Nora Etxezarreta. Ibermaticako aholkularia

«Datuek ezin dute ordezkatu gizakia, baina ahaldundu egingo dute»

'Big data' kontzeptua puri-purian dagoen honetan, datuak pilatzeak eta haiek analizatzeak industria jardunean nola lagundu dezakeen azaldu du Etxezarretak. Argi du erabilgarria dela sektore gehiagotan ere.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Barakaldo
2019ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Nola eraiki data-driven enpresa txiki edo ertain bat? hitzaldia eman du Basque Industry 4.0 jardunaldian Nora Etxezarretak (Ordizia, Gipuzkoa, 1992), Ibermaticako Smart Manufacturing eta big data aholkulariak. Ekoizpenaren fase bakoitzeko datuen bilketak eta haien azterketaren ondorioek industria jardunean duten garrantziaz mintzatu da.

Hitzaldia anekdota batekin bukatu duzu. Makina-erreminta azoka batean «datuek ez dute txirbila ateratzen» entzun zenuela. Ateratzen al dute, bada?

Bezeroei askotan entzuten diegun zerbait da. «Guk piezak egiten ditugu», esaten digute. Bai noski, eta guk ez dugu esaten datuak enpresaren oinarria edo irizpide nagusia bihurtuko direnik, baina bai ezinbesteko zerbait. Hori bai, hobeto komunikaturiko enpresa bat bihurtu edo erreakzio denbora murriztu nahi bada, informazio hori biltzea ezinbestekoa da.

Date driven kontzeptua erabiltzen duzu. Enpresa bat zuzendu al daiteke datuetan bakarrik oinarrituta?

Industrian, esaterako, guk ez dugu esaten datuek gizakiak ordezkatuko dituztenik, baizik ahaldundu egingo dituztela. Gizakia hain ona ez den horretan lagunduko diote. Gizakia ez da hain ona informazio kopuru erraldoiak prozesatzen eta gero patroiak sortzen. Ordenagailuak horretan askoz hobeak dira. Baina egia da, era berean, enpresek know how edo esperientzia handia dutela barnean, eta hori ezin da ordezkatu. Erabaki hobeak hartzen lagundu diezaiekegu, eta une horretan bertan lantegi osoan gertatzen ari denaren argazki bat erakusteko aukera dugu.

Datuak nola pilatzen dira?

Enpresak, gero eta gehiago, paperean oinarrituriko ekoizpen batetik digitalera igarotzen ari dira. Alde horretatik, informazio iturri asko daude: ekoizpenaren planifikazioa kontrolatzeko sistemak,makinaren mantentze lana zaintzekoak, kalitatea kontrolatzeko erremintak daude, sentsoreen bidez lorturiko datuak... Datu horiek, enpresa gehienetan, digitalizatuak daude gaur egun, eta horiek dira gure lanabesak.

Industrian, izan ere, ia dena neur daiteke.

Bai, hori egia da, baina enpresa askotan dagoen arazo bat da dena neurtu daitekeela, baina dena ez dagoela lotuta. Guk lotura horri informazio hariak deitzen diogu, eta, horiek gabe, datu horiek informazio irla hutsak izaten dira; argazki orokorra ateratzeko garaian, oso garrantzitsua da datu horiek modu integratuan lortzea.

Datu horiek gurutzatzeaz ari zara.

Hori da, hain zuzen.

Datu horiek non eta nola pilatzen dira? Eta nola ateratzen dira ondorioak?

Datu base erraldoiak daude, eta, kopuruaren arabera, teknologia bat edo beste erabiliko duzu. Azkenean, datu horiek garbitu eta aurreprozesatu egiten dira, eta datuen sanpleo handi bat egiten da azterketarako. Hor sartzen dira jokoan algoritmoak, eta algoritmoak entrenatu egiten dira. Zuk algoritmo horri datu batzuk ematen dizkiozu, eta, datu horiek gaizki dagoen pieza batenak direla erakusten badiozu, orduan algoritmoak bere kasa aurkitzen ditu pieza bat gaizki egotera eramaten duten datuak. Ume bati erakustearen modukoa da, ereduekin: hau ona da, eta hau txarra. Algoritmoak, funtzio matematikoekin eta estatistikoekin, ikasi egiten du zerk eragiten duen gaizki egotea.

Hitzaldian esan duzu enpresa txikietan eta ertainetan txertatu daitekeela ezagutza hori. Kanpotik ikusita, elitista dirudi.

Ez da horrela. Gure MES sistema, esaterako, enpresa txikientzat eta ertainentzat diseinatuta dago. Askotan inplantatu dugu; ez da elitista. Enpresa ertain ia guztiak transformazio digitalari aurre egiten ari dira, gaur egun ez baitute beste aukerarik. Gaur egun, merkatuak kalitate handiagoa eskatzen dizu, modelo gehiago, eta, ondorioz, zure ekoizpen prozesuak askoz arinagoa izan behar du merkatuaren aldaketen aurrean. Eta hori lortzeko modu bakarra ekoizpen digitalera pasatzea da; ez dago besterik. Guk azken urteetan ikusi dugu: gure erreminten eskaera modu ikusgarrian handitu da.

Industriaz mintzo zara, baina beste sektore batzuetan ere erabil daitezke teknika horiek?

Bai. Marketinean, osasunean, gaixotasuna detektatzeko, tratamendu pertsonalizatuak eskaintzeko, energian... Arlo askotan erabili daiteke.

Industria jardunetik irtenda, eta big data aditua zarenez gero: egiten dugun guztiak arrastoa uzten al du? Interneten, adibidez, kontrolatuak al gaude?

Nola begiratzen duzun. Gu kontrolatzen ari dira? Edo gu ari gara datu horiek dohainik ematen? Nik ez dut oso garbi nondik begiratu. Azkenean, atari batean sartu eta Onartzen dut sakatzean, baimena ematen ari zara. Gero norbaitek datu horiek erabiltzen dituen? Pentsatzen dut baietz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.