Koronabirusa. Lehen lerroan izandakoak

FUNTSEZKOAK, AITORTZARIK GABEAK

Alarma egoeran lehen lerroan izan ziren arren, txalorik gabe geratu dira hainbat sektore eta behargin. Krisi garaian ezinbesteko bilakatu diren lanbide horietako asko feminizatuta eta prekarizatuta daudela gogoratu dute adituek, eta hortik datorkiela gizartearen aitortzarik eza.

Garbitzaileena izan da ezinbesteko bihurtutako sektoreetako bat. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE.
Maite Asensio Lozano, Edurne Begiristain, Oihana Teyseyre Koskarat, Joxerra Senar, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria
Gasteiz, Baiona, Iruñea, Lesaka, Antzuola.
2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun

Konfinamenduan zehar ia derrigorrezko bihurtu zen eguneroko deialdia: 20:00etan etxeko leihora edo balkoira atera izan dira milaka herritar, txalo egitera. Hasieran, osasun eremuko beharginen lana goratu eta eskertu nahi zuen keinuak, baina gerora beste sektore batzuetara ere zabaldu zen aitortza hori: supermerkatuetako eta denda txikietako langileak, garbitzaileak, baserritarrak, zaintzaileak... «Bat-batean, lanbide jakin batzuen garrantzia azaleratu egin da, funtsezko bilakatu baitira erreprodukziorako edo krisiari aurre egiteko, baina ez dira justu aitortza sozial eta ekonomiko handiena dutenak. Hori da krisi honek utzi dizkigun irakaspenetako bat», azaldu du Maria Silvestrek, Deustuko Unibertsitateko soziologo eta Emakundeko zuzendari ohiak.

Pandemian zehar ere lehen lerroan lanean jarraitu dute funtsezko sektore horietako langileek, baina ezkutuan, edo ikusezin; asko, baldintza prekarioetan, eta COVID-19a harrapatzeko arriskuarekin. Eta txalorik ia jaso gabe. Besteak beste, horren gaineko kezkak bultzatuta atera ziren ostiralean kalera Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunean bildutako eragileak: «Bizitzak sostengatzen dituzten lanak aitortu eta banatu behar ditugu, eta langile orori baldintza duinak bermatu, baita egoera administratibo irregularrean daudenei ere». Maiatzaren Leheneko fokuetako bat ere izan ziren funtsezko lanbide horiek, itxialdian bizitzek aurrera ateratzea ahalbidetu zutenak; sindikatuek ohartarazi zuten sektoreotako asko feminizatuta eta prekarizatuta daudela.

Zaintzarekin lotuta

«Krisiak agerian utzi du lanbide horien funtsezkotasuna oso lotuta dagoela zaintzarekin eta bizitzaren erreprodukzioarekin», berretsi du Silvestrek. Eta, era berean, nabarmendu du aitortzarik ezak harreman estua duela zaintza emakumeen rol gisa hartzearekin: «Gizarteak lanbideei ematen dizkien balio soziala eta ordain ekonomikoa eskutik doaz. Zaintzarekin lotutako lanek eta feminizatutako ogibideek balio sozial gutxiago jaso dute tradizionalki, eta, beraz, diru sari txikiagoak. Hainbat ikerketa egin dira horren inguruan: sektore profesional bat feminizatzen denean, balio sozial eta ekonomikoa galtzen du. Osasun alorrean ere gertatu zen, batik bat emakumezko mediku kopurua handitu zenean: aitortza galdu zuten, eta egonkortasun arazoekin hasi ziren, lehen soldata izozteekin...».

Soziologoak erantsi du balio sozial hori eraikia dela: «Gizarte gisa, garrantzi handiagoa ematen diogu zubi bat egiteari, alzheimerra duen pertsona bat zaintzeari baino». Haren ustez, balioa ez da soilik trebakuntza mailaren arabera ematen: «Lan batzuek kualifikazio gutxi behar dute, eta horrek ekar dezake ordainsaria txikiagoa izatea; beste aldagai batzuekin ere nahasten da, adibidez, etxeko zaintzarako etorkin bat kontratatzen denean, andre horiek besterik egin ezingo balute bezala. Baina beste hainbat lanbidek unibertsitate prestakuntza behar dute: erizainek, langile sozialek... Haien lana ezinbestekoa izan da pertsona guztiei arreta eman ahal izateko».

Silvestre ez dago seguru zertan geratuko den azken asteetan langile horiei eginiko aitortza, osasun krisia apaldu ahala. «Uste dut honek kontzientzia handiagoa ekarriko duela sektore publikoaren eta ongizate estatuaren garrantziaz. Halako babesgabetasun eta ziurgabetasun egoeretan, estatu egituretara begiratzen dugu, gure arazoak konpon ditzaten; beraz, sektore publikoa zenbat eta indartsuagoa izan, orduan eta gaitasun handiagoa izango dute halako egoerei erantzuteko». COVID-19aren irakaspenek sektore batzuetako prekaritatea iraultzeko balioko ote duten ez daki, baina, adibidez, zahar etxeetako eredua berraztertzea «derrigorrezkoa» behar luke, haren ustez: «Langileak aspalditik ari dira aldarrikatzen lan baldintzak hobetu behar direla, eta orain, pandemiaren fokuan izan direla, kontuan hartu behar litzateke egoitzen eginkizun soziala eta lan horren garrantzia».

Zaintza lanez eztabaidatzea, halere, ez da eskaera berria, Silvestrek gogorarazi duenez: «Feminismoaren agendak urteak daramatza gai horien inguruko debatea eskatzen, eta krisiak mahai gainean jarri ditu diskurtso horiek. Ea orain auziok agenda politiko orokorrera igarotzen diren».

«Guk ez dugu ebakuntzarik egiten, baina lehen lerroan gaude»

 

ANA MENO Txagorritxu ospitaleko garbitzailea

Hogei urte daramatza Ana Menok (Gasteiz, 1969) Txagorritxu ospitalean garbitzaile lanean. 2014tik asteburuetan eta jaiegunetan dihardu, gauez. Beste lankide batekin banatzen du egitekoa: «Oso fisikoa da lana, neketsua, gogorra». Baina COVID-19ak jo zuenean «gainezka» egin zutela aitortu du, hunkituta: «Hogei urtean ez dut sekula halakorik ezagutu; animaliek bezala egin dugu lan, oso latza izan da». Izurriaren eraginez, ia kolapsatu egin zen erietxea martxoan eta apirilean, eta denera ezin iritsita ibili ziren. Beste lankide bat hasi zen haiekin, baina ez zen nahikoa izan. «Hiru lagun ginen gauez lan egiteko, baina ez zen inondik inora aski; jende gehiago behar genuen dena garbitzeko, ezinezkoa baitzen gure ordutegiaren barruan guztia egitea».

Gogoratu du ospitale osoan artatu zituztela koronabirusaz gaixotutakoak, eta, euren ohiko lanaz gain, gune horiek ere garbitzeko ardura zutela: «Kapera, kiroldegia... dena ohez beteta zegoen, eta lana azkar egiten saiatzen ginen arren, ez ginen denera iristen: ezinezkoa zen». Bilagailua eraman behar izaten dute lanean, eta gau haietan 60 dei baino gehiago jasotzen zituzten, ohikoaren bikoitza. «Birus madarikatu honen aurka desinfektatzailearekin jo eta su borrokatu gara, eta oraindik hala gabiltza, ez baita desagertu».

Izurria hasi zenetik, babes ekipamendua jantzita egin behar izan du lan Menok, baina ospitalean beti ez dute izan baliabide nahikorik. «Maskarak arren emateko eskatu behar izan dugu, baina ez dira egon. Nik hiru asteburu jarraian maskara berberarekin lan egin behar izan dut». Orain badute material nahikoa, baina larrialdiaren hasieran babes nahikorik gabe lan egin behar izateak «ezinegona» eta «beldurra» eragin zizkion. «Garbitzen nuenean, zomorroa etxera eramateko beldur nintzen». Aitortu du lanean ari zenean ez zuela horretan pentsatzen, baina gelditzean buruari buelta asko ematen zizkiola, eta «kezka» eta «estualdia» sortu zitzaizkiola: «Orduan ohartzen zara non egon zaren, eta zer arrisku pasatu duzun».

Pandemiaren une latzenak igaro dira, eta Txagorritxuko garbitzaileak «lasaiago» daude orain. Gainera, PCR proba eta proba serologikoa egin dizkiete, eta Menok negatibo eman du. «Proba horiek etengabe egin beharko lituzkete, ospitaleko langile guzti-guztiei, salbuespenik gabe». Baina izurriak garbitzaileen egitekoaz hausnartzeko aukera ere eman dio Menori: «Beti ikusezinak izan gara, baina bat-batean izurri bat dator eta ezinbesteko jarduera garela esaten digute. Txantxa bat ematen du». Uste du egiten duten lana «aitortzea» behar dutela, ezinbesteko jardueratzat jotzea baino gehiago. Eta garbitzaileek ez ezik, bestelako lanbideek ere merezi dutela gizartearen errekonozimendua: «Ospitalean lan egiten duen jende askok ez du inolako aitortzarik. Guk ez dugu ebakuntzarik egiten, baina lehen lerroan gaude, beste asko bezala, eta aitortza merezi dugu».

«Gure lana ezinbestekoa da etxean bizi nahi dutenentzat»

 

MARTA ALVAREZ Etxez etxeko laguntzailea

Egunero bospasei etxebizitzatan sartzen da Marta Alvarez (Bilbo, 1969). Basauriko (Bizkaia) etxez etxeko laguntza zerbitzuko langilea da, eta mendekotasunak dituzten pertsonak zaintzeaz arduratzen da: «Batez ere, adinekoekin egiten dugu lan, baina tartean badaude elbarritasun fisiko edo mentalak dituzten haurrak eta helduak ere; erosketekin laguntzen diegu, jatekoarekin, edo garbiketarekin...». Pandemian antzera egin dute lan, «baina arazoekin»: «Abandonatuta sentitu gara; erakundeek ez dute kontuan hartu gure sektorea».

Zaintza lan oinarrizkoa egiten dute etxeko laguntzaileek, eta emakumeak dira «den-denak»: «Ez dugu inolako aitortzarik sentitu. Erabiltzaileek bai, eskertu egin dute gure lana, baina jendeak ez daki zer egiten dugun ere; langile soziosanitarioak gara». Udalek azpikontratatzen dute behargin horien zerbitzua, eta horrek hainbat talka dakartza, Alvarezek azaldu duenez: «Udal askok aurrekontuen zati handi bat bideratzen dute etxez etxeko laguntza zerbitzura, baina gero ez dira arduratzen langileen baldintzez eta zerbitzuaren kalitateaz. Gurean, hasierako asteetan ez geneukan maskararik edo babes ekipamendurik, eta udalak esan zigun ez ginela bere arazoa, baizik eta enpresarena. Bada, gure erabiltzaileak bai, badira udalaren arazoa. Eta kezka handiz egin dugu lan, batez ere adinekoak kutsatzeko beldurrez: gure lanean sarri ez dago distantzia soziala mantentzerik».

«Beldurrez» lehenik, eta «haserre» gero, hala joan ziren alarma egoeraren lehen asteak. Baita zerbitzuaren erabiltzaileen artean ere: «Batzuek esan digute ez joateko haienera alarma egoerak iraun bitartean; beldurra ematen zien hainbeste jenderekin egondako norbait etxera joateak». Orain lasaiago daudela aitortu du Alvarezek: «Neurri batean, gauzak ondo atera dira. Ez da ia kutsatzerik izan, eta erabiltzaileak seguru sentitu dira: ezin ziren kalera atera, eta, haientzat, etxean lasai geratu ahal izateko modu bat izan da gure laguntza. Tentu handiz egin dugu lan». Edonola ere, uste du pandemian ateratako irakaspenek gogoeta sakonagoak ekarri behar dituztela: «Adinekoen egoitzetako eredua birpentsatu behar da, eta zahartzeari buruz hausnartu. Gure lana funtsezkoa da etxean bizitzen jarraitu nahi dutenentzat».

«Egun osoan ari naiz lanean, erlojuari begiratu gabe»

 

ALI SHER Banatzailea

Zaila da Ali Sherrentzat (Gujrat, Pakistan, 1990) hitz egiteko tarte bat ateratzea: «Egun osoan ari naiz lanean, erlojuari begiratu gabe». Banatzaile dihardu Urola Kostan (Gipuzkoa); autonomoa da, baina bere furgonetan eramaten ditu, besteak beste, Amazon bidez erositako paketeak. Eta ez du geratzerik izan pandemia garaian: «Denda itxi behar izan zuten enpresa txikiak ere asi ziren online saltzen, eta gure lana ikaragarri handitu da. Lehen, 100-150 pakete banatzen nituen egunean, baina alarma egoeran 265 ere banatu ditut».

Hasia da lan zamaren ondorioak nabaritzen: «Lunbagoko mina kendu ezinik nabil». Izan ere, hamabi ordutik gorako lanaldiak izan ditu hainbat astez: «07:00etan hasten gara paketeak kargatzen, eta 09:00etatik aurrera banatzen. 19:30erako geratzen zaiguna biltegira itzuli behar dugu, biharamunean banatzeko, baina ez du zentzurik pakete horiek hurrengo egunekoekin pilatzeak; beraz, 21:00etara arte ibili naiz banatzen. Denbora gehiago autoan eserita, tentsio handia buruan...».

Bi seme-alabez eta emazteaz gain, gurasoak ere etxean izan ditu itxialdian: «Familia osoa elkarrekin egon nahi genuen». Aitortu du beldurra izan duela, etxekoengatik: «Senideak kutsatzeko arriskua hor egon da, baina ezin nuen lana utzi. Lankide batzuk pozik daude, banatutako paketeen arabera kobratzen dugulako, eta alarma garaian diru gehiago egin dutelako, baina nik nahiago dut lasaiago ibili, nire familiaren bizia arriskuan jarri gabe».

Banatzaileek ez dakite zer daramaten paketeetan, baina bezeroekin hitz eginda jakin du gauza bitxiak eskatu izan dituztela, beharrezkoak ez zirenak: «Neska batek esan zidan aspertuta zegoelako ari zela Interneten gauzak erosten, ez zeukala besterik egiteko. Baina jendeak ez daki zer dagoen produktu horien atzean: niretzat arriskua izan da». Oro har, halere, bezeroek jarrera ona izan dutela nabarmendu du Sherrek: «Batzuei bost axola izan zaie, nire lana egiten ari nintzen; baina jende ona ere badago: andre zahar batek malkotan adierazi zidan esker ona».

«Esan digute ez debekatzeko sarrera maskara gabekoei»

 

OFELIA PEREZ MATA Supermerkatuko langilea

«Lehen asteak kaosa izan ziren. Ezin da hitzez azaldu: bizi egin behar da». Ofelia Perez Matak (Ermua, Bizkaia, 1974) hamalau urte daramatza Dia supermerkatuetan lanean; «Egun, berez, okindegian, baina kamioiak deskargatzen eta kutxan ere egoten naiz». Nekatuta mintzo da, pandemian «ezin geratu» jardun baitira beharginak aste luzez: «Jendeak izugarri erosketa handiak egiten zituen. Kamioi bat iritsi, produktuak apaletan jarri, eta segituan desagertzen ziren; ez geneukan ezertarako astirik».

Egoera ezohiko batean ohiko baldintzetan jardun izana deitoratu du: «Jende berarekin. Enpresari asko kostatu zitzaion langile gehiago ekartzea, eta alarma egoera amaitu baino lehen kendu dituzte». LAB sindikatuko ordezkaria da Perez Mata; gogoratu du ezin iritsita ibiltzen direla Dian: «Ez dugu inoiz grebarik egin soldata igotzeko. Ez dute txarto pagatzen, baina pertsona baten lana egitearen truke, eta sarri biren lana egiten du batek».

Ez da enpresari kritikatzen dion jokabide bakarra. Krisiaren lehen egunetan babes materialik gabe aritu ziren: «Ez geneukan ezer; edukitzekotan, etxetik eramandako maskarak». Orain derrigorrezkoa da denda barruan maskara erabiltzea, baina agindu hori auzitan jarri du enpresak: «Esan digute maskara gabe datozenei ez debekatzeko sartzea, arreta emateko eta saltzeko gaudela. Erantzun nien ezin dugula halakorik onartu, BOEk kontrakoa badio. Hori etxetik esan digute, baina gu hemen gaude, hau guztia jaten, eta etxera itzultzean zerbait harrapatu dugun jakin gabe. Osasunaren aurretik dirua jarriko dute?».

Minduta dago: «Ez dugu inolako aitortzarik jaso; ez da kontuan hartu kutxetan, biltegietan edo kamioetan aritutakoek egindako lan izugarria». Aitortzak ez du zertan dirutan etorri: «Enpresak 250 euroko pizgarri bat eman digu, eta gustura jaso dugu, baina atseden egun batzuk eskertuko genituzke: leher eginda gaude, eta bizkarra txikituta daukagu. Aldiz, entzun behar dugu ez dela hainbeste fakturatu, nahiz eta badakigun egun batzuetan ohikoaren ia laukoitza saldu dugula».

«Osasun langileen azken parte gisa sentitzen gara»

 

ALAINE ARMSPACH Anbulantzia gidaria

«Bazterrera utzia» sentitu zen Alaine Armspach anbulantzia gidaria (Baiona, 1996) krisi garaian. Maskararik gabe aritu behar izan zuten denbora anitzez. Erakundeengandik ere sostengu gutxi izan dutela aitortu du: «Inork ez gintuen aipatzen, eta luzaz ez dugu ukan erakundeen partetik neurri berezirik. Berez, Eskualdeko Osasun Agentziak ezartzen dizkigu baldintzak, baina krisi garaia oso luzea izan da, eta gure baitarik antolatu behar izan dugu dena». Anbulantzia barnean ere, babes berezirik gabe aritu dira, «nola hala». Osasun egitura batetik bestera ibili zen pazienteak eramaten. Baina hor ere, «inkoherentziak izan dira». Azaldu du toki batetik bestera protokolo sanitarioa aldatzen zela, eta beti «egokitu behar» izan dutela, «behar bezalako materialik» ez izan arren.

Baina minik handiena eragin diona ez da lanean gertatu. «Lanik ez nuen egun batean, nire nagusiak mezu anonimo bat jaso zuen anbulantzia autoan. Papertxo batean eskatzen zioten auzotik urrunago aparkatzeko, jendea ez kutsatzeko». Horren berri ukan bezain laster, Armspach ezin izan da «deus egin gabe» gelditu, eta berehala deliberatu du sare sozialetan partekatzea. «Beharrik», jende anitzen babesa ukan du zabaldu zuen mezuak. Haren ustez, «balio izan du jendea ohartzeko zer baldintzatan» aritu diren lanean. «Aitortza gutxi, eta, gainera, mehatxuak...», deitoratu du. Egoerak ez du harritu, ordea. «Aparte utziak izateko usaia badugu. Hierarkia zinez sentitzen dugu, eta aitortza guti du gure lanbideak. Osasun langileen azken parte gisa sentitzen gara».

Geroari begira, ez du esperantza handirik Armspachek. Zergatik? «Konfinamendu denborako txaloak bat-batean gelditu dira maiatzaren 11n [konfinamendua arintzeko lehen eguna Ipar Euskal Herrian]. Lehen egunetik ez zen gehiago nehor balkoietan». Bestalde, jendearen «axolagabekeriak» beldurtzen du: «Denak kanpoan dira deus gertatuko ez balitz bezala. Pixka bat harrigarria egiten zait, eta etorkizunari begira kezkatzen nau, zinez».

«Betiko agurra ezin egiteak zaildu egiten du dolua»

 

MIKEL IDOATE Izarra beilatoki kateko kudeatzailea

Alarma egoeran, apirilaren 1ean beilatokiak itxi ziren, eta hilerrietan hiru pertsonako muga ezarri zen hildakoari azken agurra emateko. Izarra beilatoki kateko kudeatzaile Mikel Idoateren hitzetan, «Madrilen hartu zuten erabakia, hango egoera kontuan hartuta». Neurri hark euren jarduna ezinbestean baldintzatu zuen, gertukoren bat galdu dutenen sentipenari ezinbestean eragin ziolako, eta agurra egiteko modua «gogortu». Izan ere, Idoateren hitzetan, beilatokiek «funtzio soziala» dute: «Agurra ondo egitea ezinbestekoa da dolu egoki bat izateko. Betiko agur hori ezin egiteak zaildu egiten du dolua».

Idoatek azpimarratu du Izarran azken agur hori bestela ematen ahalegindu direla. «Uste dugu prebentzio neurriak uztartu daitezkeela agur gizatiar batekin». Ezinbestekotzat jo dute sendiei informazioa ematea. «Saiatu ginen hildako bakoitzaren kutxaren ondoan, familiak ekartzen zizkigun argazkiekin eta objektuekin batera, eskutitzak jartzen eta musikarekin bideotxo bat egiten, edo bestela senideei argazkia bidaltzen, jakin zezaten haiek han zeudela, modu emozional batean». Familiek asko eskertu dute keinu hori. «Guk ere eskertu dugu haien adeitasuna eta ulermena».

Lantaldearen profesionaltasuna ere nabarmendu du Idoatek. «Beti esan izan dut ez dela lan bat, ogibidea baizik». Aste batzuetako egoera zaila izan da, baina erronkari eutsi diotelakoan dago: «Datuak hor daude. 15-20 egunez, hildako kopurua asko igo zen. Hori kudeatzen jakin behar zen. Irudipena dut prest egon garela. Zerbitzu bakoitzari azkar erantzun diogu. Inguruko iskanbilak urduritasuna sor zezakeen taldean, eta askoz lan gehiago izan dugu, bai, baina gainezka egotearen sentsaziorik behin ere ez dugu izan». Apirilaren 17tik, heriotza kopurua ohikoa da, eta apurka normaltasuna berreskuratu dute. Ona izan da beilatokiak irekitzea, garbitasun eta segurtasun neurriak hartuta. «Normaltasunera itzuli gara. Mundu guztiak egin dezake agurra, maskarekin batzuk, bi metroko distantzia gordez... Aldatu egin da. Gizartean bezala».

«Jendeak eskertu egin digu: zerbitzu bat izan gara»

 

MERTXE REKONDO FERRERO Okina

«Egoera, hasieran, gogorra izan da, latza». Metakrilatozko xafla baten gibelean dago Mertxe Rekondo Ferrero (Lesaka, Nafarroa, 1969), ogia saldu ohi duen lekuan. Haren azpian, Dirua hemen dioen erretilu txiki bat, bezeroek haren eskuak ukitu gabe ordain dezaten. Konfinamendua hasi zenean irekita segitu zuten Lesakako komertzioetariko bat da Izarra okindegia, eta ogi saltzailea Rekondo. Kexu da hasierako noraezaz. «Ez zitzaigun inor etorri gauzak garbi eta zuzen erratera. Bakoitzak bilatu behar izan du bere modua». Kutsatzeko beldurrez hasi ziren lanean, ia babesik gabe. «Zure aldetik hasi behar zenuen maskarak bilatzen, hidrogela... Eta hasieran ez zegoen. Joaten zinen farmaziara, eta: 'Alkohol pote bat?'. Eromena zen». Euren osasunaz ziren beldur, baina baita okindegiagatik ere. «Kontua zen langileak eta gu ez eritzea. Enpresa txikia da, bortz lagun gara, eta batek huts egiten bazuen, salduta geunden». Onartu du gustura gelditu izanen zela etxean, baina jakitun zegoen ezin zutela: «Egon gara, eta saiatu gara ahalik eta hobekien egiten».

«Produkzio aldetik lan gutiago egin dugu, gure bezeroak ziren ostalaritzakoak eta fabrikako eta eskolako jantokiak itxiak zeudelako. Baina lan karga handiagoa zen, lan egiteko moduagatik». Ilarak egin zaizkie, eta bezero bakoitzarekin «denbora pila bat» pasatzen zuten, dendaren edukieragatik. Zenbat ogi egin kalkulatzea ere ez zaie erraza izan: «Jendeak ogi kopuru hagitz handiak eskatu ditu». Bitxikeriak ere bai: «Uste dut ez dugula inoiz hainbertze irin eta legamia saldu!». Jendeak etxean egin baititu pastelak eta ogia bera. «Itxi behar zenuen hau, garbitu, eta utzi irin poltsak prest hurrengo egunerako».

Kanpora begirako lanaren ondotik, hain zuzen, dena desinfektatzea egokitu zaio Rekondori. «Etxera leher egina ailegatzen nintzen». Eta etxekoak kutsatzeaz beldur: «Eramanen ote zenien mamorroa». Ahizpak izan ditu ondoan, eta herriko jendearekin ere eskertua dago, oro har. «Izan dira egoera zailak, baina gehienekin ez. Jendeak eskertu digu hemen egotea: zerbitzu bat izan gara».

«Nekazaritza intentsiboaren alde aritu da Jaurlaritza»

 

AITZOL ITURBE Baserritarra

Barazki ekoizleentzat udaberria salgai gutxiko garaia dela azaldu du Aitzol Iturbek (Antzuola, Gipuzkoa, 1990), baina, osasun krisian, zeukatena saltzea lortu dute: «Gure ohiko salmenta bideetan handitu egin da eskaria, eta eskura genuena erraz saldu da». Antzuolan du nekazaritza proiektua; azken hilabeteotan lanean jarraitzeko aukera izan du, eta pozik mintzatu da, bere lana pixka bat gehiago baloratu duelako jendeak. Haren arabera, baserritarren jarduna «nahiko prekarioa» da, baina egoera honek aukera eman die «lasaiago» aritzeko. Halere, aitortu du nekazaritza eta abeltzaintza sektoreetako ekoizleak nahiko larri ibil direla: «Tabernak, jatetxeak eta jantokiak izan ohi dira ekoizle askoren bezeroak, bertatik lortzen dituzte mozkinetako batzuk; hor arazo bat egon da».

COVID-19ak sektore horretan eragin duen egoerari irtenbide bat aurkitu nahian, proiektu herritar batzuk sortu dira Euskal Herrian; Baserriko Plaza, esate baterako. Iturbek halako egitasmoak begi onez ikusten ditu; ez, ordea, erakundeek izan duten jokabidea. «Eusko Jaurlaritzaren jarrera lotsagarria izan da, salmenta gune handien alde aritu da, nekazaritza intentsiboaren defentsan; logika kapitalistari erantzuten dion eredua babesten, hain zuzen». Azokak antolatzeko arauen inguruan hartutako erabakiak ere salatu ditu: «Azokak modu seguruan eta txukunean egin zitezkeen eta egin dira, baina Jaurlaritzak horretarako oztopoak jarri ditu».

Datozen hilabeteei dagokienez, jada aurrez zegoen «miseria» areagotu egingo dela uste du barazki ekoizleak, eta haien egoera ere ez dela hobetuko. Nolanahi ere, gaineratu du nekazaritzak «beti bezain garrantzitsua» izaten jarraituko duela, eta garrantzitsua dela herritarrak errealitate horretaz jabetzea: «Orain diruarekin lortzen dugu guztia, baina agian dirua lortzeko gaitasun horiek murriztu egingo dira, eta ezin izango ditugu gauzak kanpotik ekarri». Iturberen ustez, beharrezkoa da elikagaiak nondik datozen eta nola eginda dauden jakitea: «Elikadura burujabetzak izan behar du oinarria».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.