Jose Francisco Valls Gombau epailea hasi da A-9ko bozketagatik Artur Mas, Joana Ortega eta Irene Rigauren kontra Estatuko Fiskaltzak ezarri zuen kereila aztertzen. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak (TSJC) tramitera onartuko balu Generalitateko presidentearen, presidenteordearen eta Hezkuntza kontseilariaren kontrako salaketa, Generalitatea auzian parte izango dela eta gobernuko kide guztiak deklaratzeko prest daudela adierazi zuen atzo Françesc Homs Presidentetza kontseilari eta gobernu bozeramaileak.
Kataluniako Gobernua bere osotasunean A-9ko prozesu parte hartzailearen «ko-erantzule eta solidario» dela nabarmendu du Homsek, Generalitateko zuzendaritza batzordeak astearteroko bilera egin ostean, eta erantsi du kontseilari guztiek beren gain hartzen dituztela Masi, Ortegari eta Rigauri Estatuko Fiskaltzak egotzitako salaketak. Hiru agintarien defentsak eskatuko luke gobernu osoak auzian deklaratzea, TSJCk azkenean epaiketa egitea erabakiko balu. Aurreko astean, Estatuko Fiskaltzak salaketa ezarri aurretik, CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUPen talde parlamentarioetako buruak ere auto-inkulpatu egin ziren A-9agatik.
Valls Gombau epailearekin batera, TSJCko presidente Miguel Angel Gimenok eta Enric Anglada epaileek osatuko dute Mas, Ortega eta Rigauren kontrako kereila tramitera onartu edo ez erabakiko duen aretoa.
Fiskalak, TSJCren zain
Kataluniako lau probintzietako fiskal buruak eta Jose Maria Romero de Tejada fiskal nagusia, A-9agatik Generalitateko kideen kontra jarri diren salaketa guztiak kausa berean bildu eta TSJCn aztertzearen alde agertu dira. Bartzelona, Girona, Lleida eta Tarragonako fiskal buruak atzo bildu ziren Kataluniako fiskal nagusiarekin, eta, TSJCk kereila onartu edo ez erabaki arte, auzitegietan dauden salaketak bere horretan mantentzea adostu dute. Izan ere, salaketa batzuk ikastetxeetako zuzendarien eta bestelako funtzionarioen kontrakoak dira, eta saihestu egin nahi dute salaketa horiekin aurrera egin eta azkenean TSJCk Mas, Ortega eta Rigauren kontrakoa artxibatzeko arriskua.
Katalunia. Masen proposamena A-9aren ondorenerako
Gobernuko kontseilari guztiek deklaratuko dute A-9aren auzian
Prozesu parte hartzailearen «erantzunkide» jo du bere burua Generalitateak.Kataluniako fiskalak, salaketa guztiak TSJCn biltzearen alde

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu