Jonathan Caro.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Urte bat, galera ugari

2021eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Urteurrenek ospakizunak ekarri ohi dituzte, baina pandemiaren «urtebetetzeak» ez du ospakizunik merezi. Urte bat igaro da pandemiaren baieztapen ofiziala gertatu zenetik eta gauzak bat-batean aldatu zirenetik. Bada garaia atzera begiratzeko eta zer galdu dugun aztertzeko, galerak ugariak izan baitira.

Burura etortzen zaizkidan lehenengo galerak bizitzak dira. Milaka eta milaka bizitza itzali dira azken urtean koronabirusaren ondorioz. Euskal Herriko zahar etxeetan mila bat lagun hil dira pandemia honetan, mila bat familia apurtuta, mila bat bizi-proiektu agortuta.

Profesionalok ere geure galerak pairatu ditugu. Osasun langileen eta zaintzaileen artean heriotza asko gertatu dira birusak jota; hori dela eta, beldurra, nekea eta isolamendua gure sorbaldetan egon dira urtean zehar. Zahar etxeetan lan egiten dugunok hainbat galerari aurre egin diegu: alde batetik, egoiliarren heriotzak; beste aldetik, zaharren egoitzetako giroaren aldaketa bortitza; eta azkenik, gizartean geneukan irudiaren endekapena. Bizitzak ezin dira berreskuratu, baina zahar etxeen «bizitza» eta gizarteak guregan zeukan konfiantza berreskuratzea premiazko kontuak dira.

Minutuak, orduak, egunak eta hilabeteak galdu dira. Zaharren egoitzetan bizi diren pertsonek, orokorrean, bizi itxaropen murritza daukate. Euren familiek haiek bisitatzeko eta besarkatzeko daukaten astia ere mugatua da, eta birusak ordu horiek bahitu ditu. Gainera, prebentzio neurri gogorrek eta intzidentzia maila altuek besarkatzeko aroa atzeratu dute. Ondorioz, besarkadak, musuak, paseoak, elkarrizketak eta ospakizunak galdu dira; baliteke etorkizunean berreskuratzea, baina joan diren besarkadak ez dira inoiz bueltatuko, eta eman ez diren musuak eman gabe geratuko dira betirako.

Badakit lerro ezkorrak direla hauek, baina pasatutako garaia oso latza izan da; hala ere, irabaziak aurki ditzakegu esperientzia honetan. Alde batetik, zaharrentzako zerbitzuen egoera ezagutzeko eta hobetzeko aukera eman digu; bestetik, adineko pertsonek egoera larriei aurre egiteko daukaten indarra erakusteko aparteko oportunitatea izan da. Osasun langileok jainko ez garela ere argi geratu da, eta, aldi berean, gure egoiliarrak babesteko dugun joera geldiezina mahai gainean ipini da. Beraz, galera ugari eduki ditugu, baina gauza berriak ikasteko, txarto egin duguna zuzentzeko eta bikain egiten duguna indartzeko aukera ezin da galera bilakatu; aldiz, gizarte osorako etekina bihurtu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.