Subiranotasuna aurretiazko lanaz elikatzen dela uste dute adituek

Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
«Subiranotasunaren aldeko olatuak eraiki edo berpiztu nahi baditugu, instituzioetara ailegatzea ez da nahikoa». Ideia hori utzi zuen atzo Onintza Odriozola historialari, soziologo eta EHUko ikerlari eta irakasleak, Naziometroari buruzko jardunaldietan antolatutako mahai inguruan. «Boterera heldu gaitezke, baina arrakasta soziala beharrezkoa da, eta zilegitasun bat lortzea ere bai». Horrez gain, aliantzen garrantzia nabarmendu zuen: «Gaur egun ez da helduleku bakarra existitzen; subiranotasunaren inguruan artikula daitezkeen diskurtso eta mugimenduetan aliantzak sortu behar ditugu».

Estitxu Garai kazetari eta EHUko ikerlari eta irakasleak ere, Odriozolaren iritzitik tiraka, herritarren nahiak kontuan hartu behar direla azpimarratu zuen: «Jendeak ikus dezala burujabetzak onurak ekarriko dizkiola». Eta Txomin Poveda soziologo, geografo eta ikerlariak gehitu zuen Ipar Euskal Herriko jendearen nahiak antzeman behar direla. «Ipar Euskal Herriko datuak aztertzen baditugu, ikaragarri handia da zenbat jende egon daitekeen prest pausoak emateko burujabetza politikoaren alde, baldin eta ongizate materiala aitzinatzen den», argitu zuen.

Enpresak eta krisiak

Subiranotasuna lortzeko beste puntu bat nabarmendu behar zela aipatu zuen Xabier Barandiaran politologo, soziologo eta EAJko Euzkadi Buru Batzarreko kideak. «Euskal Herriaren etorkizuna, neurri batean, enpresak sortzeko dugun gaitasunaren esku dago». Hain zuzen ere, «bertako enpresak zein munduan zehar sortutako enpresak bertako kapitalarekin sortzeko gaitasunaren esku». Eta gehitu zuen komunitate politiko bat sortzeko beharrezkoa zela kohesioa emango zioten ardatzak ezartzea: «Komunitate politiko bateko kide sentitzen garenok, egitura politiko bat nahi dugu, biziraupena ziurtatzeko. Komunitate osoari kohesioa emango dion ardatzik ez badago, arazo bat daukagu».

Floren Aoiz Iratzar Fundazioko zuzendariak ere hartu zuen parte mahai inguruan. «Katalunian eta Eskozian gertatu den bezala, astinaldiak batez ere kiebra edota krisi sistemikoak daudenean gertatzen dira». Krisi momentu horiek noiz helduko diren asmatzea ezinezkoa zela onartu zuen, halere: «Agian aurreikusten ahal dugu, baina ezin dira planifikatu». Horregatik, sakoneko lana egitea beharrezkoa da, haren iritziz: «Infraestruktura lana egin behar dugu, kiebra sistematiko horietan edo bestelako baldintzetan gerta daitezkeen bizkortze edo kalitatezko jauzietarako aukera profitatu ahal izateko».

Izan ere, Garaik zehaztu zuenez, «txinpartak sortzen direnerako, egurra prest izatea beharrezkoa da». Eta horregatik, garrantzitsutzat jo zuten mahai inguruko kide guztiek Naziometroaren lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.