Koronabirusa

«Trantsizioa» hasi dela esan, eta gaueko aisialdia baimendu du Labik ere

Gauetan, oro har, goizeko hirurak arteko jarduna onartuko da, eta dantzalekuak-eta irekiko dira. Adineko pertsona denei txertoaren hirugarren dosia jartzekoa da Jaurlaritza

Ostatuak. Taberna baten barruko aldea Gasteizen, pandemian, artxiboko irudi batean. JON RODRIGUEZ BILBAO / EFE.
Edurne Begiristain - Arantxa Iraola - Uxue Rey Gorraiz
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Izurritearen bilakaera onbidean dela iritzita, «trantsizio» garai baten aurreneko pausoak ematen hasi direla iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Iritzi bera du Nafarroako Gobernuak, atzotik muga leunagoak baitituzte herrialdean. Orain, bide bertsua hartu du Jaurlaritzak. Bilera egin zuen atzo goizean Labi batzordeak hemendik aurrera Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izurriaren kontra zer neurri hartu beharko diren ebazteko, eta gaueko aisialdia luzatzea erabaki zuen: gaurtik aurrera, goizeko hirurak arte zabaldu ahal izango dira ostatuak. Kultur eta merkataritza jardueretarako ere ordu hori bera izango da muga.

Osasun sailburu Gotzone Sagarduik aurkeztu zituen neurri egokituak. Hiru motibo nagusi eman ditu, neurriak arinduta, «trantsizio» egoera bat abiatzeko. Baga: txerta daitezkeen herritarren %85ek txertoa hartuta, arindu egin da izurriaren larritasuna. Biga: ZIUetan eri gutxiago daude orain, eta «beherakoa» da joera. Higa: hamalau eguneko intzidentzia tasa metatuak 48 egun daramatza apaltzen. Hala, izurria «egoera ezberdin» batean dagoela aipatu zuen.

Intzidentziari dagokionez, atzo jakin zen 100.00 biztanleko 150 kasutik beherakoa dela hiru herrialdeetan. 112,9 kasukoa da Araban, 137,5ekoa Bizkaian eta 145ekoa Gipuzkoan.Horiek horrela, orain esan daiteke hiru herrialdetan «moderatua» dela birusaren transmisioa.Hala ere, oinarrizko prebentzio neurriei eusteko deia egin du Labik, horietan irmo jarraitzekoa: maskara erabili behar da, adibidez, toki itxietan, eta jendea elkarrengandik gertu dagoenean. Era berean, eskuak sarri-sarri garbitzeko eskeak lehengoan dirau, «jende pilaketak» saihestu behar dira, eta toki itxien aireztapena egin. Kirol jarduera eta antzekoetan gehienez barrualdeetan 1.500 lagun batu ahal izango dira, eta 1.800 kanpoko jardueretan. Ostalaritzan %75eko jarduera onartuko da establezimenduen barruko aldeetan, eta barran ezingo da kontsumitu. Toki itxietan zortzi laguneko taldeak onartuko dira; kanpoko aldeetan, terrazetan-eta, hamabikoak. Txoko eta antzekoetan antzera jokatu beharko da, neurri horiek errespetatuta. Dantzaleku eta antzekoetan %50eko jarduera onartuko da, eta debekatuta egongo da barran eta zutik kontsumitzea. Gazteen lokalak irekitzea onartuko da 16-29 adin tartean gazteen %85 txertatuta daudenean. Oraindik, ez.

Samurtze bidean

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Labik hartutako neurriak hizpide izan zituen atzo, Mondragon Unibertsitatearen ikasturte hasierako ekitaldian. Lehendakariaren hitzetan, baliteke bi edo hiru aste barru «urrats sendoagoak» iristea pandemiaren aurreko egoerara itzultzeko bidean. Urkulluk ere berretsi egin zuen sailburuak esandakoa: «Trantsizio» bat abian da, egoera samurrago baten atarian. «Bizitza normalizaturako edo COVID-19aren aurreko bizitza normalizaturako trantsizio etapa batean gaude, eta bi edo hiru aste barru gizarte jardueren susperraldia sendotzeko fasean egotea espero dugu», iragarri zuen.

Hamabost egunerako onartu ditu neurriak Labik, epealdi hori pasatutakoan berrikusteko asmoz. Nafarroan indarrean da gaueko aisialdia arindu duen foru dekretua. Ostatuen itxiera ordubete atzeratu dute: 02:00etara.

Bestalde, txertoa ere oraindik izurriaren aurka egiteko tresna oso garrantzitsua dela gogorarazita, COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosi bat «adineko pertsona guztiei» jartzeko aukeraren alde agertu zen atzo Gotzone Sagardui hedabideen aurrean egin zuen agerraldian. Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak ostegunean erabaki zuen COVID-19aren aurkako txertoa jartzeko era emango zaiela zahar etxeetako egoiliarrei, baina Sagardui aukera hori adineko pertsona guztiei zabaltzearen alde agertu da.

Osasun sailburuaren arabera, urriaren 4an emango du EMA Sendagaien Europako Agentziak txertoaren hirugarren dosiari buruzko behin betiko ebazpena, eta ordutik aurrera, eta foru aldundiekin elkarlanean, «adinekoen egoitzetan txertatzen» hasteko asmoa dute osasun agintariek. Populazio orokorrari begira, aurki txerta daitezkeen herritarren %90 txertatzea espero dutela iragarri zuen Sagarduik. Hego Euskal Herri osoko datuei begira, onbidean, hilabete honen amaieran lortuko da populazioaren %80 txertatuta egotea.

Epaileen erantzuna

Neurrien gaineko eztabaidan, beste atal bat izan zen atzo. EAEko Auzitegi Nagusiko gobernu aretoak ohar bat kaleratuzuen azken egunotan jasotako zenbait kritikari erantzuteko. Idatzian adierazi dutenez, gizarte demokratikoetan epaitegiek eta auzitegiek «zilegitasun osoa» dute ordenamendu juridikoaren arabera pertsonek, elkarteek eta erakundeek egindako jurisdikzio babesaren eskaerak ebazteko. Horrela, babes judizialerako eskubidea gauzatzen dutela gogoratu dute, eta esan hori bera dela zuzenbide estatuaren oinarrietako bat. EAEko Auzitegi Nagusiak dio ebazpenen gaineko kritikak «zilegiak» direla, baina horrek ez duela ahalbidetzen justizia ematen duten epaileen aurkako «eraso pertsonalak» eta «deslegitimizazioak» babestea. Oharra EAEko Auzitegi Nagusiko gobernu aretoak igorri du. Besteak beste, Iñaki Subijana, Luis Angel Garrido, Garbiñe Biurrun eta Reyes Goenaga epaileek osatua da aretoa.

Asteon sortutako polemikaren haria atera du oharra auzitegiak. Erabaki du %60ra handituko dela futbol zelaietako gehienezko edukiera, eta, hala, bizkarra eman die Jaurlaritzaren asmoei; horiek %30ean nahi zioten mugari eutsi. Erabakiaren aurka gogor mintzatu dira asteon Jaurlaritzako eta EAJko hainbat buruzagi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.