Tristura, bakea eraikitzeko bidean

2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Hamar urte bete dira Aieteko adierazpenetik eta ETAk borroka armatua betirako utzi zuenetik. Komunikabideetan entzun eta irakurritakoari egiten badiogu kasu, lorpen handia izan zen, euskal gizartearen hainbat eta hainbat sektorek inplikazio handia izan zuten Aieteko adierazpenarekin bukatu omen zuen bake-prozesuan, eta orduan baino askoz hobeto gaude bakeari eta berradiskidetzeari begira gaur egun. Hau da orduan gertatutakoari buruzko bertsio ofiziala, eta euskal gizartearen zati handi bat, ezker abertzalea bereziki, triunfalismo handi batekin eta batere izpiritu kritikorik gabe bat dator bertsio kanoniko horrekin. Ni, ordea, ez naiz egun hauetan esan denarekin identifikatzen, eta hausnarketa kritiko batzuk egingo ditut, Euskal Herrian bakea eraikitzeko prozesuan lagungarri izango zaizkigulakoan.

Lehenik eta behin, hau esan behar dut: orain dela hamar urteko prozesuan euskal gizartea gutxi inplikatu zen, ilusioa galduta zuelako. Pertsona eta erakunde zehatz batzuek —nazioarteko bitartekariek (Brian Currin-ek, Jonathan Powel-ek...), Elkarri-ko Paul Rios-ek, Ezker Abertzaleko Arnaldo Otegik eta Rufi Etxeberriak, Jesus Egigurenek... eta orain gogoan ez dauzkadan beste batzuek— lan handia egin zuten bake-prozesu hori aurrera eramateko, eta esan dezakegun guztia gutxi izango da egin zuten esfortzu miresgarria eskertzeko. Hori argi esan ondoren, Euskal Herriko jendeak orduan ere ez zuela ilusio handirik izan adierazi behar dut, eta arrazoiak, nire ustez, hauek dira: aurreko ziklo oso gogor eta luzetik zetorren euskal gizartea (ETAren atentatuak, polizien torturak, presoen sakabanaketa, mehatxatutako zinegotziak...) eta ziklo gogor eta krudel horrek oso zauri sakona utzi zuen gure herriko jendearen artean. Etsipen handi batean erori ziren herritarrak eta, askatasuna eta bakea lortzeko beste prozesu batzuetan (frankismoaren azken urteetako eta trantsizioko borroka, 80ko hamarkada, Aljerko elkarrizketak, Lizarra-Garazi...) gertatu zenaren kontra, euskal gizartearen gehiengoak tristuraz eta ilusio faltarekin bizi izan zuen ETAren armagabetze eta desegite prozesua, eta inplikazioa eta kezka oso txikiak izan ziren.

Bigarrenik, eta aurreko puntuari jarraipena emanez, sufrimenduaren gaia aipatu behar dut, funtsezkotzat jotzen baitut gaur Euskal Herrian gertatzen ari dena zuzen aztertzeko orduan. Euskal Herrian hainbat eta hainbat pertsona asko sufritzen ari da, alde batean zein bestean: oso egoera gogorrak (tortura pairatu izana, senideren bat ETAk edo polizia-indarrek hil egin izana, familiak eta koadrilak hautsiak...) bizi ditu, eta, gainera, ez du ematen euskal gizarteak, are gutxiago ezker abertzaleak, gai mingarri horri aurre egiteko gogo handirik duenik. Adibide gisa, hau esan dezaket: Jorge Giménez Bech-ek sufrimendu eta indarkeria armatuaren ondorioei buruzko zirrara sortzeko moduko artikulu bat idatzi du BERRIAn azaroaren 2an —bide batez, egoeraz baliatzen naiz Jorgeri nire besarkadarik handiena helarazteko—, eta artikulu horretan argi eta garbi ikusten da zenbat sufritu duen Euskal Herriko jendeak. Poliziek torturatutako pertsonek, adibidez, antzeko gutunak idatz litzakete, berek bizi izandako esperientzia latz eta izugarriei buruz, eta horrela jarrai genezake bukaerarik ez omen duen infernuko espiral horretan. Herria eta komunitatea garen aldetik, beraz, bake eta berradiskidetzearen aldeko bideak bilatu beharko ditugu, zulo honetatik atera nahi badugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.