Irati Etxarri Munarriz. Uni Gironako saskibaloi jokalaria

«Denbora gutxian lehen aldi asko izan ditut, eta nire lekua aurkitzen ari naiz»

Cadi La Seun lau urte egin eta gero, aurten Uni Gironak fitxatu du Irati Etxarri. Aurreko sasoian Espainiako jokalaririk onena izendatu zuten ligan, eta emandako aurrerapausoez gozatu nahi du.

DAVID SUBIRANA.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Jokalari profesional askorentzat ez da erraza izaten etapa bat itxi eta beste bat hastea. Erabaki hori hartu du aurten Irati Etxarrik (Iruñea, 1998). La Seu d'Urgell utzi, eta Gironara eman du saltoa. Bizitza berrira egokitzen ari dela dio, baina beharrezkoa dela uste du «egunetik egunera hobea izateko». Ez da La Seutik bakarrik joan, ordea. Bernat Canut entrenatzaileak ere La Seutik Gironara egin du, Etxarrik bezala. Hegal-pibotaren esanetan «asko» lagundu dio entrenatzaileak talde berrira eta rol berrira egokitzen. Sasoia ezin hobeto hasi dute, gainera; Espainiako Superkopa irabazi zuten, eta Euroliga jokatzeko kanporaketak gainditu zituzten. Lehen hilabeteez, presioaz, emakumezkoen saskibaloiaz eta bideaz gozatzearen garrantziaz mintzatu da, besteak beste.

Iragan igandean klasikoa jokatu zenuten Avenidaren aurka. Nola ikusi zenuen partida?

Nire lehen klasikoa izan zen, eta etxean irabazita are gehiago gozatu nuen. Fontajau beteta zegoen, eta, egia esan, partida bikaina izan zen. Duela urte batzuk neurketa harmailetatik ikusi izan banu,zera pentsatuko nukeen: «Hauek dira nik jokatu nahi ditudan partidak».

Aste gogorra duzue aurrean. Asteazkenean Turkian jokatuko duzue, eta igandean, Donostian.

Aste gogorra izango da, erronka handikoa. Nahiz eta joan den astean partida asko jokatu, etxean izan ziren, eta horrek lasaitasuna eta atsedena ematen dizu. Kanpoan jokatzean, ez daukagu horrelako atsedenik. Bihar [gaur] oso goiz irtengo gara Turkiara, eta oso berandu iritsiko gara. Bidaia zaila da. Bidaiaz gain, kontuan izan behar da Euroligako partida guztiak beti direla oso gogorrak. Hala ere, Donostiako partida igandean da, eta egun bat gehiago dugu atseden hartzeko.

IDK lehen aldiz ari da Eurokopan. Zu, berriz, Eurokopatik Euroligara igaro zara. Asko aldatzen da lehiaketen arteko erritmoa?

Euroliga hitz handia da. Asko gozatzen ari naiz, baina aldea nabarmena da. Munduko jokalari onenek jokatzen dute bertan, eta jokalarien kalitatea ikaragarria da. Oraindik jokalari asko ditut ikusteko eta sufritzeko, baina ikasteko baliatu nahi dut. Ligarekiko aldeari dagokionez, intentsitatea antzekoa izan arren, partidak desberdinak dira; Euroligako taldeek hegaleko jokalari handiekin jokatzeko joera dute. Oso jokalari fisikoak fitxatzen dituzte, eta epaileen irizpideak ere aldatu egiten dira. Partidak era desberdinean prestatzen dira.

Inoizko ligarik parekatuena da aurtengoa. Zazpi talde zaudete garaipen baten aldearekin.

Ez nuke jakingo esaten zergatik gertatu den hori. Nik uste dut denok gaudela apur bat harrituta emaitzekin. Denboraldi bat hasitakoan, ez dakizu zer aurkituko duzun, baina beti pentsatzen duzu hiruzpalau talde egongo direla aurretik eta besteak atzerago, borrokan. Egutegia frenetikoa izan da. Bolada txar batean edozein taldek irabazi diezazuke, eta bolada onean zaudenean edozeini irabaz diezaiokezu. Horrek asko aberasten du liga.

Aurreko sasoian Espainiako jokalaririk onena izendatu zintuzten ligan. Horrek zerbait erakutsi beharraren presioa ekarri dizu?

Hasieratik saiatu nintzen hori horrela izan ez zedin. Sari hori ematea erabaki zuten, eta ilusio handia egin zidan, baina oso argi daukat hori gertatu zedin beharrezkoak ziren faktoreak alboan izan nituela. Deboraldi honetan erabaki dut hori erabat aldatzea. Hiri berri batean nago, klub berri batean, kategoria berrietan... berrikuntza asko dira oso denbora gutxian, eta aurreko sasoian izan nuen errendimendua ateratzea oso zaila egiten du horrek. Ezin diot hori eskatu neure buruari, nire inguru guztia aldatu baita. Bideraezina da dena iragan sasoikoa bezalakoa izatea. Egokitzen ari naiz, eta beharrezkoa da egunetik egunera hobea izateko.

Nola eraman duzu fokuen azpian egotea eta zutaz hainbeste hitz egitea?

Ahal nuen moduan eraman nuen. Erakusleiho guztiak zailak dira, baita onenak ere, eta, asko gozatu nituen arren, estres uneak izan ziren. Nik neuk, azaroan, prentsako buruari esan behar izan nion ez nuela ezer gehiago egin nahi urte berria iritsi arte. Uste dut horrek ere egunerokoan kontzentrazioa galtzea eragin diezazukeela, eta ez zidan uzten pasatzen ari zitzaidan guztiaz gozatzen. Uste dut eta espero dut ez prentsak eta ez zaleek ezingo dutela esan haiekiko jarrera txarra izan dudanik inoiz. Oso garratzitsuak iruditzen zaizkit, eta asko errespetatzen ditut. Baina nire energia saskibaloian inbertitu nahi nuen, eta lortzen ari nintzenguztia nire jendearekin partekatu nahi nuen.

Ligako talde onenetariko batera iritsi zara. Nolakoa izan da kirol taldera eta egiteko berrira egokitzea?

Ez da erraza izan, baina entrenatzailea Bernat [Canut] izateak asko lagundu dit. Dena berria izan arren, nagusia bera da, eta hemen ezarri nahi duen saskibaloian eman dut nire onena. Hala ere, zaila izan da egokitzapena, eta oraindik ere horretan ari naiz. Denbora gutxian lehen aldi asko izan ditut, eta nire lekua aurkitzen ari naiz, bai hirian, baita taldean ere.

La Seun lau denboraldi egin ondoren, ez zen erraza izango bizitza aldatzea. Nolakoa izan da egokitzapena?

Pertsona bezala zailagoa izan da egokitzapena jokalari bezala baino. Jokalari gisa, banekien aldaketa hori iritsiko zela, eta, horrekin batera, taldekideak, rolak eta helburuak. Aldaketa horiek buruan nituen, baina Irati jokalaria maitasun handiz inguratuta egon da orain arte. La Seu d'Urgell oso herri txikia da, taldea oso familiarra da, eta aldaketa izan dudan arte ez naiz konturatu zenbaterainokoa zen aldaketa hori. Hiri berri batera joatea, bakarrik bizitzea, lehiaketa berri bat, kolore berriak... oso jauzi handia da. Hasieran ez zara seguru sentitzen, eta bakardade uneak ere badaude. Baina dena egokitzea da. Duela bi aste baino hobeto nago, eta, seguruenik, hemendik bi astera baino okerrago. Hori espero dut, behintzat! [barrez].

4.300 pertsona bildu ziren Fontajaun klasikoa ikusten…

Izugarria izan zen. Horrelako partidak harmailetatik bizi izan ditut, eta zelaitik bizitzea izugarria da. Emakumezkoen saskibaloia aurrera doa pixkanaka, eta mahai gainean kolpe bat ematen ari gara. Jende asko hasi da gu ikusten, eta lehen aldiz datozenek errepikatu egin nahi izaten dute. Asko dugu eskertzeko gure aurretik aritu diren jokalariei, lanean jarraitu baitzuten beren urratsek orain bezainbesteko oihartzunik ez zeukatenean. Niretzat ardura bat da jarraitzaileekin eta prentsarekin eredu izaten jarraitzea, prentsa ere aurrerapausoa ematen ari baita eskaintzen duen informazioan eta informazio horren kalitatean.

Gaur egun, erreferenteak zarete zuek bezalako jokalariak izatea amets duten neskentzat. Hala ikusten duzue zuek ere?

Nire taldeetan bizi izan dudanagatik, bai; argi eta garbi. Eta ez neskatoena bakarrik, baita mutikoena ere. Ez da genero kontua, pertsonena baizik. Pixkanaka ari gara horretan, eta, saskibaloiak hazten jarrai dezan, erreferenteak izatea beharrezkoa da. Emakumezkoak eta gizonezkoak.

Albaitari laguntzaile izateko ikasketak egin zenituen. Ezinezkoa da emakume izanda saskibaloiaz bakarrik bizitzea?

Zoritxarrez, bai. Edo hori diote, behintzat, erretiroa hartu dutenek. Gauzak alda daitezke, eta hala izatea espero dut, baina nik ez dut biziko. Denok argi daukagu gure etorkizunean beste zerbitetan lanean jarraitu beharko dugula. Hala ere, ez dut albiste txar moduan hartzen. Saskibaloi jokalaria izateaz gain, zerbait gehiago zarela sentiarazten dizu, eta hori beharrezkoa da.

Askotan aipatu duzu psikologo batekin lan egiten duzula. Askorentzat gai tabua da. Zure esperientzian oinarrituta, zertan uste duzu lagun diezaiokeela kirolariari?

Bizitzako alor guztietan. Ez naiz ari kirol errendimendua hobetzeaz bakarrik. Albert nire psikologoarekin lanean ari naizen urte hauetan, gehien baloratzen dudana autoezagutzarako egin dudan bidea da. Psikologoak tresnak ematen dizkizu zeure burua ezagutzeko. Eta zeure burua ezagututa, iraganeko eta etorkizuneko arazoak horren larriak izan ez daitezen. Errendimenduan ere hobea izaten laguntzen dit, baina, batez ere, zoriontsuagoa izaten laguntzen du.

Askotan azpimarratu duzu bideaz gozatzearen garrantzia. Kirol profesionalaren exijentzia oztopo bat da ametsaz gozatzeko?

Hala uste dut. Askotan, 16 urteko jokalariez hitz egiten dugu jakin gabe gazte horiek kirolean profesionalki aritu nahi duten. Presioa sortzen da, eta badirudi horretan aritu behar duzula, eta ez duzula beste biderik. Nik ez dut inoiz helburu izan jokalari profesional izatera iristea, eta uste dut helburutzat ez edukitzeak ekarri nauela honaino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.