Albistea entzun

Haur eta gazteen osasun mentala pandemian. Prebentzioa

Noiz eta nola hartu aurrea buruko gaitzei

Prebentzioa gakoa da haur eta gazteen osasun mentala zaintzeko. Hainbat elkartek programak dituzte eskoletan, eta«euste lana» egiten dute adingabeek gaitz larriak garatu ez ditzaten. Buruko eritasunen «estigma» kentzea dute xede.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain - Oihana Teyseyre Koskarat -

2022ko martxoak 13

OME Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, buruko nahasmenduen erdiak 14 urterekin edo lehenago hasten dira. Munduko nerabeen %10-20 inguruk dute buru nahasmenduren bat, baina gehienetan ez dira diagnostikatzen eta tratatzen, eta, sarritan, bere horretan jarraitzen dute helduaroan ere. Ohitura sozialak eta emozionalak garatzeko etapa erabakigarriak dira haurtzaroa, gaztaroa eta nerabezaroa, eta, beraz, garai horietan funtsezkoa da prebentzioan indarra jartzea osasun mentalari dagozkion arazoak saiheste aldera. Ildo horretan egina die eskaria OMEk mundu oso gobernuei: estrategiak eta tresnak gara ditzatela gazte eta nerabeen buru osasuna prebenitzeko eta zaintzeko.

Prebentzioa gakoa da buruko gaitzak garaiz atzemateko. Horretaz jabetuta daude osasun mentaleko arazoak dituzten paziente eta familiak artatzen dituzten elkarteak, eta hainbat programa abian dituzte helburu horrekin. Prebentzio lana bereziki ikastetxeetan egiten dute, adingabeen osasun mentaleko arazoak identifikatzeko samurragoa delako. Agifes Gipuzkoako buruko erien eta haien senideen elkarteak, esaterako, 2019an jarri zuen martxan Zeuk aukeratu programa, gazteen osasun mentala zaintzeko helburuz. Koronabirusaren izurria iritsi zenean, eten egin behar izan zituzten ikastetxeetan-eta eskaintzen zituzten saioak. 2020ko irailean berriro berreskuratu zituzten 10-15 urte arteko ikasleekin, eta orduan atzeman zuten «izugarrizko arazoak» zeudela gazteen artean, elkarteko kideek azaldu dutenez. Prebentzio programaren bitartez, emozioak ezagutu, euren burua zaindu, eta laguntza eskatzen irakasten diete ikasleei, solasaldien bitartez. Pozik daude saioek izandako erantzunarekin: joan den urtean, Gipuzkoako zazpi ikastetxetan jarri zuten martxan programa, eta jada hamazazpi zentrotan eskaintzen dituzte prebentzio saioak. Besteak beste, ikasleek osasun mentaleko arazoak dituztenen lekukotzak entzuteko aukera dute.

Egoerak «naturalizatzea»

Prebentzio saioen bitartez buruko gaitzen gainean dagoen «estigma» kentzea eta arazo horiek «naturalizatzeko» bidea irekitzea da gakoa. Hala azaldu du Vanessa Vadillok, Asafes buruko gaitzen bat dutenen eta haien senideen Arabako elkarteko kideak. Elkarteak prebentzio programa berezi bat abiatu zuen eskoletan duela urte batzuk, helburu argi batekin: osasun mentala zaintzearen garrantziaz «sentsibilizatzea», arazo emozionalak eta osasun mentaleko arazoak agertuko diren bizitzako etapak eta egoerak «naturalizatzea», eta horiek identifikatzen laguntzea.

Elkarteko psikologo batek hitzaldiak eskaintzen ditu hezkuntza zentroetan, eta «arrakasta handia» izaten dute. Pandemia iritsi zenetik, gainera, buruko osasunarekin lotutako arazo gehiago atzematen dituzte ikasleen artean, eta horrek nabarmen handitu du hezkuntza zentroek programarekiko agertu duten interesa: «Irakasleek esaten digute sekula ikusi gabeko egoerak atzematen ari direla ikasleen artean: antsietatearekin lotutako nahasmenduak, autolesioak, ideia suizidak...». Vadillok dioenez, ikastetxeetan ez dute tresna nahikorik kasuen gorakadari aurre egiteko, eta prebentzio lana gakoa da gaitz larriak eragotzi nahi badira. «Prebentzioak berebiziko garrantzia du arazoa kroniko bihur ez dadin. Laguntza lehenbailehen eskatzea ezinbestekoa da». Esplikatu duenez, adingabeek gaitz larriak garatu ez ditzaten «euste lana» egiten dute, eta, halaber, eskura dituzten baliabideak azaltzen dizkiete. «Buru osasuneko kasu larriak atzematen ditugunean, adibidez bere buruaz beste egiteko saiakerak edo autolesioak, aditu batengana jotzeko esaten diegu».

Arreta goiztiarra. Horixe da Graciela Rodriguez psikologoak nabarmendu duen kontzeptua. Gazteen eta nerabeen osasun mentalean aditua da, eta Bizkaiko Avifes elkarteak martxan duen Zaindu zure koko prebentzio kanpainaren arduraduna. «Lehenetsi egin behar da gazteen eta nerabeen osasun mentala babestea, eta, horretarako, prebentzioa funtsezkoa da familian, hezkuntzan, osasunean eta, bereziki, gazteen artean». Elkarteak izurria baino lehen jarri zuen abian prebentzio kanpaina, hezkuntza zentroetan tailerrak eta hitzaldiak antolatuta. «Helburua da adingabeek laguntza eskatzen ikastea eta, arazoren bat izanez gero, nora jo behar duten identifikatzea». Hala, programaren bitartez, gazteei «erantzunak bilatzeko ibilbideak» proposatzen dizkiete.

Buruko eritasunen inguruko «estigma» kentzeak berebiziko garrantzia duela uste du Rodriguezek. Gazteei mezu hori helarazten diete hitzaldietan: «Argi utzi nahi diegu edozeinek izan dezakeela buruko gaitz bat, ez dela ezer gertatzen. Garrantzitsuena da gaztetxoak adi egotea eta gai izatea arazo bat dagoela jabetzeko. Noski, ondoren laguntza eskatzeko bideak eman behar zaizkie».

Klima aldaketa

Bestalde, Baionako ospitalean osasun mentalari buruzko prebentzioa egiteaz arduratzen da Osasun Mentalerako Tokiko Kontseilua. Adin tarte guztietara begirako prebentzioa egiten dute bertan, baina partaidetza bereziak dituzte gazteei begira, Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin batik bat. Horren barnean, urtero, Osasun Mentalari buruzko Informazio Astea deituriko egitasmoa sustatzen dute. Aurten, esaterako, osasun mentala eta ingurumena izango ditu ardatz, urrian. Izan ere, gazteentzako arlo bat tratatzeko asmoa dute: OMEren arabera, 16 eta 25 urte arteko gazteen artean, %59k «antsietate larria» sentitzen dute klima aldaketarengatik eta horrek eragiten dituen kalteengatik, pandemia barne. Jardunaldiak antolatuko dituzte, hain zuzen, gazteek bereziki jasaten duten «antsietate klimatikoari» buruzko hausnarketa egiteko.

Frantziako Hezkuntza Ministerioak eta Frantziako Osasun Publikoaren erakundeak 18 urtetik gorako gazteen osasun mentalaz arduratzeko kanpaina bat abiatu zuten iazko apirilean, Hitz egitea artatzen hastea da izenpean; osoki digitala da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kalera jo zuten herritar ugarik Bilbon, arrazakeria, xenofobia eta ijitoen aurkako diskriminazioa salatzeko. ©M. DEL VALLE / FOKU

Erakundeen arrazakeria «egiturazkoa» dela salatu dute

Joxerra Senar Javi West Larrañaga

Kalera atera dira ehunka lagun «politika publiko arrazisten» aurka egiteko, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean
Aralarren elkartu ziren hainbat lagun, gasbidearen aurka. ©ARALAR ZAINDU DEZAGUN

Makinak martxan ez jartzeko

Edurne Elizondo

Aralar Zaindu Dezagun plataformak manifestaziora deitu du Lekunberrin (Nafarroa), Nedgya enpresak Aralarko Babes Bereziko Eremuan egin nahi duen gasbide proiektua salatzeko.

Ekologistak Martxan-ek neurriak eskatu ditu kutsaduraren aurka

Jone Arruabarrena

100.000 biztanle baino gehiago dituzten herrietako udalak behartuta daude airearen kalitate ona bermatzen duten planak ezartzera
 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Erabilera da orain benetan indartu behar dugun esparrua»

Arantxa Iraola

UEMA handitzen ikusi du Lazkanok han kargua hartu zuenetik, harro: gainditzear dute ehun herriren langa. Kontrara, datuek erakusten dute, eta kaleetan ere sentitzen da, hiztun komunitateen trinkotasun galera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.