ana galarraga aiestaran
ARGI ALDIAN

Gaitzaren izena eta izenaren gaitza

2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Tximino-baztanga Afrikatik kanpo hedatzen hasi zenean, izenaren egokitasunari buruzko eztabaida sortu zen. Gaitzak izendatzeko Osasunaren Mundu Erakundearen irizpideen arabera, komeni da izena deskribatzailea izatea. Horren helburua estigmatizazioa eragoztea da. Esaterako, COVID-19a agertu zenean, Wuhango neumonia deitu zitzaion. Handik gutxira, ordea, OMEk COVID-19 deitzea erabaki zuen, gaitza leku jakin batekin lotzea saihesteko. Antzekoa gertatu da 21 trisomiarekin; lehen, mongolismoa deitzen zitzaion.

Tximino-baztangaren kasuan, tximinoa aipatzeak —animalia horietan identifikatu zen lehen aldiz birusa— kutsu arrazista zuela iritzi zioten askok; tartean, OME bera. Horregatik, gaia aztertzen aritu dira, eta, berriki, ingelesez, tximino hitza kendu eta lehen hizkia baino ez uztea erabaki du. Hortaz, monkeypox-en ordez, mpox da orain gaitzaren izena.

Hori baino lehen, komunitate zientifikoak jada aldatu zituen gaitza sortzen duen birusaren aldaeren izenak. Hala, Kongoko arrokoa eta Afrika mendebaldekoa, 1 eta 2 deitzen dira orain, hurrenez hurren. Birusaren izenak, ordea, Orthopoxvirus monkeypox izaten jarraitzen du.

Eta euskaraz? Bada, izenaren bi zatiak, tximino, batetik, eta baztanga edo nafarreria bestetik, jarri ziren ezbaian: lehena, ingelesez bezala, arrazakeria-kutsuagatik, eta bigarrena, Baztan eta Nafarroa zekartelako gogora. Baina OMEren irizpideak bereziki gaixotasun berriei eragiten dienez, hasieran ez zen aldatzeko beharrik ikusi. Horrela zioen, hain zuzen, Elhuyarrek argitaratutako gomendioak: «Beraz, baztanga, nafarreria, tximino-baztanga eta antzeko terminoak neutrotzat jo behar dira, eta ez litzateke estigmatizazio- edo diskriminazio-zantzurik ikusi behar horietan».

Gerora, ordea, eta OMEren erabakiari zein adituen esanari jaramon eginda, gaia berriro aztertu, eta tbaztanga edo t-baztanga erabiltzea proposatu du Elhuyarrek, argitaratu duen azken gomendioan. Besteak beste, oso aintzat hartu du Adolfo Arejita euskaltzainak Euskadi Irratiko Faktoria saioan gaitzaren izenari buruz esandakoa. Haren hitzetan, baztanga hitza ez dator Baztan herriaren izenetik, baizik eta pastinaca-tik, hau da, azenarioa eta antzeko landare-sustrai hori-laranjakarei erreferentzia egiten dien latinezko hitzetik. Hortaz, ez legoke arazorik gaixotasuna adierazteko terminoan baztanga hitza erabiltzeko. Nafarreria terminoa, aldiz, baztertzekoa litzateke, eremu geografiko bati erreferentzia egiten diolako.

EHUko adituen iritzia ere jaso ondoren, Elhuyarren ustez, oraingoz, bi termino hauek erabiltzeko aukera dago: tbaztanga edo t-baztanga eta mpox. Nolanahi ere, adi egongo da gainerako hizkuntzetarako hartzen dituzten erabakiei, eta euskarazko terminoen erabileraren bilakaerari.

Dena dela, beste gaitz batzuekin ere gertatzen den bezala, izenaz gain, badira diskriminatzeko beste arrazoi batzuk ere: The Lancet aldizkariak ohartarazi duenez, tbaztangaren prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduan, arreta osoa gizon gazte eta helduetan jartzen ari dira, eta bazterrean geratzen ari dira infektatutako emakumeak, ez-binarioak, haurrak eta adinekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.