Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Koronabirusa

Txina, V-aren aldeko apustuan

Maiatzaren Leheneko zubi luzeak normaltasunaren lehen zantzuak erakutsi ditu Txinan. Turismoa berpizten hasi da, eta kontsumoa, krisi aurreko mailatik urruti egon arren, osatzeko bidean dago. Pekingo gobernuak neurri sendoak hartu ditu normaltasuna lehenbailehen berreskuratzeko.
Turista bat Pekingo Tiananmen plazan, Mao Tse Tungen irudi erraldoiaren azpian.
Turista bat Pekingo Tiananmen plazan, Mao Tse Tungen irudi erraldoiaren azpian. WU HONG / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Zigor Aldama -

2020ko maiatzak 14 - Shanghai

Parkeak eta pasealekuak jendez lepo; mendiak gora eta behera doazen pertsona ilarekin jantziak, bakoitza bere bidetik, hori bai; jostorratz bat hartzeko gai ez diren hondartzak; eta terrazak bete-beterik dituzten tabernak, tarte sozialik zaindu gabe. Orain aste batzuk ezinezkoak ziruditen irudiak utzi zituen Txinako Maiatzaren Leheneko zubi luzeak. Beste irakasgai bat ere erakutsi du oporraldi txikiak: normaltasun berria normaltasun zaharra bezalakoa dela, baina maskararekin.

Oporraldia suzko proba bat izan da desberdinak diren bi esparrutan: batetik, balioko du pare bat aste barru erakusteko eraginkorrak ote diren epidemiaren bigarren olatua eragozteko Txinak hartu dituen segurtasun neurriak. Oilo ipurdia jartzeko irudiak ikusi baitira eremu turistikoetan, esaterako Hangzhouko Mendebaldeko Lakuan, Shanghaiko Xintiandiko tabernen eremuan, eta Shenzhengo hondartzetan. Bestetik, kontsumoaren susperraldiaren arrakasta zenbatekoa den ikusteko termometroa izan da.

Estatistikak oso argiak dira: maiatzaren 1aren eta 5aren artean, 115 milioi bidaia egin zituzten txinatarrek, eta 6.100 milioi euro baino gehiago gastatu zituzten. Aurreko urteko zubiarekin alderatuta, kopuru apalagoak dira horiek. Zehazki, bidaia kopurua %41 txikiagoa izan da, eta diru sarrerak 9.000 milioi apalagoak izan dira. Baina esperantzarako hauspo garrantzitsu dira, kontsumoa uste baino azkarrago suspertzeko gai dela erakusten dutelako.

«Indarrean dauden debeku guztiak kontuan hartuta —Txinako turismo guneen %30 itxita daude oraindik eta beste hainbat muga jakinekin hartu dituzte bisitariak—, kopuru izugarriak dira», esan dio Peking Universityko irakasle Cao Hepingek Global Times egunkariari. Txinako prentsa ofizialak hainbat analistarengana jo du errealitate baikorra erakusteko helburuarekin, eta aditu horiek ados dira munduko bigarren ekonomiak uste baino azkarrago gaindituko duela urteko lehen hiruhilekoan jasotako jipoia; BPGaren %6,8ko erorikoa izan zuen urtarriletik martxora.

L bat, U bat edo V bat. Munduko herrialde guztiek aurrez aurre duten galdera handia da beren ekonomiak zein joera hartuko duten koronabirusaren pandemiaren ostean. Txinak baikorrenaren aldeko apustua egin du: garaipena islatuko lukeen V-aren aldekoa. Banku Zentraleko gobernadore Yi Gangek iragarri du hazkunde ekonomiko azkar bat izango dela urteko bigarren hiruhilekoan, «herrialdearen gaitasunaren pareko tasa bat lortu arte». Yik gaineratu du Asiako erraldoiaren lehentasuna enplegua dela, eta, horregatik, enpresa txikien eta ertainen likidezia arazoak konpontzeko helburua dutela gidatzen duen erakundearen politika makroekonomikoek.

Luis Galanek, 2Open komertzio elektronikorako aholkularitza enpresako fundatzaileak aitortu du bere enpresak jaso dituela gobernuak onartutako laguntzetako batzuk. «Batetik, enpresen zerga BEZ moduko bat da, eta diru sarreren arabera pagatzen da; bada, erdira jaitsi da tasa, %6tik %3ra. Bestetik, Gizarte Segurantzaren kuotak apaldu egin dituzte bost hilabetez, erdira».

Fagor Automationeko Asiako arduradun Iñaki Antoñanzasek, berriz, kalkulatu du laguntza horiek guztiak lantalde osoaren soldata baten parekoak direla, eta erantsi du enpresaren instalazioen alokairuak merkatu egin direla, egoera ekonomikora egokitzeko.

Baina ezer gutxirako balio du horrek publikoak ez badu kontsumitzen. Urtarriletik martxora txinatarren diru sarrerak %3,9 uzkurtu ziren batez beste, eta kasik %5 landa eremuetan. Mundu mailako ziurgabetasuna ere hor dago, eta horrelakoetan aurreztera jotzen dute herritarrek, ez gastura. Beraz, hala agintariek nola atal pribatuak martxan jarri dituzte hainbat ekinaldi hain garrantzitsua den kontsumoa pitz dadin.

Guangzhouko ardo inportatzaile Carlos Mirandak azpimarratu du deskontu bonuen neurria, Guangdong probintzian ezarriak lehenik eta Txina osora zabalduak gero. «Gobernuak QR kode batzuk ateratzen ditu astero; sakelakoarekin eskaneatuz gero, deskontuak lortzen dira aste horretan: adibidez, hiriko dendetan 150 yuan gastatzen badira, 50 aurrezten dira. Beraz, denak kodeak eskaneatzen gabiltza orain, eta mota guztietako erosketak egiten».

Kupoien garrantzia

Itxuraz, sistema badabil. Shanghaik, Txinako hiriburu ekonomikoak, komertzio elektronikoan aritzen diren plataformekin adostu du kontsumitzaileei kupoi horiek ematea 6.700 milioi yuanen balioarekin (116 milioi euro). «Hiritarrei esku dirutan emandako kopuruekin alderatuta —Hong Kongen egin duten moduan—, sistema hau eraginkorragoa da kontsumoa hauspotzeko, Txinako herritarrak aurreztera ohituta baitaude», diote Shanghaiko agintariek. 24 milioi biztanle ditu hiriak, eta ekainaren 30era arte indarrean izango da kupoien sistema hori.

Gobernuaren deskontu-bonu horiez gain, txikizkako merkataritzak beste hainbat eskaini ditu, batik bat tabernek eta jatetxeek. «Maiatzaren Leheneko zubiko egunak espero baino askoz hobeak izan dira. Iaz baino bezero gutxiago izan ditugu, baina batez besteko gastuak gora egin du», dio Lu Pingek, Shanghaiko gau giroko taberna bateko arduradunak. Haren aretora sartzeko ilarak egon ziren asteburuan.

«Kupoiek gure irabazia txikitzen dute, bai, baina bezeroak erakartzeko balio dute, eta gastuak estaltzeko. Horrelako neurririk gabe, ezin genioke aurre egingo alokairuari eta soldatei, eta ixteko bidean ginateke», azaldu du Chen Haibok, Beef & Liberty hanburgesa kateko arduradunak. 50 yuaneko deskontua lortzeko kupoiak banatzen izan da, 150 yuaneko kontsumoetan baliatzeko. «Neurri horrek balio du kalera ateratzeko eta kontsumitzeko ohitura berreskuratzeko, bezeroei konfiantza emateko koronabirusaren aroan». Jangela beterik dauka, estrategiak emaitzak eman dizkio eta.

Beste negozio batzuek ez dute behar pizgarririk eskaera erraldoiak lortzeko. Tifaniss Queen da horietako bat, eztei argazkietako alorrekoa. «Bi hilabetez itxi behar izan genuen, eta bikote askok ezkontza bertan behar utziko zutela pentsatu genuen. Baina ez da horrela izan. Aitzitik, ilusio handiagoa dago orain, eta batzuek produktu garestiagoak hartu dituzte orain». Hongkouko bulegoko langile Lin ez dabil gezurretan: bezeroen joan-etorria etengabea da Tian'aiko kalean. Erromantikoak izan nahi duten argazkiak ateratzen dituzte.

Aurrekotik urruti

Txinako sistema kontsumoa suspertzeko eta jarduera berreskuratzeko abantailak ematen dituen arren, argi dago izugarri zaila izango dela pandemiaren aurreko kopuruak lortzea. Txinako Turismo Akademiak aurreikusi du aurten 932 milioi bidaia gutxiago egongo direla 2019an baino, eta horrek 151.000 milioi euroren galera ekarri diola sektoreari. Eta eskaera globalaren geldialdiak, gainera, nabarmen eragingo dio industriari eta kanpo merka- taritzari.

Galanek ordezkatzen dituen enpresek gero eta gehiago saltzen dute ziberespazioan. «Offline ataletik online-ra doaz salmentak; martxoan %10 hazi dira, eta %30eko kuota daukate jada merkatu osoan. Azaroan lortu izan dute maila hori, ezkongabeen egunean». Komertzio elektronikoa hazi den arren, horrek ez du esan nahi kontsumoa orokorrean hazten ari denik. «Hazkunde horrek ez du %20ko erorikoa orekatzen».

Edonola ere, analistek uste dute normaltasuna berreskuratzea zaila izango den arren, Txinak badituela tresnak eta indarra helburu hori lortzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Miarritzeko Enplegu Zerbitzu Publikoa, artxiboko irudi batean. ©BOB EDME

Langabe saria lortzeko baldintzak zorroztu dituzte Iparraldean

Oihana Teyseyre Koskarat

Lan egin beharreko gutxieneko epea luzatu du Frantziako Gobernuak, eta saria apalagoa izanen da. Sindikatuek salatu dutenez, «prekarioenak prekarioago» eginen ditu
Tabernari bat bere negozioko kutxa elektrikoa erabiltzen. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Sanchezek argindarren promesari eutsi arren, kontuak ez dira ateratzen

Xabier Martin

Azaroan %68 igo da argindarra, eta Espainiako Gobernuaren 2018ko prezioen promesa urrunago dago. Adituek diote «ezinezkoa» dela.

Astearte honetan Ondarroan eginiko manifestazioa ©CCOO

Ia erabateko erantzuna izan du Bizkaiko arrain kontserbetako grebak

Jokin Sagarzazu

Soldata eta lan baldintza «duinak» eskatzen ari dira, baina salatu dute patronalak blokeatu egin dituela lan hitzarmena berritzeko negoziazioak. Mila langile inguru ditu sektoreak, gehien-gehienak emakumeak.

Jon Ander de las Fuentes Guuk-eko presidentea eta Juanan Goñi kontseilari ordezkaria. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Guuk konpainia osorik erosi du Masmovilek

Xabier Martin

Telekomunikazioko euskal konpainia horren %40 beste akziodunen esku zegoen, eta zati hori bereganatu du orain.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Zigor Aldama

Informazio osagarria

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.