Albistea entzun

KRITIKA. Artea

Maskulinitate uzkurtuen memoriak

Jaime Eguarasek Iruñean jarri dituen lanetako batzuk.
Jaime Eguarasek Iruñean jarri dituen lanetako batzuk. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Rubio -

2022ko apirilak 26

Jaime Eguaras. 'Azalaren azpian. Itzulpenak eta disonantziak'

Non: Ziudadelako Labea aretoan, Iruñean. Noiz arte: maiatzaren 15 arte.

Sorgune dugun gizarte, sistema, inguru heteropatriarkal honek definitutako genero rol zurrunek inguratu, zapaldu eta jan egiten gaituzte askotan. Nahiz eta azken hamarkadetan zurruntasun hori lausotzeko pausoak eman dituzten mugimenduak egon badiren. Eta horiek ikusarazi digute moldatze irmo horretatik kanpo bizitzeko aukerak badirela, nolabaiteko arnasguneak. Bada, non geratzen dira gizarte horren erosotasunean amildutako maskulinitate hegemonikoak? Hotza, arrotza, zurruna...

Prozesu horren barruan bizitzeak sorrarazi dizkion hausnarketak, ezinegonak, suminak... azaleratzen ditu Jaime Eguaras artistak Azalaren azpian. Itzulpenak eta disonantziak erakusketan. Horren barruan egoteak eta aldi berean horren parte ez sentitzearen adierazpenak arnasarazten dizkigu.

Gizarteak genero hegemoniaren inguruan eraiki izanak, estereotipo zehatzak onartzen baititu soilik, askoren irtenguneak estutu ditu. Feminitate eredu kanonikoak zalantzan jartzen dituzten mezuak zabalduz eta zabalduz doazen arren, non daude maskulinitate toxiko, kanoniko, hegemonikoak era sakonean birplanteatzera garamatzatenak?

Hor kokatzen gaitu Eguarasek, hausnarketa horren erdi-erdian, bortitzak bezain zuzenak diren konposizioen bitartez. Nolabait, azalaren azpian gordetzen dugun zikinkeria ateratzea, ikusgai bihurtzea, bat-batekotasunaren aldarri bihurtzen da, eta hori sumatzen dugu erakusketa espazioarekin talka egiten dugun momentuan. Bat-batekotasun hori guztiz azkartzen da, euskarrien askotarikotasunak berau areagotzen baitu: ikus-entzunezko bat, eskulturak, argazkiak... Eta, horrekin batera, materialen bortiztasunak azala, barrenak... kitzikatzen dizkigu, bertan ikusiko duguna ez dela erosoa izango iragarriz.

Erakusketa espazioaren forma zirkularrak pieza guztien uztartzea gauzatzen du. Eta, era berean, espazioaren nortasun propioa —harlanduak, harrizko zoruak, sabaia...— uztartze horren parte bihurtzen da. Alabaina, espazioan barneratzen garen lehen momentuan erdialdean kokatutako piezak harrapatzen gaitu, hein handi batean. Zoruan artistaren beraren argazki bat dago, momentuka agertzen eta desagertzen dena. Haren gainean, artilezko instalazio batek bueltak ematen ditu bitartean. Bertan aurkezten da artista bera, baina, oraingoan, pertsonaia arketipiko bati erreferentzia egiten dio.

Berau zuzen-zuzenean lotzen da haren atzealdean, harlanduzko murruan eskegitako triptikoarekin, zeinak gorputz adierazpenak biltzen dituen. Hiru argazki dira, baina, berez, ezin dugu ondorioztatu nor den gorputzaren jabea. Gorputza uzkurtzen da, belzten da, lehenik. Eta belztasun hori, azalaren barnetik ateratako ezinegon bihurtuz, estutzen gaituen gerriko zurrun bat bihurtzen da, hein batean; mugimendua, hasierako ezinegon hori, izoztu egiten baita. Gorputza harri pisutsu bihurtzen da, argazki gainean zintzilik dagoen eskulturak adierazten duen moduan.

Eta, prozesu horretan, figurazioak bestelako adierazpideei uzten die lekua. Argazkietatik eskulturaranzko trantsizio leuna gauzatzen da espazioan barrena. Moduren batean, trantsizio hori mostra bururatzen duen triptikoaren oihartzun bihurtzen da.

Halaber, hausnarketaren azkenen erpin moduan, Uraren gizona izendatuko ikus-entzunezko lan laburra sumatzen da irteerarantz gerturatzen garen heinean. Bertan, irudiak hitzekin uztartzen dira, ikusten dugunaren itzulpen poetikoa egia bihurtuz. Basoan gaude, eta gizon bat biluzten da, geldo, mantso, lasai... eta uretan barneratzen da. Testuak irudiekin fusionatzen dira, eta barnealdeko emozioa, samina, hausnarketa isurtzen du pixkanaka, sekuentziaz sekuentzia, irudiz irudi.

Sinbiosi hori ez da ikus-entzunezkora mugatzen, erakusketaren katalogoak ere hitzen eta irudien loturak ehuntzen baititu. Halatan, estuki-estuki ikusten duguna, hitz bihurturik:

«Epidermisa, gorputz-hesia, kanpoko babesa.

Ikusten dena eta ikusten ez dena.

Geruza, geruza zehargarria. Oihalak».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Nelly Arcan idazle quebectarra (1973-2009). ©ADAM BILINSKI

Luxuaren azpietatik

Itziar Ugarte Irizar

Literatura ikasketak egin artean luxuzko 'scort' lanetan aritu zen Nelly Arcan idazlea, eta garai hartan ikusitakoak garratz aletu zituen 'Puta' bere lehen eleberrian. Euskarara ekarri berri dute.
Michael Jacksonek 24 urte zituen <em>Thriller</em> kaleratu zuenean. ©BERRIA

Pop musika irauli zuen diskoa

Mikel Lizarralde

1982an argitaratu zuen Michael Jacksonek 'Thriller', eta, 40 urte geroago, historian gehien saldutako diskoen artean segitzeaz gain, kantariaren obra nagusia da. Hainbat bitxikeriarekin berrargitaratu berri dute.
 ©NEVER FOR EVER

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.