Nerea Zusberro Alberro.
Qatarko Munduko Kopa. HARMAILATIK AULKIRA

Zurea da, Messi

2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Argentinak Munduko Kopa irabazi du, 36 urteren ondoren. 36 izan ziren Scaloniren taldeak galdu gabe kateatu zituen partidak ere, Saudi Arabiaren aurka Munduko Kopako lehenengo partida galdu arte. Nire lehen zutabean partida hartaz hitz egin nuen. Argentinak kopa irabazteko, porrot hark indartsuago egin behar zuela aipatu nuen. Hala izan da.

Final-laurdenetan izan zen, Herbehereen aurka, Messiri txapeldun aurpegia jarri zitzaionean. Munduari esan inork ez ziola berea zena kenduko. Finalerdietan, jokaldi ikonikoa iritsi zen. Aurkariaren zelai osoa zeharkatu zuen eskuin hegalera itsatsita, eta atzean utzi zuen Gvardiol, txapelketako hamaikako on guztietan agertzen den erdiko atzelari kroaziarra.

Finala iritsi zen, eta... a ze finala! Ezinezkoa da 1986koarekin alderatzea. 75 minutuz, Scaloniren arbela nagusitu zen. Argentina beti eskuinean biltzen da, baina bere futbola ezkerrera eraman zuen, Dembeleren defentsa-gabeziak ustiatzeko.

Baina istorio on guztiek bezala, honek ere bilau bat izan zuen. Mbappe agertu zen Messiren ametsa zapuzten saiatzeko. Baina salbatzaile bat ere izan zen. 1986ko finalean, 86. minutuan, Maradonak gola sartu zuen eskuarekin, eta, 2022an, Emiliano Martinezek gelditua egin zion oinarekin Kolo Muaniri. Handik aurrera gertatu zena futbolaren historia da.

Qatarko Munduko Kopak txapeldun bat nola eraiki zen kontatzen du. Di Mariaren malkoak galdutako finalen negarra dira. Futbola bidezkoagoa da, nire ustez. Munduko Kopen historiako finalik onena historiako jokalaririk onenak irabazi du. Lionel Andres Messi, zurea da behingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.