Izenetik izanerako zubiak

2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Ikurrina, gure ikur kuttuna, bazter guztietan harrotasunez erakusten duguna eta sentimendu asko azalarazten dizkiguna. Bere izenak dioen moduan, ikur egina. Euskaldunok nonahi erabiltzen dugu, eta, ezbairik gabe, beharrezkoa da, ezinbestekoa. Gure bandera guztiz barneratua dugun arren, ordea, esango nuke nortasunaren beste oinarrietako bat, tamalez ezetz. Zehazki, gure hizkuntzaren erabilera. Nire aburuz, duen garrantzia ez dugu aintzat hartzen, ez behintzat beharko lukeen neurrian, eta jarrera horrek izan dezakeen eraginaz jabetzetik urrun gaude. Ez al genioke gure hizkuntzaren erabilerari identitate ikurrei bezainbeste balio eman behar?

Zoritxarrez, azken ikerketen arabera, gazteen artean euskararen erabilerak behera egin duela dirudi, esaterako Arrue ikerketaren 2017ko txostenak ondorioztatu duen bezala. Segur aski hainbat aldagaik izango dute eragina, egungo gizarte teknologizatuko kontsumo ohiturek esaterako, euskarak hor duen presentzia ez baita oso esanguratsua. Gazteek egunerokoan bizi beharko lukete erabilera gizarteko estamentu guztietan, hizkuntzaren biziraupena bermatu nahi badugu behintzat. Agian, erreferentetzat ditugun hainbat programa, pertsonaia, kirolari eta abarrek zeresana izan dezakete, eta hizkuntzarekiko inplikazio maila altuagoa erakutsiz, esaterako, erabilera indartzeko bidean aurrerapauso bat eman genezake?

Adibide bat jartzearren, atsekabez ikusi ohi ditut pilotari euskaldunak elkarrizketak gaztelaniaz erantzuten, erdarazko euskal telebistarentzako direla argudiatuz. Norgehiagokak euskaraz soilik eman ohi dituzte, eta, beraz, ez ote lituzkete interesatuek elkarrizketa labur horiek euskaraz ulertuko?

Beste hainbat adibide aipa genitzake, eta esango nuke guztiok ezagutzen ditugula ikurrina alde batera eta bestera harrotasunez erakusten duten goi-mailako kirol talde edo telebistako saioak, baina hizkuntzaren erabilerarekiko inplikazio handiagoa erakutsi lezaketenak. Erdarazko euskal telebistako audientzia gehien duena, esaterako. Bertan gazte euskaldunak elkarrekin gaztelaniaz jardunean ikus daitezke, eta batzuk maila kaxkarrean, programaren identifikatzaileetariko gisa erabiliz gainera. Niri, egia esan, bihozmina eta tristezia sortzen dit, jakinik gainera programa hori euskal telebista publikoaren ikur bilakatu dela, horrek duen eraginarekin, bereziki gazteengan. Euskaldun petoak, euskal kate publikoan elkarrekin gaztelaniaz egitera behartuak? Kontraesan zantzuak izan ditzakeela esango nuke. Ez al litzateke hobe izango, adibidez, elkarrekin erosoago sentitzen diren hizkuntzan jardun eta behar den kasuetan azpitituluak ipintzea, esaterako? Ez al genituzke horrela euskara erabiltzen ez duten gazteak gure hizkuntzarekiko gertuago sentiaraziko, haren erabilera bultzatuz eta normalizatuz?

Beste hausnarketa bat luzatu nahi nuke, erreferentzia diren goi-mailako kirol taldeei buruz zehazki. Gazteek, edota kanpotik datozen aurkari eta kirolariek, ikusleek eta abarrek gure identifikazio ikurra ikusteaz gaindi, hizkuntza entzun ezean, identitate ezberdintasun asko nabarituko dituzte estatuko gainerako taldeekin alderatuz? Zenbait taldetan gure nortasuna izen hutsera murriztua dagoela esango nuke, azaleko jarrera hutsera.

Orain dela gutxi, aspaldiko lagun baten eskutik, poza sorrarazi didan berri bat jaso nuen. Hain zuzen, Gipuzkoako futbol talde erreferenteenak, Realak, euskara hutsezko prentsaurreko batzuk egiteko hautua egin duela, erdarazko galderei ere euskaraz erantzunez. Erabaki hori Gipuzkoa Berdinago ekimenaren barruan hartu dute, erreferentzialak diren erakunde batzuk bildu eta eredugarri izan litezkeen jokabideak azaltzea du xede. Ez litzateke lekuz kanpo egongo goi-mailako kirol taldeek jokabide hori eredutzat hartu eta gure hizkuntzaren erabileraren erreferente izaten saiatuko balira.

Esango nuke gure hizkuntzaren erabileraren aldeko erabaki eta ekintzei behar dutena baino garrantzi gutxiago aitortzen diegula. Hedabideetan eta jendaurrean identifikazio ikurrak erabiltzea beharrezkoa da, bai, baina fruituak azala bezainbeste behar du barneko hazia hurrengo belaunaldien biziraupenerako. Bada garaia izenetik izanerako zubiak eraikitzen hasteko, hizkuntzaren etorkizunari bideak zabalduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.