «gero eta gutxiago, jada asko direlako». Guztiekin «harreman ederra» dutela dio.

Orain Iñaki Pardosek dauzka jarrita bere artelanak paretetan. Akuarela, tinta eta akrilikoa erabiltzen ditu, eta haren obraren konposizioa «ezohikoa» da, Diazen hitzetan. Hirietako, hondartzetako eta herrietako eszenak marrazten ditu; irudi nagusia tintaz osatzen du, ondoren akuarela eransten dio, eta hondoa kolore lauekin margotzen du, akrilikoekin. Marrazki finek kontrastea egiten dute kolore biziko eremu zabalekin. Adibidez, zenbait herritako irudien hondoa herri bakoitzeko traineruaren kolorearekin margotu du.

Pardos ere galerian dabil; ikusle eta bezeroak agurtzen ditu, eta lanei buruzko inpresioak aipatzen ditu haiekin. Badira artelan bat erosi ondoren hura jasotzera joan direnak, erakusketa ezagutu ondoren senide edo lagun batekin itzuli direnak, artista ezagutzen dutelako bere lanak ikustera etorri direnak... Eta Diaz eta Zengotitabengoa batetik bestera dabiltza, jendearekin solasean. Gehienak —ez badira guztiak— ezagunak dituzte. Adiskidetasun giroa dago, azken batean. Diazen ustez, hori da galeriaren ezaugarririk garrantzitsuena: «Jendearekiko gertutasuna eta konfiantza».

ORMOLU GALERIA
Urtea. 1999.
Tokia. Paulino Caballero kalea, Iruñea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ezker-eskuin, Oriol Roch, Robert Treviño eta Bingen Zupiria, atzo, Euskadiko Orkestrak Donostian duen egoitza nagusian. ©JON URBE / FOKU

Artea, gizakia eraldatzeko tresna

Miren Mujika Telleria

«Sona handiko» zuzendariak izango dira Euskadiko Orkestraren 2023-2024ko denboraldian. Denera, 50 kontzertu emango ditu Euskal Herrian. 2024ko otsailean, kontzertu bira bat egingo dute Austrian
Uxue Razkin Ereineko editorea eta Jon Alonso idazle, itzultzaile eta liburuko hitzaurrearen autorea. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

'Hamabost egun Urgainen' nobela beltza argitaratu dute berriro

Iraia Vieira Gil

Gaur egungo irakurleek uler dezaten kaleratu dute Jose Antonio Loidiren lanaren bertsio berria. Jon Alonsok idatzi du hitzaurrea

Getxoko hiru espaziotan daude ikusgai erakusketak. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Getxophoto jaialdiak etena aldarrikatuko du, gaurtik hilaren 25era bitartean

Erredakzioa

Hainbat herrialdetako 22 sortzailek beren lanak erakutsiko dituzte beste horrenbeste erakusketatan. Aire zabalean ikusi ahalko dira gehienak
Eztena jaialdiaren antolatzaile taldeko zenbait kide, gaur, Donostian. ©Maialen Andres / Foku

Eztena antzerki jaialdia kaletartuta eta gaztetuta dator

Andoni Imaz

Ekainaren 9an, 10ean eta 11n egingo dute Eztena antzerki jaialdia, Errenterian. Kalea kontzeptuaren inguruan osatu dute egitaraua.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...