Palestinak ez du AEBek bultzatako bake planik onartuko

Macronek babesa adierazi dio Abbasi, baina ez du Palestina estatutzat onartuko. Israelgo Poliziak bi gazte palestinar hil ditu protestetan

Palestinarrak Israelgo polizien aurrean protestan, atzo, Belenen. ATEF SAFADI / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Hirugarren ostiralez jarraian, palestinarrak kalera irten zirenAEBetako presidente Donald Trumpen erabakiaren aurka. NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak Jerusalem Israelgo hiriburu izendatzearen aurka bozkatu zuen herenegun, eta atzo, AEBak bakerako bitartekari izateko aukera baztertu zuen PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek.

Abbasek gogor egin zuen Trumpen gobernuaren aurka, eta adierazi zuen palestinarrek ez dutela babestuko AEBek bultzatako bake planik, kristauei eginiko Gabonetako mezuan: «AEBen planak ez du 1967ko mugetan oinarritutako bi estaturen konponbidea bilatuko, ezta nazioarteko legedian eta NBEren ebazpenetan oinarritutakoa». Abbasen esanetan, AEBen erabakia munduko milioika pertsonari iseka egitea da.

Abbas Frantziako presidente Emmanuel Macronekin bildu zen atzo, Parisen. Macronek babesa adierazi zion, eta Trumpen erabakia gaitzetsi, Palestinako auziaren konponbidea bi estatuekin egingo dela argudiatuz.

Abbasek Palestina estatu gisa onartzeko eskatu zion Macroni, erabaki horrek «gerraren mamua» urruntzen lagunduko lukeela esanez, baina Macronek erantzun zion Frantziak Palestinako Estatua «aldebakarreko erabakiz» aldarrikatzeak bakearen aurka egingo lukeela: «Ez litzateke eraginkorra izango; eremua ezegonkortu duen aldebakarreko erabaki baten aurkako erreakzioa litzateke».

Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogan ere gogor agertu zen Israelen eta Trumpen aurka. Lehena «estatu terroristatzat»jo zuen, eta bigarrenari «zapalkuntzaren zati» izatea leporatu zion.

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, berriz, AEBen erabakia babestu zuen, eta Trump zoriondu erabakiagatik. Beste hainbat estatuk ere etorkizunean bide berari jarraituko diotela gehitu zuen: «Euren enbaxadak Jerusalemera mugitzea pentsatzen ari diren hainbat estaturekin hitz egiten ari gara une honetan».

Protestak aurrera doaz

Gobernuak ez dira Trumpen erabakiaren aurka agertu diren bakarrak. Hirugarren ostiralez jarraian, milaka palestinar irten ziren kalera euren aurkakotasuna erakusteko. Protesta horietako batean, Gazan, Israelgo Poliziak bi gazte hil zituen, eta beste 70 zauritu, Palestinako Osasun Ministerioaren arabera.

Hamas mugimendu islamistak bultzatu ditu protesta horiek. Izan ere, Hamaseko buru Yehia Sinwarrek «indar okupatzaileen» aurka borroka egiteko deia egin zuen herenegun:«Palestinar guztiek okupazioari aurre egitera joan behar dute, Trumpen adierazpenak garaitzeko».

Jordanian ere ehunka izan dira kalera atera direnak, eta Al-Aqsa meskita askatuko dutela agindu zuten Anaia Musulmanek. Al-Aqsa Jerusalemgo meskiten zelaigunean dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.