KRITIKA. Donostiako 84. Musika Hamabostaldia

Arnasketa astuna

Trifolium Laukoteko kideak, artxiboko argazki batean. DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA.
2023ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun

Trifolium Laukotea



Musikariak: Carlos Gallifa eta Sergio Suarez (biolinak), Juan Mesana (biola), Javier Aguirre (biolontxeloa). Egitaraua: L. Boccheriniren Laukotea op. 24, 6. zb,F. X. Richterren Laukotea op. 5, 1. zb, eta W. A. Mozarten Laukotea K 387. Lekua: Donostiako San Telmo museoaren klaustroa.Eguna: Abuztuak 10.

San Telmo museoaren klaustroak giro aparta eskaintzen du ganbera osaera duten emanaldiez gozatzeko: primerako akustika du, eta, gainera, estetikoki atsegina da guztiz. Hortaz, taula gainean gertatzen dena inguruak agintzen duenari egokitzen zaionean, kontzertu berezi eta berdingabeak izaten dira emaitza. Tamalez, ostegunean ez zen halakorik gertatu, programak gau apartekoa sortzeko itxura bazuen ere.

Trifolium Laukoteak hari laukotearen hastapenetan kokatu gintuen, tripa hariak erabiliz garai hartako instrumentuen pare izan nahi duten berezko instrumentuekin, horiek dakarten afinaziorako eta interpretaziorako zailtasunekin. Hala, laukote musikaren aitatzat dugun Joseph Haydn alde batera utzi, eta bere garaikide izandako konpositoreen obrak aurkeztu zituzten. Izan ere, Carlos Gallifak aurkezpen xehe eta zorrotzean azaldu bezala, Boccherini eta Haydn aldi berean hasi ziren hari laukoteak idazten, nahiz eta, noski, bietako azkenak izan zuen arrakastarik handiena—bere obrak Europan eta Amerikan zehar arin zabaldu ziren—.

Orokorrean, Trifoliumen interpretazioak arnasa faltan zuela nabari zen, XVIII. mendeko musikari berezkoak zaizkion arintasunaren eta aisetasunaren ordez, uneka pisutsuegia zen soinua hedatuz; aldi berean, eta horren ondorioz, ezin izan zuten behar besteko doitasuna mantendu.

Gabezia horiek nabarmenak izan ziren, batez ere, Boccheriniren zein Franz Xaver Richterren laukoteen mugimendu bizietan. Lehenaren Adagio-an eta bigarrenaren Andante poco-an, ostera, esaldiak estatikoegiak suertatu ziren, noranzkoa zein zen igarri ezinik. Biolontxeloak eta biolak izan zituzten, hala ere, une ederrak, Richterrek beheko erregistroentzako solo zatiak eta pasarte melodikoak garatzen baititu propio.

Bigarren zatian, Mozartek Haydni eskainitako laukote sortaren lehenengoa entzun genuen. Irregulartasunen bat kontuan hartu gabe, laukote honetan garbiago agertu ziren Mozarten jeinu jostalaria eta gaien hartu-emana, distira txikiak sortuz. Erlantz gutxi batzuek zeharkatu zituzten arkuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.