Donostiako 70. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Zatikatutako bizitza bat

Andoni Imaz.
2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun

'Kong Xiu'



Zuzendaria: Wang Chao. Aktoreak:Shen Shi Yu, Zhu Dong Qing, Wang Xue Dong, Yu Qing Bin. Herrialdea: Txina. Iraupena: 110 minutu.

Zinemagile beteranoa da Wang Chao, eta nazioarteko zinemaldi handietan aurkeztu izan ditu bere filmak, baina, auskalo zergatik, haren ibilbidea ez da oso emankorra, ezta oso ezaguna ere. Eta, egia esan, azken urte luzeetan Txinatik iritsi diren proposamen zirraragarrien aldean, haren Kong Xiu film berriak behintzat ez du berritasun handirik ekarri: istorioaren protagonista Iraultza Kulturalaren garaiaren isla da, eta haren bidez kontatzen da aro batetik besterako aldaketa, oihal fabrikan lan egin eta etxeko lan guztien kargu hartu behar izatetik, lotura guztietatik askatu, eta idazle izatea lortzen duenera arteko bizialdia.

Istorio intimoaren eta sozialaren arteko loturak, ordea, tarteka besterik ez dira agertzen filmean, eta ez indar handiarekin. Wangen eszenaratze zainduak batez ere lortzen du protagonistaren egoeran sakontzea, eta haren bizipen asko modu sinesgarrian eta interesgarrian irudikatzea.

Filmaren argazkia ez da ikusgarria, baina, argiaren tratamendu on bati esker, irudi ederrak eta adierazgarriak sortzen ditu batzuetan. Hala ere, Wangen lanik aipagarriena ediziokoa da: mozketa azkarraren bidez, eszenetako ekintzak amaitu orduko, pertsonaiaren batek elkarrizketako azken hitza esan orduko moztu ditu planoak. Horrek, koherentziaz gainera, erritmoa ematen dio pelikulari, eta, bestalde, balio du irudikatu nahi duen zapalkuntza giroa islatzeko ere.

Dena dela, kontakizunak ez du lortzen gidoitik askatzea, eta, edukiz zein formaz, filmak ez duenez gauza berri askorik esaten, bere iraupenak nekagarri ere bihurtzen du azkenerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.