Iñaki Ziarrusta Hernaez. Antzerkigilea

«Ardura kenduta, beti dator zerbait interesgarria»

Donostia antzerki saria jaso, eta obra saritua ematekoak ziren gaur Atx Teatroko kideak. Hamar urte bete dira konpainia sortu zutela, eta, zailtasunak zailtasun, lekua bilatzen asmatu duelakoan da Ziarrusta.

MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
itziar ugarte irizar
2020ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
«Mundu distopikoak, arrarotasunak, minak, iluntasunak, zatarrak, zikina... argitara atera eta ikusleekin batera atx egitea». Asmo horrek definitzen du Atx Teatroaren izena eta izan nahia. Diskurtso sakonak bazter utzi gabe, umorerako jauzia egin dute 7ak bat. Gaiztoetan gaiztoenak obrarekin, eta Donostia antzerki saria irabazi dute harekin. Birusaren krisiak bertan behera utzi du dena, eta umorez irauli du egoera Iñaki Ziarrusta Hernaezek: «Gu oso konpainia txikia gara [Naia Muñoz Muruak eta berak osatzen dute], eta ez oso boterearen aldekoak. Badirudi destinoa izan dela: guri saria eman eta bat-batean pandemia bat gertatzea, non saria ezin dugun jaso». Edonola ere, euren burua jada saritutzat jo dutela dio, eta pozik horrekin.

Kulturgileentzat ere kolpea izaten ari da geldialdi hau. Nola harrapatu du zuen konpainia?

Urteko lanaren ia %60 bat geratu zaigu bertan behera. Beraz, kolpe gogorra izan da. Halere, nahiko momentu onean harrapatu gaitu. Duela urtebete sarraski handia izango zen, zor handiak genituelako. Zorionez edo zoritxarrez, ofizio honetan ohituta gaude errautsetatik birjaiotzen, eta berriz egin beharko dugu hori.

Hamar urte bete ditu konpainiak aurten. Nola joan dira?

Nik banekarren hamazazpi urteko ibilbidea, erdi amateur-erdi profesional beste konpainia batean. Sektorea ez zen arrotza niretzat, baina proiektu berri bat hastea beti da oso konplikatua, ekonomikoki mantentzea batez ere. Une oso larriak egon dira. Baina konplize asko izan ditugu: sektoreko jende asko beti egon da gu zaintzen, gu saiatzen garen bezala besteekin.Antzerkia gaur oso gauza minoritarioa da, kultura oro har, baina are gehiago euskaraz bakarrik egiten duzunean. Izugarria da: problema bat da zure herrian zure herritarrentzat eta zure hizkuntzan antzerkia egitea. Oraindik ere. Erraztasun gehiago dituzu espainolez, frantsesez edo hizkuntzarik gabe eginda.

Horixe aipatu zenuen sariaren berri ematean: euskal antzerkigileak ate guztiak jo arren, gutxik zabaltzen dizkiotela.

Bai, guk horrela bizi dugu beti. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 60 bat antzoki daude, baina horietatik programazio finkoa dutenak 30 bat, eta horietatik hainbatek ez dute euskaraz programatzen, edo oso gutxi. Nafarroan eta Iparraldean ateratzen duzu zerbait gehiago. Guk, asko jota, ikuskizuneko 30 saio egiten ditugu, urte eta erdian edo. Hori guretzat oso ondo dago. Baina 30 emanaldirekin ezin zara bizi. Bakarrizketa txikiak, lan teknikoak... horiekin osatzen dugu.

Obra saritura etorrita:7ak bat. Gaiztoetan gaiztoenak. «Satira ausart eta dibertigarri» modura egin diote aitortza.

Orain arte ez dugu komedia bat egiteko asmorik izan, baina honetan bai, eta uste dut, komedia bat izanda, gauzak errazago sartu direla, olio gehiagorekin. Hiru elementu nahasi ditugu: iraultza feminista, Mary Shelleyren Frankenstein eta antzerkiaren artifizioa, pertsonaia bat nahi gabe maneiatzen duena teatroa bera. Dibertigarria eta aldarrikatzailea da: horrek ere borobildu du.

Estreinakoz umeentzako obra bat ere sortu duzue aurten: Kaskarot. Eginbeharra da lur berriak saiatzea?

Guretzat oso garrantzitsua da proiektu berri bat egiten dugunean erronka berri bat izatea, guretzat behintzat. Beste batzuek ere egin dute umeentzako antzerkia, noski, baina guk orain arte ez genuen ukitu alor hori. Nik hasieran zalantza asko nituen, uste nuelako asko mugatu beharko nuela neure burua, kontu handiarekin ibili... Baina oso pozik geratu gara, eta publikoak oso ondo jaso du.

Eremuak zabalduz joan arren, antzerkia egiteko modu bat topatu duzuela igartzen duzu?

Atx konpainia sortu nuenean, premisa bakarra jarri nion neure buruari: ondo pasatu nahi nuela. Besterik gabe. Sortze prozesuetan, biretan, ekoizpenean, harremanetan... trankil eta ondo pasatzea. Eta tontakeria bat dirudien arren, uste dut hor gako bat dagoela: egiteko unean eta plazaratzerakoan. Gure konpromisoekin, bainaez gara ardura handia sentitzen duen konpainia bat.Aktoreei esaten diet: «Ahaztu emaitza». Eta serio diot: emaitza on bat lortu nahi dugu noski, baina horretarako biderik onena ardura kentzea da, ondo pasatzea. Egoera horretan beti dator zerbait interesgarria. Pertsonekin egiten dugu lan, haien barruekin. Hori baloratu eta errespetatu egin behar da.

Antzerkiaren Nazioarteko Eguna gaur. Zer pasatzen zaizu burutik?

Gorroto ditut nazioarteko egunak.Herri honetan gertatzen dena da politikariek, gehienek, ez daukatela ideiarik ere ez kultura zertarako den, eta horregatik gaude gauden moduan, baztertuta. Galdetzen badiezu zertarako den osasuna, ikerketa, are kirola... guztiek, ezkerretik eskuinera, antzeko erantzun bat izango dute. Baina kultura nahasten dute turismoarekin, folklorearekin... Ideiarik ez dago. Eta horrek eragiten du ez egotea epe ertain edo luzerako kultur politikarik. Gaur esango dute antzerkia zein inportantea den, eta ez dakite zergatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.