Nafarroa Oinez Erriberara itzuliko da 2019an, Argia ikastolaren eskutik

Tuterako ikastolak antolatuko du heldu den urteko festa, 'Izan argi!' lelopean. Iñigo Aritza ikastolak aurtengoaren balorazio ona egin du

Iñigo Aritza eta Argia ikastoletako arduradunak, atzo. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Erriberara itzuliko da Nafarroa Oinez. Altsasuko Iñigo Aritza ikastolari lekukoa hartuta, heldu den urteko festa antolatzeaz arduratuko da Fontellas eta Tutera artean dagoen Argia ikastola. Atzo aurkeztu zituzten 2019ko leloa eta ikurra, Nafarroako Ikastolen Elkartean. Urriaren 20an eginen dute festa, eta ikastolako arduradunek helburu gisa hartua dute egun hori «Erriberako herritar guztien festa eta erakusleiho» bihurtzea.

Izan Argi! izanen da hurrengo urteko Nafarroa Oinez-en leloa. «Euskara eta ikastola dira goiburuaren ardatzak, eta horrekin egin dugu hitz jokoa», azaldu zuen agerraldian ikastolako zuzendari Argiñe Kortak. «Euskara da gure hizkuntza eta gure kulturaren zutabea, eta ikastola, berriz, gure hezkuntza eredua». Irudiak, berriz, eguzki izpiei egiten die erreferentzia, ikastolak eskualdean duen eraginarekin parekatuz: «Eguzkitik abiatzen gara. Gure festak, Argia ikastolan jaio, eta Tutera eta Erribera osoa hartuko ditu».

Maite Elias Uria azkoitiarrak diseinatu ditu festaren elementuak. Marketinean eta irudi korporatiboan aditua da, eta hainbat ikastolaren jaietako eta Korrikako logoen egilea.

Atzoko agerraldian, bestalde, iragan urriaren 21eko Nafarroa Oinez-en balorazioa egin zuen Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak: «Oso esperientzia ona izan da, biribila. Oinez egunari dagokionez, giro paregabea izan genuen, eguraldi bikaina eta familia giro ederra», azaldu zuen Eneida Carreño ikastolako lehendakariak.

Eguneko ekitaldi aipagarrienen artean, kirol erronkak eta Haurren Hiria egitasmoak nabarmendu zituen Carreñok. «Horrekin batera, inklusioaren erronka jarri genion geure buruari, eta kontent esan dezakegu helburua bete dugula. Antolatu ziren lantegietan zein ibilbidean txertatu genuen inklusioaren kontzeptua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.