Euskaraldia. ANALISIA

Esan gabe doa

Irati Agirreazkuenaga eta Estitxu Garai
2022ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Fetitxismo linguistiko esaten zaio balio erreferentzial edo komunikatibotik at hizkuntzak balio sinbolikoa hartzeari. Gurean badakigu horri buruz zerbait. Euskal Erdiko erakundeak tematu dira nonbait ingelesezko akronimoekin. Sistematikoki jartzen zaizkie ingelesezko deiturak sortu berriak diren txiringitoei. Aitzakia moduan darabilte nazioartean hedatzeko asmoz egindako hautua dela, gero euren jarduna bertan eta bertakoentzat egindako ekintzak direnean. Ondorio latzak dituen autotranpa. Ingelesa erabiltzen badugu modernotasuna, berritasuna, prestigioa, kalitatea, profesionaltasuna, arrakasta, teknologia edo zientzia transmititzeko, esan gabe esan nahi baita euskarak ez duela hori guztiori iradokitzen. Eta horrela jarraituta ez duela inoiz iradokiko.

Balioak aztertu eta eraldatzeko jakintza esparru oso bat garatu da, markagintza gisa ezagutzen duguna. Ikuskera horretatik aztertu dugu euskara. Emaitzek erakusten dute euskarari irudi mitiko moduko bat ematen zaiola: oso hizkuntza polita da, baina oso zaila. Autentikoa eta tradizionala, baina eguneroko praktikatik urrun. Museoko hizkuntza. Zenbat aldiz entzun ote dugu umore bidezko saioetan euskara oso hizkuntza zaila dela, aspergarria eta praktikotasun gutxikoa (Vaya Semanita ETB2ko saioak gai horri tiraka bilduma osoa egin zuen). Euskarak jasotzen duen irudi horren laburpen gaizto bezain eraginkorra egin zuen telebista aurkezle ezagun batek, elfikoa zirudiela esatean.

Halaber, gainditutako zerbait zela aurreikusten bagenuen ere, euskara baserriko gaiekin lotuta agertzen zaigu oraindik ere. Horri lotura berri bat gehitu behar diogu: eskolarekin lotzen da. Pentsa dezakegu gutxiespen sinbolikoa gainditzeko bitartekoa izan daitekeela, eskola prestigio-eremua izaki. Ordea, eskolak duen aspergarri, zurrun, zorrotz edo derrigorrezko asoziazioak ere berarekin dakarzkio euskarari. Zientzia, teknologia, ekonomia bezalako gai aintzatetsiagoetan, berriz, euskarak ez du aitortzarik jasotzen.

Baikor jarrita esan dezakegu oso hizkuntza maitatua dela; ezkor jarrita, berriz, oso maitatua dela baina oso ondorio praktiko gutxirekin. Euskararen alde egiteko prest gaudena, batez ere, alaba-semeei euskara transmititzea da. Hurrengo belaunaldiak konponduko omen du auzia. Albora begira jarri eta ardura besterentzen jarrai dezagun.

Gezurretan ariko ginateke marketin kanpaina batek euskara salbatuko duela esango bagenu, bestelako botere-dinamikak alde batera utzita. Baina esangurek janda bukatu nahi ez badugu, esangurak kozinatzen hasi beharko dugu. Horregatik, markagintza aintzat hartuta, plangintza oso bat jarri beharko genuke martxan euskara zein baliorekin kargatu nahi dugun erabakitzeko. Zeharlerrokoa. Hizkuntza Politikako Sailak egiten duenak bezainbesteko eragina baitu Sustapen Ekonomikoko Sailetik egiten denak, euskalgintzako erakundeetatik egiten denak bezainbestekoa futbolari batek dioenak. Euskara zorionekoa edo zoritxarrekoa den guk hemen eta orain ebazten baitugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.