Gerra Ukrainan. Wagnerren matxinada. Jevgeni Prigozhin

Aliatuak desafio egin dio Putini

Wagner taldearen burua etsaituta dago Errusiako Defentsa Ministerioarekin, eta buruzagiak iraindu ditu behin eta berriz hilabeteotan. Errusiako presidenteak ez dio kargu hartu, eta, azkenean, matxinatu egin da.

RTVE.
Igor Susaeta.
2023ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Jevgeni Prigozhin (San Petersburgo, Errusia, 1961) ahoberokeriatan aritzen da Telegramen argitaratzen dituen bideoetan. Wagner mertzenario taldeko burua hitzontzi agertu ohi da, eta maiz jotzen du nola mehatxura hala irainera. Errusia Wagnerrekoekin borrokatu zen Bakhmuteko bataila amaigabean, Ukrainako gerrako mediatikoenean, eta, hango gorabeheren harira, paramilitarren buruak jopuntuan ditu Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroa eta Valeri Gerasimov Estatu Nagusiko buruzagia. Zer ez ote die deitu. Bere buruaren irudi jakin bat eraiki du Prigozhinek modu horretan.

Ikusi gehiago:Lukaxenkorekin negoziatu ostean, Moskurako martxa gelditu du Prigozhinek

Errusian egindako inkestek erakusten dute pertsona ezagun bat bihurtu dela, eta Ukrainarekikoa nola edo hala irabazi nahi dutenek oso gustuko dutela, haren jarrera gerrazaleagatik. Baina haren ibilia aintzat hartuta, kontrako iritzia ere zabalduta dago. 1980ko hamarkada espetxean igaro zuen, lapurreta eta iruzurra egotzita. Aske gelditu zen 1990ean —Sobietar Batasuna 1991n desegin zen—, eta kalean hot dogak saltzeari ekin zion.

Jatetxe bat irekitzea eta catering enpresa bat sortzea izan ziren hurrengo urratsak, eta garai bertsuan, gainera, Vladimir Putin ezagutu zuen. Egun Errusiako presidentea denaren gorakadari etekina atera zion, eta administrazioekin kontratuak sinatzen hasi zen; esaterako, armada eta eskolak elikatzeko. Oligarka bat bihurtzeko pausoak ematen ari zen. Kremlinen ildoko hedabide sare bat jarri zuen martxan gero.

Kremlinek nola funtzionatzen duen ondo daki Sergei Markovek, Putinen gertuko aholkularietako bat izandakoak. Duela aste batzuk adierazi zuen Errusiako Gobernuak eskatu diola Prigozhini ez dezala sortu mugimendu politiko propio bat, eta Wagnerreko buruak hitzeman diola ez duela egingo halakorik. «Beldur pixka bat diote, eta pertsona deseroso bat dela iruditzen zaie», esan zion Markovek Reuters berri agentziari. «Putinen ondorengo aro batean» pentsatzen ari dela azaldu zion Tatiana Stanoiova Errusiako analista politikoak Alemaniako Der Spiegel astekariari.

Buruzagitza militarra gogor kritikatu duen arren, Putinek ez dio belarrietatik tira egin Prigozhini orain arte. Hori bai, Defentsa Ministerioak ekainaren 11n iragarritakoa Wagnerreko buruari egindako ohartarazpentzat har daiteke. Agindu bat kaleratu zuen, zeinaren arabera «boluntarioen taldeak» behartuta dauden armadan integratzera uztailaren 1a baino lehen. Izan ere, armada pribatuak debekatuta daude Errusian. Prigozhinek erantzun zuen, hurrengo egunean, bere mertzenarioak ez direla armadaren parte bihurtuko, eta erabakia argudiatu zuen nabarmenduta jeneralekin koordinatuta egin dituela ekintza guztiak. Eta jeneralak aipatuta, oraindik ere kritikatzen ditu horiek jendaurrean, zeren azpimarratu berri du Putini gezurra esaten diotela.

Ez dago argi aurrerantzean zer rol jokatuko duten Wagnerrekoek Ukrainan. Haien buruak esana dauka prest dagoela paramilitarrak frontean hedatzeko, baita horiek Ukrainarekin muga egiten duen Errusiako Belgorod eskualdera eramateko ere, Kremlinen kontrakoak direla dioten milizia batzuk Errusiako indarren kontra borrokatzen ari baitira han, azkeneko asteotan.

«Ez du gerra pasatuko»

Errusiak inbasioa hasi baino lehenago, Prigozhinek adierazten zuen berak ez zuela zerikusirik Wagnerrekin; are, mertzenario taldearen izatea ukatzen zuen. Iazko otsail amaieran, Errusiako tropak Kiev hartzen ahalegindu zirenean, armadaren erabakiak laudatu zituen.

Iritziz aldatu zuen, eta iazko irailean onartu zuen taldearen liderra zela eta gerran borrokatzen ari zirela. Wagnerrekoak Kremlinen interesak jokoan dauden lekuetan egongo dira; hau da, lan zikina egiten dutela.

Wagnerrekoen jardueren berri 2014an eduki zen aurrenekoz, Errusiak Krimea anexionatu zuenean. Urte berean, Donbassko milizia errusiazaleak laguntzen hasi ziren, eta Siriako gerran ere borrokatu ziren. Nolanahi ere, nagusiki Afrikan aritu dira —eta ari dira—, ia beti gidoi berari jarraiki: ahulduta dagoen autokrata batek laguntza eskatzen du, eta, trukean, baliabide naturaletarako eta lehengaietarako sarbidea ematen du. Modu horretan, bide batez, Errusiak kontinentean duen eragina handitzen du. Sudanen hasi zen, 2017an, eta, orduz geroztik, Afrika Erdiko Errepublikan, Malin eta Libian esku hartu du, besteak beste.

Ikerketa batzuen arabera, 5.000 bat kide zituen Wagnerrek Ukrainako gerraren aurretik; gehienak, Errusiako armadaren eliteko erregimentuetan eta indar berezietan borrokatutako beteranoak. Jende gehiago behar zen, ordea. Kremlinek, beraz, Errusiako kartzeletako burdin sareak ireki zizkion Prigozhini, mertzenarioak horietan errekrutatzeko. Eskaintza bat egiten zien: sei hilabetez frontera joaten baziren, aske izango ziren gero. Eta promesa bat: ez zirela lehen lerroan borrokatu. 50.000 inguruk baietz erantzun zioten. Formaziorik jaso gabe bidali zituzten lehen lerrora, ordea, eta, Prigozhinen esanetan, 20.000 bat hil egin dira; AEBen arabera, 30.000 hil dira.

Kremlini leporatu izan dio behar beste munizio ez dutelako jaso hil direla hainbeste. «Prigozhinen rola da mundu guztiari zaunka egitea; modu horretan, elitea adi egon dadin», esan zion Der Spiegel-i Irina Borogan Foreign Affairs aldizkariko analistak. Anton Barbashin Riddle Rusia hedabidekoak beste iritzi bat du. Iruditzen zaio Prigozhin «tresna bat» dela. «Ez du gerra pasatuko. Informazio asko du, eta batzuentzat hobe hilda badago», adierazi zion El Pais egunkariari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.