LGTBI+ behatokiak «presazko neurriak» eskatu ditu kolektiboa babesteko

Baieztatu dute pertsona berak egin zituela lau hilketa, eta lotura izan dezaketen beste lau kasu ikertzen ari da Polizia

Bilboko Alde Zaharrekoak ziren lau biktimak. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Euskal LGTBI+ Behatokiak Bilboko Alde Zaharrean jazotako lau heriotzen atzean dagoen «LGTBI+ fobia» salatu du, eta horien aurka mobilizatzera bultzatu du «gizarte osoa». Izan ere, kasu horren inguruan sekretupeko ikerketa bat abiatu du Ertzaintzak, atzo Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez.

Lau gizonezko horien heriotzak lotzen dituen hainbat zantzu aurkitu ditu Poliziak, El Correo hedabideak aditzera eman duenez. Batetik, guztiak joan den urteko irailetik urrira bitartean agertu ziren hilda Bilboko Alde Zaharrean; hasieran, guztiak modu naturalean hil zirela pentsatu zuten familiartekoek eta Poliziak. Bestetik, guztiek erabili zuten gizonezkoekin zitak edukitzeko Wapo aplikazioa. Eta azkenik, hil ondorengo egunetan dirua desagertu zen gizon horien kontu korronteetatik.

Azken zantzu horrek piztu zion kezka hildakoetako baten anaiari. 43 urte zituen hildakoak, eta anaiak, hura hil eta egun batzuetara haren kontu korrontetik dirua desagertzen ari zela ikusita, salaketa bat jarri zuen. Orduantxe hasi zen ikerketa, eta, autopsia egin ondoren, hildakoari estasi likidoaren arrastoak aurkitu zizkioten odolean.

Ertzaintza jabetu zen Bilbon garai bertsuan antzeko kasu batzuk jazo zirela, eta, orain, gainontzekoen odola desizozten ari dira —hozkailu batean izozten dute, zero azpitik 80 graduan, gerora beharrezkoa balitz aitatasun edo DNA probetan erabiltzeko—, analisiak egin eta horiek ere estasi hondarrak ote dituzten argitzeko. Estasi likidoa dosi handietan edo alkoholarekin nahasita hartuz gero hilgarria izan daitekeela azaldu dute adituek, eta menderatze droga moduan erabili ohi dela, ez duelako kolore, zapore edo usainik, eta gorputzetik ere azkar desagertzen delako. El Correo -k argitaratutakoaren arabera, orain Ertzaintzak ustezko hiltzaileari beste lau krimen egozten dizkio, eta identifikatuta daukate, baina oraindik ez dakite non dagoen. Gainera, hedabideak azaldu du Poliziak ez duela baztertzen Euskal Herritik kanpo ere beste hilketa batzuk egin izana. Hala ere, Zupiriak esan duenez, ikerketa sekretupean dago, eta iturri ofizialek ez dute oraindik informaziorik baieztatu.

Protestarako deia

Lau gizonen hilketen kontra ez ezik, LGTBI+ Behatokiak azken egunetako gainontzeko erasoen kontra ere mobilizatzeko deia ere egin du. Izan ere, Santurtzin gizonezko batek salatu du beste gizon batek bortxatu duela, eta Zornotzan ere eraso egin diote LGTBI kolektiboko beste kide bati. Behatokiak, gizartea protestara deitzeaz gain, Eusko Jaurlaritzari ere galdegin dio «prebentzio politika eraginkorrak» antolatzea, «halakorik ez gertatzeko eta gizarte osoa berriz hezteko».

Neurri praktikoak eskatu ditu arlo juridikoan: «Premia ikusten dugu lege esparrua hornitzeko LGTBI+ euskal lege integral baten bidez. Lege horrek pedagogia argia egingo du, anbiguotasunik gabe eta ezer ezkutatu gabe, kolektiboa aitortu eta berariazko babesa emateko gure arazo guztien aurrean, arazo horiek oso heterogeneoak baitira, eta era guztietako indarkeria sistematikoen eraginpean jartzen baikaituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.