Trump: «Supremazista zuriak, neonaziak, Ku Klux Klan higuingarriak dira»

Virginiako istiluen harira adierazitakoetatik atzera egin, eta, presioen eraginez, aliatu dituenen kontra egin du AEBetako presidenteak

Ekintzaile talde bat herenegun, protesta batean. MICHAEL REYNOLDS / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Make America great again (Egin Amerika berriro handi) izan zen Donald Trumpek AEBetako presidentetzarako kanpainan erabilitako leloa, eta, joan den larunbatean Charlottesvillen (Virginia)Eskuina batu lelopean manifestazio batera bildutako 1.000 bat supremazista zuri, Ku Klux Klaneko kide eta neonaziren artean, dezentek zeuzkaten jantzita Trumpen leloa idatzia zuten biserak eta kamisetak. Haren aliatuak dira, baina AEBetako presidenteak haien kontra egin du. Arrazagatiko istilu larriak gertatu ziren Charlottesvillen eskuin muturreko jarraitzaileen eta horien aurkakoen artean, eta 32 urteko ekintzaile bat hil zen, 20 urteko neonazi batek autoarekin harrapatuta—beste 20 zauritu zituen erasoan—. Horren berri eduki eta berehala, larunbatean bertan, «inplikatutako alde guztien biolentzia» kondenatzera mugatu zen Trump. Baina estu hartu dute Alderdi Errepublikanoan eta Etxe Zurian, eta, presioen eraginez, presidentetzara aupatu zutenak jarri ditu jomugan. «Arrazismoa deabrua da, eta haren izenean biolentzia eragiten dutenak, hiltzaileak». Izen eta abizen aipatu zituen «hiltzaileak», oporraldia eten eta Etxe Zurian egindako agerraldian: «AEBetan nahi dugunarentzat, supremazista zuriak, neonaziak, Ku Klux Klan eta beste gorroto talde batzuk higuingarriak dira».

The New York Times egunkariaren arabera, presioengatik atzera egin du Trumpek. Atzo goizean bertan, esaterako, Kenneth Frazier Merck enpresa farmazeutiko erraldoiko buruak AEBetako presidentearen jarrera salatu zuen, eta adierazi uko egiten diola AEBetako Fabrikatzaileen Kontseiluari. Etxe Zuriko maizterraren kabineteko kideak ere, haien buruak larunbatean ahoratutakoak zuzendu beharko zituelakoan zeuden.

Igandean bertan, beste hainbatetan bezala, Etxe Zuriak baretu zuen Trumpek bezperan piztutako sua. «Presidenteak sutsuki esan zuen gorroto, fanatismo eta biolentzia molde guztiak kondenatzen dituela. Horrek, noski, supremazista zuriak, neonaziak, Ku Klux Klanekoak eta era guztietako muturreko taldeak hartzen ditu barnean», adierazi zuen bozeramaile batek. Baina Trumpek atzo izendatu zituen talde horiek, ez lehenago. Jeff Sessions AEBetako fiskal nagusia bera arrazista izateaz akusatu zuten iraganean, baina atzo esan zuen gertatutakoa, autoaren harrapatzea bera, «terrorismo ekintza bat» dela.

Esan daiteke, ordea, neurri batean behintzat, Trumpek berak hauspotu duela larunbatean Charlottesvillen bildu ziren eskuin muturrekoen ideologia. «Begiratu bestela zer-nolakoa izan zen haren hauteskunde kanpaina», salatu du Alderdi Demokratako Mike Signer Charlottesvilleko alkateak.

Hango udalak AEBetako gerra zibileko armada konfederatuko Robert E. Lee jeneralaren, supremazista zurien ikonoetako baten estatua bat kentzeko asmoa daukalako bildu ziren Charlottesvillen eskuin muturreko taldeen jarraitzaileak. Han zegoen, adibidez, Dave Duke Ku Klux Klaneko kide entzutetsua, eta ohartarazi zuen gertatzen ari zenak Trumpek «Amerikari egindako promesak» betetzen zituela. Eta presidentea gogoan, txio argigarri bat ere idatzi zuen: «Guk jarri zaitugu hor».

Izan ere, presidentearen diskurtso nazionalista eta xenofoboaren abaroan, geroz eta gorroto talde gehiago daude AEBetan. Southern Poverty Law Center gobernuz kanpoko erakunde antirrazistak eman du datua: 2014an 784 ziren, eta iaz, 917. Halere, Charlottesvilleko gertakariak puri-purian zeudenean egin du inkesta bat Gallup etxeak, eta ondorioztatu du Trumpen onarpena %34ra jaitsi dela. Errepublikanoen artean %79k onartzen dute; duela zazpi hilabete baino %10 gutxiagok, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.