Txema Ramirez de la Psicina

Euskal Herria 2050

2021eko irailaren 12a
00:00
Entzun
2050. Euskal Herria independentea da 2045etik. Hondamendi ekologikoaren ondorioek dozenaka milaka migratzaile ekarri dituzte gurera, Afrikatik batik bat. Ur eskasia nagusi da kolonialismoak «kontinente beltza» bezala bataiatu duen lurraldean. Dagoeneko populazio osoaren %30 Euskal Herritik kanpo jaioa da. Izan berri diren azken hauteskundeetan sorpresa itzela gertatu da: sortu berria den Herritarron babesa izeneko plataforma populistak botoen gehiengo absolutua lortu du. Jon Mikel Allende da lehendakari berria, profil autoritarioa duen buruzagi bizkaitar gaztea. Bere kanpainako leloa, sinplea oso: Gora gu ta gutarrak. Hauxe, bere promesa nagusia: «Paperik gabeko atzerritar oro Ebrotik behera eta Aturritik gora lehenbailehen aterako ditugu. Hondamendi honetatik aurrenak, guk geuk, euskal herritarrok atera behar dugu».

Distopia behartuegia, akaso? Zientzia fikzio larregi, agian? Nago alegiazko egoera hori gugandik ez oso urruti ikusten ari garela, orain eta hemen, 2021ean. Aztertzea besterik ez dago Viktor Orban, Jair Bolsonaro edota Donald Trump agintera eraman dituzten mezuen izaera xenofoboa. Kontua da buruzagi antidemokratiko horiek hauteskunde demokratikoetan hautatuak izan direla. Horrela jarraituz gero, eta Boaventura de Sousa Santosek dioen bezala, arrisku latza dugu aurrean: «Demokrazia bera ere demokratikoki hil baitaiteke».

Zergatik hau guztia? Denok entzun edo errepikatu dugu noizbait politikoki batere zuzena eta publikoki defendaezina den argudio hau: «Jendea ergela da, er-ge-la, komunikabideetatik ematen zaion guztia bete-betean sinesten baitu». Jakina, hori esatean gu kanpoan gaude. Gu ez gara jende hori. Gu oso kritikoak gara, irizpide propioak ditugu, kontsumo arduratsua egiten dugu beti... Ziurtzat jotzen dugu gu ez garela masa amorfo horren parte; hots, gu ez gaudela sare sozialek zabaltzen duten kaka horren eraginpean edota futbolak, pornografiak eta alkoholak narkotizatu dituzten herritar basati horien artean. Jendea horrelakoa da benetan? Izan ere, inkestetan jendea gero eta mesfidatiago azaltzen da albisteen aurrean. 2020ko Digital News Report izeneko txostenaren arabera, estatuko herritarren %36k soilik aitortzen die sinesgarritasuna komunikabideetatik isurtzen diren berriei. Azken sei urteetan erregistratu den markarik baxuena da.

Albiste faltsuak. Betidanik izan dira baina guztion jomugan daude orain. Zorigaitz guztien errudunak bilakatu dira. Areago, pandemia garaian. Denek kritikatzen dituzte. Arerio politikoen arteko arma jaurtigarrienetako bat bihurtu da. Nola egiten zaie aurre fake news horiei? Legeekin? Isunekin? Kartzelarekin? Heziketarekin? Bitxia da. Albiste faltsuez baliatu diren buruzagiek, sarritan, fenomeno horren kontrako araudi zorrotzenak kaleratu dituzte. Viktor Orban, kasu. Eta gezurren aurkako legea erabili du oposizio politikoa isilarazteko. Ez da kasu bakarra. Beste hainbat daude mundu osoan. Albiste faltsuen aurkako borroka erabiltzen ari da adierazpen askatasuna murrizteko.

Mundu mailako kezka da, zalantzarik gabe. Europako Legebiltzarrak 2020ko apirilaren 17an atera zuen ebazpenean espresuki aipatzen zuen albiste faltsuei aurre egiteko beharra. Joan den urteko ekainean ere, planetako 132 estatuk konpromiso bera adierazi zuten. Brasil, Txina, Filipinak eta Errusia, besteak beste, kanpoan geratu ziren. Dokumentu hartan garbiki azpimarratzen zen egoera zail honetan guztiz beharrezkoa dela herritar orok «informazio doakoa, fidagarria, faktikoa, eleaniztuna, zehatza, argia eta zientifikoa» izatea, baita «komunitate mailako komunikazio-jario azkarra izatearen garrantzia» ere.

Eurozentrismoaz harago, Santosek bere azken liburuan (El futuro comienza ahora, 2021) albiste faltsuei aurre egiteko ekimen interesgarriak bildu ditu. Horietako bat Indian. Bertan pandemiaren gorrienean hainbat akademikok, unibertsitateko ikaslek, zientzialarik, ilustratzailek eta itzultzailek online plataforma bat jarri zuten abian Indiako 14 hizkuntzatan, helburu jakin batekin: nahasmena nagusi zen uneetan gizartea ongi informatuta izatea. Asian eta Afrikan ere —Mozambiken bereziki—, hainbat epidemia izan dituztenez, oso esperientzia interesgarriak burutu dituzte ezagutza zientifikoa eta zehatza zabaltzeko. Gehien-gehienetan, gobernuengandik aparte burutu dira esperientzia horiek, gizatalde herrikoiek bultzatuta, inolako irabazi asmorik gabe.

Zein da albiste faltsuen eragina? Kasu batzuetan handia izan da, zalantzarik gabe. Horra hor brexit-en inguruko erreferenduma edota 2016ko AEBetako eta 2018ko Brasilgo hauteskundeak. Baina, albiste faltsuak erabakigarriak izan ziren emaitzak alde batera edo bestera bideratzeko? Nola neurtzen da hori? Komunitate zientifikoan, horretan ere, ziurgabetasun handia dago. Ikerketa gehiago behar da. Zalantza handiak daude eta badira emaitza kontrajarriak aurkezten dituzten ikerketak ere. Albiste faltsuen ikerketak diziplinartekotasuna eskatzen du. Ekonomia garrantzitsuegia bada ekonomisten esku soilik uzteko, bada, beste horrenbeste gertatzen da informazioarekin; garrantzitsuegia dela kazetarien esku soilik uzteko.

Komunikatzeko formak, sozializatzeko moduak aldatu egin dira ziztu bizian.Teknologia esponentzialki garatu da azken urteotan, baina gure burmuina ez dago abiada horri heltzeko prest. Gero eta gehiago dira —filosofia, biologia, ekologia eta komunikazioaren mundutik bereziki— teknologiak gure artean eragin duen aldaketaz ikertzea premiazkotzat jotzen duten sektoreak. Informazio faltsuen auzia nazioarteko agendan kokatu behar da, pandemiaren eta klima aldaketaren parean. Are eta premiazkoagoa da eskaera hori, kontrol sozialerako mekanismoak inoiz baino sofistikatuago bihurtzen ari diren honetan.

Euskal Herria 2050. Hiru hamarkada ditugu aurretik. Ezer gutxi planetaren garapenean. Nork aginduko du orduan Euskal Herrian? Momentuz badirudi populismoak ez duela gure artean oinarri sendorik. Batek daki. Gaurko ziurtasunak biharko zalantzak dira. Edozein kasutan, erabaki libreak hartzeko eta herritar kritikoak sortzeko, informazio askea behar-beharrezkoa dugu. Orain eta 2050ean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.