Donostiako 79. Musika Hamabostaldia. Herve Koubi. Koreografoa

«Historia errepikatu egiten da, baina gure esku dago bestela gertatzea»

Afrikako iparraldeko musika eta dantza tradizioak eta Mozarten requiemak uztartzen ditu bere obretan; ez alferrik, bi kulturen, Europakoaren nahiz Afrikakoaren, ezagutzaile da Herve Koubi.

BERRIA.
Andoni Imaz.
2018ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Herve Koubi koreografoa bretoia da sortzez. Gazteagoa zenean, ordea, espero ez zuen lotura bat aurkitu zuen Mediterraneoaren bestaldean: Aljeriakoak ziren bere arbasoak. Ordutik, bere iragana gehiago ezagutzen ari da, sustraietan sakontzen. Mundu berri bat agertu zitzaion begien parean, eta sekulako eragina izan du bere lanean. Munduko herrien adiskidetzearen aldeko mezuak nabariak dira sortzen dituen ikuskizunetan, ezezagunari izaten zaion beldurra uxatu eta etorkizun harmoniatsuago bat irudikatuz. 2000. urtean sortu zuen Le Golem lehen proiektua, eta gelditu gabe dabil ordutik. Afrikako konpainiekin lan asko egin ditu, bertatik bertara ezagutzen baitu hango egoera. Asteartean, bere konpainiak Les Nuits Barbares ikuskizuna aurkeztuko du Musika Hamabostaldian, Viktoria Eugenian. Omenaldia egingo die herri barbaro ahaztuei, eta Mozarten requiemak Afrikako musika tradizionalekin nahasiko ditu naturaltasun osoz.

Zure iragana sakon aztertu izanak bultzatu zaitu lan hori sortzera?

Aurreko lanean, Ce que le jour doit à la nuit izenekoan [Egunak gauari zor diona], nire historia pertsonalari buruzko gogoeta egiten hasi nintzen, eta kontuan izan 25 urte izan arte ez nuela jakin nire jatorri aljeriarraren berri. Uste nuen kolonoak nituela arbasoak, eta, beraz, Frantziako edo Europako txokoren batekoak zirela. Nire ponte izena, Herve, izen bretoi peto-petoa da. Baina 25 urte nituela aitari galdetu nion nondik zetorren Koubi deitura, eta argazki bat erakutsi zidan. Jaun zahar bat zen, goitik behera modu tradizionalean jantzia. Hau besterik ez zidan esan: «Begira: hire aitona duk; hizkuntza bakarra zekiean, arabiera, eta hire gainerako arbasoek, beste hainbeste». Sekulako kolpea izan zen niretzat. Ez nintzen Bretainiakoa, Aljeriakoa baizik.

Les Nuits Barbares lanarekin [Gau barbaroak], harago jo nahi izan dut gogoeta egiteko orduan, neure historia pertsonalean geratu beharrean. Ez dut Magrebekoa izateko itxura handirik: azala argia dut, eta oreztak ere baditut. Eta oso normala da ilehori begi-urdinak ikustea Aljerian. Hain zuzen, geografia komun horrek egiten gaitu denok oinarri mediterraneoaren parte, nazioak nazio. Horixe da obraren abiapuntua, requiem moduko bat, gogora ekartzen dituena iraganeko herri, zibilizazio, kultura, erlijio horiek: elkarrekin gurutzatu, eta, gaur egun, haiek osatzen dute gure oinarri komuna.

Gaur egun asko lantzen da Bestearen errepresentazioa. Nola heldu diozu gai horri?

Bestearen nozioan oinarritzen da, bai, obraren dramaturgia. Askotan, besteari beldurra izaten zaio: ezagunari, aurrejuzguei, elkarrengandik bereizten gaituzten geruza eta muga guztiei. Obra, hain zuzen, bestea ezagutzeko bidaia bat da, ezezagunaren geruza suntsitu beharreko horiek ezagutzekoa, eskuak luzatzekoa.

Obra Besteekin hasten da: aldi berean zoragarriak eta beldurgarriak izan litezke, deshumanizatuak, beren txano distiratsuak buruan, keinu kaotiko eta indibidualen erdian; gero, obrak aurrera egin ahala, txanoak desagertuz doaz, jantziak soilduz, eta, azkenean, gorputza besterik ez da ageri, eta laguntza eta sostengu dantza bat.

Hain zuzen, bidaia hori bilaketa bat da: bilatu egin behar baita eskua luzatzeko eta, batez ere, nork bere burua auzitan jartzeko Besteari dagokionez, bere historiari dagokionez, bere kulturei dagokienez. Historia errepikatu egiten da, biztanleriaren joan-etorriak ere bai, eta beti gaude beste batzuen aurrean, bestelako beste batzuen aurrean. Bai, historia errepikatu egiten da, baina beharbada gure esku dago, eta gure esku bakarrik bestela gertatzea.

Nola bizi duzu apropiazio kulturalaren gaia? Kulturaren unibertsalizazioaren alde egin behar da?

Aldarrikapen kulturala edo kidetasun kulturala baldin bada «ni frantsesa naiz» esatea, edo «ni aljeriarra naiz», «ni italiarra naiz», «ni espainola naiz», bada, horrek ez du zentzurik niretzat, nazioaren nozioaz haraindikoa baita gure kidetasuna. Beste hainbeste esan daiteke komunitarismoari buruz, edo elkarren arteko loturak sortu eta elkar aberastu ordez klanak edo unibertso itxiak osatzen dituzten komunitateei buruz. Kulturaren unibertsalizazioa? Horrek ez luke dena leunduko. Hobe litzateke tolerantzia eta begirune handiagoa izatea multikulturalismoari. Bestea hobeto ezagutzea, nork bere burua hobeto ezagutzeko, hari beldurrik ez izateko, eta geure buruari ere ez.

Mediterraneoa agertoki garrantzitsua da eguneroko albistegietan. Banatzen gaituen horrexek elkartu gaitzake?

Zerbaitek bereizten bagaitu, horrek esan nahi du sakoneko arazo bat dagoela. Horrek esan nahi luke zerbaiten ondorioz identitate bat dagoela alde batean, eta beste identitate bat edo batzuk beste alde batean. Baina zergatik gertatu da halako bereizketa? Ba, arrakala bat dago batzuek zer espero duten eta besteak zeren beldur diren. Ideiek banatu gaituzte elkarrengandik. Eta bakoitzak besteari buruz dituen mamuek ere bai. Elkar ez ezagutzeak banatzen gaitu.

Nork bere ondasunak ditu, egiteko bere manera, bere eskumenak, bere pentsaera, eta horiek guztiek denon artean zabaldu beharreko gauzak izan behar lukete, eta ez babesleku gisa erabiltzeko harresiak. Elkartu, bai, elkar hobeto ezagutu eta ulertzeko. Bereizten gaituen horrexek elkartu gaitzake, baina ikuspegia zabaltzeko pauso aktibo bat behar da horretarako, eta berehalako probetxuan bakarrik oinarrituko ez den lan zintzoa ere bai.

Nola osatu zenuen dantzari taldea? Nolakoa izan zen sortze prozesua?

Nire dantzari batzuk hautaproba baten bidez aukeratuak izan dira, edo beste batzuk, nazioarteko proiektu baten bidez, batez ere Marokon. Sorkaria dantzariekin izaniko joan-etorri batean eratu da, nire proposamen batean oinarrituta. Fayçal Hamlatek lagundu dit entseguetan eta sortze lanean; badira hamar urte elkarrekin lan egiten dugula.

Zertan da Afrikako dantza garaikidea?

Luze eta zabal hitz egin daiteke horretaz, Europako eta Amerikako dantza garaikideaz bezain luze. Afrika kontinente ikaragarri handia da, eta Aljeriako egoera ez da Marokoko, Hegoafrikako, Boli Kostako edo Burkina Fasoko bera. Nolanahi ere, dantza da arte bizietan zokoratuena leku guztietan, eta Frantzia paradisua da dantzaria izan nahi duenarentzat.

Ikuskaria Wagnerrekin hasten duzue, eta Afrikako dantza tradizionalarekin bukatzen. Halako osagai kontrajarriak izanik, zaila da batasuna ematea obrari?

Mediterraneoaren alde banatatik, bi musika mota horiek aditzera ematen dute elkartzeko, batzeko borondate horren parte direla. Wagnerren Rhineko urrea-ren zatitxoak omenaldia egiten dio munduaren sorrerari, gure bidaiaren hasierari, Europa zeharkatu zuten iparraldeko herriei; halako herriak, askotan, gerratik ihesi zihoazen, ez gerra egitera, eta Afrika iparraldeko kostaldean jarri ziren bizitzen. Mozarten eta Faureren requiemak ere gure arbasoen herrien oroigarri bat dira, Aljeriako musika tradizionalak bezainbeste. Nik ez nuke esango musika horiek kontrajarriak daudenik, horrek esan nahiko bailuke batak bestea ukatzen duela. Aitzitik, esango nuke osagarriak direla. Lehen aipatu dugun elkartze horren adibide bat dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.