arantxa iraola
Koronabirusa. ANALISIA

'Izurria': ez da hitz atsegingarria

2022ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
COVID-19ak eragindako osasun krisian, ezinbestekoa izan da hainbat eta hainbat zientzialarik eta zientzia komunikatzailek egin duten ekarpena. Lanaren neurriari eta kalitateari begira, guztiz goresgarria. Sare sozialetan zein hedabideetan, lehen lerroan jarri dira zientzialari asko, eta mundu zabaleko ikerketen amaraunean xerkatzen, izurria ulertzen laguntzeko datuen eta aurkikuntzen berri eman dute; horiei buruzko argibideak eman dituzte; gertatzen ari dena interpretatzeko gakoak azaldu dituzte, eta izurriari aurre egiteko asmoz hartu diren erabakiei buruzko balorazioak ere egin dituzte. Euskal Herriko hedabideetan, sare sozialetan usuen aipatutako gaietan, sarri-sarri eta oparo agertu dira, eskuzabal, eta haien argibideak izurriari buruzko kazetari lanak egiteko euskarri ezinbestekoak izan dira. Esker ona besterik ezin zaie erakutsi. Haien azalpenei esker lortu du gizarteak hainbat ezagutza barneratzea, askotan instituzioek esan izan dutenaren aurka.

Adibideak askotarikoak dira. Instituzioak, adibidez, nagiak eta motelak izan dira izurria kontrolpean hartze aldera aireztapen onak duen garrantziari buruzko erabakiak hartzeko garaian, eta aerosolek birusaren transmisioan duten garrantziari buruzko azalpenak eta ezagutza lortu dira, hein handi batean, hainbat zientzialarik egin duten komunikazio lan handiari esker. Instituzioek, halaber, behin baino gehiagotan eman dituzte normaltasunera itzultzeko mezu aski hanpatuak, izurriaren amaiera hizpide, eta zientzialari eta zientzia komunikatzaile askoren azalpenak beharrezkoak izan dira ulertzeko lerroburu horiek funtsik ez zuten nahiekin eta interesekin puztuta zeudela. Prebentzioaren izenean agintariek defendatu dituzten hainbat erabakirekin ere, antzera; auzitan jarri dituzte usu zientzialariek, argibideak emanda.

Irrist egingo zuten inoiz, bi urteotan ikusi eta ikasi behar izan direnak ez baitira nolanahikoak izan, baina horretan ere ahalegin handia egin dute askok; zientziak aurrera nola egiten duen azaldu dute behin eta berriz: gaurko ezagutzak bihar lortuko direnekin osatzen direla adierazi dute. Pedagogia egin dute, pazientzia handiz. Eta nekaezin. Zail da ulertzen indarra nondik atera duten.

Sutan probatzen da nolakoa den eltzea. Eta, kasu honetan, krisi egoeran ere erantzuten dakien komunitate trinko bat ikusi da zientzia komunikazioaren inguruan. Poztekoa da hori. Kontrara, kezkatzekoa da zientzialarien argibideek zer leku gutxi izan duten instituzioek izurriari buruzko argibideak emateko antolatu dituzten agerraldi publikoetan. Arduradun politikoek hartu dute kasu gehienetan hitza; lehendakariek, kontseilariek. Adituak aipatu dituzte usu, zientzialariak, baina oso gutxitan agertu dira haien ondoan, haien txostenak eta ikerketak eskuetan hartuta: haiek azaltzen. Osasun krisi batean komunikazioa oinarri-oinarrizkoa dela aintzat hartuta, harrigarria bezain kezkagarria izan da hori.

Gobernuek, gainera, badituzte gizartearengana heltzeko baliabideak. Komunikaziora zuzendutako azpiegitura sendoak dituzte, eta erruz erabiltzen dituzte. Sarri, beren aldeko mezuak goraipatzeko. Abilak dira tituluak sortu eta hedabideetan horiek zabaltzen, beren jardunaren aldeko mezuak hauspotzeko, eta eraiki nahi dituzten egiak, behin eta berriz errepikatuta, gizartean zuztartzen ahalegintzeko. Munduan, bere zabalean, ia dena asmatuta badago ere, aitzindariak dira plazaratzen dituzten egitasmo gehienak; elkarrizketa aipatzen dute etengabe, aldebakartasunean eroso ari denaren jarrerarekin usu; hazkundea eta hobekuntza hitzak lerroburu askotan errepikatzen dituzte, hazteko eta hobetzeko era gehienak jarduera ekonomikoarekin lotuta ia beti. Eroso azaltzen dira mezu atsegingarri horietan katigatuta. COVID-19ari buruz jardutean, ordea, hain laketgarriak ez diren mezuak josi behar izan dituzte askotan, eta deseroso azaldu dira hor, errealitate hori atzean utzi, eta lerroburu adeitsuagoak ekoizten hasteko irrikan. Gobernatzean zientzia irizpideez bestelakoak ere aintzakotzat hartu behar izatea ulergarria da, ez da erraza izan instituzioei egokitu zaien erronka, baina komunikazioan kontraesan ahalik eta urrienak izateak, eta ahalik eta koherenteen jarduteak oinarrizkoa behar luke. Osasun krisi batean bereziki.

Asteburuan manifestazio jendetsua egin dute Bilbon osasun ziurtagiriaren aurka, eta, halako protestetan maiz gertatu ohi denez, bestelako mezu ugari nahasi dira. Aldagai asko hartu behar dira kontuan mugimendu hori hartzen ari den indarra ulertzeko, baina instituzioetatik sustatu den politika komunikatiboaren mugek ere ez dute batere lagundu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.