Kezken eta itxaropenaren artean

Hegoaldeko bi gobernuen arabera, krisiari buelta ematen hasia da ekonomia, eta aurtengo aurreikuspenak onak dira; sindikatuen ustez, zenbait sektoretan okertu egingo da egoera

jokin sagarzazu
2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Langabeziaren emaitzak ez dira onak. Horretan bat datoz eragile gehienak. Dena den, iritzi kontrajarriak dituzte koronabirusak ekarritako krisi ekonomikoaren ondoriorik larrienak pasatu direla uste dutenek, batetik, eta oraingo egoera krisi sakonago baten hasiera dela pentsatzen dutenek, bestetik.

EUSKO JAURLARITZA
«Erresistentzia gaitasun handia erakutsi du euskal ekonomiak»

Euskal ekonomia aurreikusi baino «erresistentzia gaitasun handiagoa» erakusten ari dela uste du Eusko Jaurlaritzak. Hala ere, horrek ez du ezkutatzen zein «sakona» den pandemiak lan merkatuari egin dion kaltea. Elena Perez Barredo Enplegu sailburuordearen ustez, «beti da positiboa langabeziak behera egitea», baina egungo baldintzetan, barne produktu gordina inoiz baino gehiago erori den honetan, «are inportanteagoa da».

Lana galdu edo lanik topatu ez duten herritarrak gogoan, Perezek azaldu du Jaurlaritzak plan bat egin duela galdutako enplegua «lehenbailehen» berreskuratzeko, eta suspertze hori «kalitate irizpideekin» egin dadin.

Sailburuordeak enpleguen sorkuntza «bizia» espero du 2021ean, «pandemiak ez badu hori eragozten». Horrek, baina, ez du ezkutatzen zein sakona izan den kaltea sektore batzuetan, «batez ere ostalaritzan». Kontratazio berrien kalitate «ahula» ere aipatu du Perezek, emakumezkoen eta gazteen kasuak azpimarratuta.

NAFARROAKO GOBERNUA
«Baikor izateko arrazoiak ere badaude»

Mari Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilariaren ustez, badaude «baikor izateko arrazoiak», nahiz eta lan merkatuaren bilakaera «oso negatiboa» izan den 2020an. Batetik, aurreikuspen ekonomikoek «enpleguaren hazkundea» erakusten dutela azpimarratu du, eta koronabirusari aurre egiteko txertaketa prozesua funtsezkoa izango dela horretan. Bestetik, uste du «lagungarria» izango dela Gizarte Segurantzako afiliazioetan «espero baino jaitsiera txikiagoa» gertatu izana ere. Iragarri du, halaber, datozen hilabeteetan enplegu plan berri bat aurkeztuko duela Nafarroako Gobernuak, eta gaineratu Europako funtsen inguruan ere «itxaropen handia» dutela.

ELA
«Krisi ekonomikoa eta soziala larritu egin da»

Ezkorrago mintzatu dira sindikatuak. ELAren ustez, pandemiaren aurretik zegoen krisi ekonomikoa eta soziala «larriagotu» egin dela erakusten dute langabeziaren datuek. Horien analisia egin du, eta nabarmendu du 25 urtetik beherakoen artean handitu dela gehien: % 42,5. Gogoratu du, halaber, azken urtean enplegu bulegoetan izena eman duten bostetik bat 25 urtetik beherakoa dela. Bestalde, zehaztu du zerbitzuen sektoretik datorrela 2020ko langabeziaren igoeraren zatirik handiena: lanik gabe geratu diren hamarretik ia zazpi. Lan kontratuei dagokienez, 2021an sinatutakoen hamarretik bederatzi aldi baterakoak direla nabarmendu du.

LAB
«Dirudien bainoilunagoa da egoera»

LABek salatu du 2020 amaieran langabeziak utzi duen saldoa «dirudien baino ilunagoa» dela, eta kritikatu du enpresaburuek «kolektibo ahulenak», eta bereziki gazteak, erabiltzea «lan prekarioetarako eta gaizki ordaindutakoetarako erreserba armada gisa». «Lanpostu horiek dira lehen sakrifikatuak egoerak okerrera egiten duenean».

Sindikatuak azaldu duenez, «urte bereziki gogorra» izan da, eta, aurrera begira, zerrendatu egin ditu erronka batzuk. Azpimarratu du lan erreforma indargabetzeko dagoela. «Bere alderdirik kaltegarrienak ere ez dira zuzendu». Eta salatu du Espainiako Gobernuak lanbide arteko gutxieneko soldata izoztea erabaki duela, eta, ondorioz, baita gutxieneko kotizazio oinarria ere. Gogoratu du horren bitartez kalkulatzen direla langabezia prestazioak eta pentsioak, besteak beste, eta funtsezko erreferentzia dela soldatak negoziatzeko orduan..

CCOO
«Ezberdintasun sozialak handitu egingo dira»

CCOOren ustez, 2020an langabeziak izan duen igoera «bereziki kezkagarria» da, aurrera begirako ondorioak izango dituelako, «lan merkatuaren prekaritatea eta ezberdintasun sozialak» handituko baititu. Sindikatuak uste du gazteen, atzerritarren eta emakumeen egoera «oso larria» dela, eta haiei laguntzeko ekintza planak «lehenbailehen aktibatzeko» eskatu du. Horrekin batera, uste du ezinbestekoa dela lan erreformaren «alderdirik kaltegarrienak» indargabetzea, eta enpresariei «konpromiso handiagoa» eskatzea kontratazio egonkorrak egiteko. Era berean, aldi baterako enplegu erregulazioak zabaltzeko eskatu du, COVID-19aren osasun krisiaren ondorioek irauten duten bitartean, eta lanbide arteko gutxieneko soldata igotzeko.

UGT
«Prekaritatearen ondorio dira emaitzak»

UGTk azpimarratu duenez, lanpostuen galera «behin-behinekotasun eta prekaritate handiaren» ondorio da. Zehaztu du ia 300.000 pertsona, lan kontratuak izan arren, lan bila dabiltzala, eta aldi baterako kontratazioa %92 dela. Datu horiek ikusirik, azpimarratu du «enpleguaren kalitatearen aldeko apustua» egin behar dela. Horrekin loturik, Europako funtsak aipatu ditu, eta horrek sortuko dituen lanpostuak zaintzeko eskatu du; sindikatuen parte hartze aktiboa galdegin du proiektu horiek garatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.