Albistea entzun

LAUHAZKA

Letra xehez baina letra guztiekin

Miren Agur Meabe idazlea Juan Mari Aburto alkatearekin, Bilboko Ospetsua titulua emateko ekitaldian.
Miren Agur Meabe idazlea Juan Mari Aburto alkatearekin, Bilboko Ospetsua titulua emateko ekitaldian. BILBOKO UDALA Tamaina handiagoan ikusi

Katixa Agirre -

2021eko abenduak 19

Idazten ari naizen eleberriaren amaiera aldera helduta, etsipena eta nekadura erortzen zaizkit gainera. Egongo da idazketaren azken txanpara euforiak jota eta energia soberan iristen dena. Ni ez naiz horietako bat. Amaitu nahi dut behingoz, akituta nagoelako, eta aldi berean ez dut amaitu nahi, badakidalako zer suposatzen duen puntu finalak: hasierara itzultzea eta dena kanpo begirada batez errebisatzen saiatzea, infernua.

Ataka honetatik ateratzeko Eskerrak Emateko Orriarengan pentsatzen dut. Tesia idazten nengoela hartu nuen ohitura: animoa faltan sentitzen nuenean mentalki idazten nuen esker ona adierazteko tesiaren hasieran joan ohi den testutxo hori, neure burua motibatzeko. Eskerrak ematen dizkiot nire tesi-zuzendariari, amari, aitari, lehengusina Mari Piliri eta abar. Ariketa gustagarria da, beti delako ederra eskerrak ematea eta, batez ere, bide luze eta nekagarri bat amaitu duzun seinale delako.

Baina nik ez dut eleberria amaitu eta, beraz, oraingoan ere mentalki baino ez zait zilegi balizko orri hori idaztea. Nori emango dizkiot eskerrak? Kontsultatu ditudan adituei, noski. Nire beta irakurleei, lehenengo zirriborroa irakurri eta, beren iruzkinekin, testua hobetu dutenak (hauxe da daukadan esperantza). Familiakoei, idazterako orduan laguntza logistikoa eta emozionala eman didatenak. Idazteko toki lasaiak eskaini dizkidatenei. Zelan nobela berria? Noizko amaituko duzu? galdetu eta akuilu izan direnei. Eskerrik asko lagun, ezagun eta autobuseko ezezagun horiei: esaldiak eta anekdotak lapurtu dizkizuedalako zuek jakin ez arren, eta dagoeneko ahaztu dudan arren. Irakurri ditudan eta nire liburua aberastu duten liburu eta egileei: hamaikatxo zarete, eskerrik asko guztioi.

Zerrenda luzatzen doa, mentalki bigarren orrialdean nago jada. Mila esker etxe azpian etxera eramateko plater onak prestatzen dituen negozioari: denbora mordoa aurreztu didazue. Zer esanik ez euskal eskola publikoari, eta jantokiko begiraleei, beren laguntza gabe ezinezkoa bailitzateke ezertarako denborarik izatea. Eta ezin aipatu gabe utzi nire idazketari erritmoa jarri dion musika. Mila esker Spotify eta Youtube. Mila esker, Johann Sebastian Bach, eta mila esker zuri, Glenn Gould, Bachen Goldberg bariazioak hain maisuki jotzeagatik. Goldberg hori nor izan ote zen ikertu beharko nuke eta berari ere eskerrak eman?

Ziurrenik bai. Baina hirugarren orrialdean nago dagoeneko. Eta ez diot ariketari amaierarik ikusten gainera.

Dio Mari Mur editoreak —Aurora Fernandez Polanco arte kritikaria aipatzen— aipamenik ez egitea patriarkala dela. Ezin adosago egon. Aipatzea da nondik zatozen esatea, zenbat jaso duzun aitortzea. Aipatzea da eskerrak ematea. Hemen eta orain bizi naizelako, handik eta hemendik edateko aukera izan dudalako, behar nuen hori —ideia bat, hitz bat— momentu justuan iritsi zitzaidalako.

Jeinu indibidualaren ideia aro modernoaren asmakuntza da. Antzinako Grezian, adibidez, inspirazioa jainkoen esku zegoen, eta musak ziren nor lagunduko zuten erabakitzen zutenak. Indibiduoak ez zuen hortaz prozesuan parte hartzen, eskaintza horren hartzaile pasiboa baino ez zen. Zu izan zintezke gaur, eta zure auzokoa bihar. Baina azken mendeetan, indibiduoaren ideiaren indartzearekin bat, jeinu, maisu edo aitzindariaren figura nagusituz joan da. Gizon handia. Historiak aurrerapauso bat eman zezan etorri zena. Barruan daukan oparia beste guztioi egiten diguna. Ze axola du non jaio den, ze heziketa jaso duen, familian bere talentua lagundu zuten edo ez, seme-alabak nork zaindu zizkion, ze elkarrizketak, ze irakurketak aldatu zuten bere pentsamendua, ze baldintza materialekin lan egin ahal izan zuen. Jeinua da eta ez ditu eskerrak eman behar.

Bai, dudarik gabe aipamenik ez egitea patriarkala da.

Honetaz guztiaz ari naiz hausnartzen, honekin guztiarekin ari naiz fantaseatzen, Bilboko udaletxeko Areto Arabiarrean eserita nagoela. Gaur Bilboko Ospetsua titulua emango diote lagun maite bati: Miren Agur Meaberi. Bilbori eman dizkio eskerrak berak bere txanda iritsi denean, hamabi sekuentziatan, hamabi aitortzatan. Baina hiria eszenatokia baino ez da, sekuentzia bakoitzean pertsonak daude, ikasketak, toki eta garai batek posible egin dituen bizipenak, azkenean Miren Agurren lan handi eta zoragarrian eragina izan dutenak. Guztiez gogoratu nahi izan du, guztiak aitortu, eta gainera nirea baino sintesi gaitasun handiagoarekin egin du. Bejondeizula, Miren Agur. Eta mila esker ematen didazun guztiagatik, lagun eta idazle gisa (ez al dira gauza bera azken finean?). Eskerrak emateko nire testu infinituaren lehenengo orrietako batean aipatuko zaitut dudarik gabe.

[Udaletxetik barre artean atera garenean berria jaso dut: bell hooks idazle, poeta eta akademiko feminista hil berri da. Legatu handia uzten digu. bell hooksek beti azpimarratu zuen bere ezizen hori letra xehez idazteko beharra. Inportanteena ideiak dira, ez ni, esaten zuen. Rest in power].

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren 'Al borde del agua' filmeko irudi bat. ©Ikuspuntu jaialdia

Hamalau herrialdetako hemezortzi film ikusgai Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofizialean

Andoni Imaz

Hamar film luzerekin eta zortzi laburrekin osatu dituzte lehiaketako hamar programak. Sei lan lehenengoz erakutsiko dituzte jendaurrean.

Annie Ernaux idazlea, 2022an, Nobel saria jasotzen. ©Christine Olsson/EFE

Gema Lopez Las Herasek irabazi du Zaitegi saria

Berria

Annie Ernaux idazlearen 'La femme gelée' itzuliko du euskarara

Noaingo Faktoria zentro koreografikoko ikasleak. Beltzez, Laura Armendariz irakaslea. ©Iñigo Uriz / FOKU

Dantzaren nazioarteko mapan

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

Noaingo Faktorian lanean ari da, irailetik, zentro koreografiko horretako ikasleen bosgarren belaunaldia. Marta Coronadok, Laida Aldazek eta Carmen Larrazek jarri zuten proiektua martxan, 2019an, herrialdeko dantza garaikideari astindu bat emateko. Pedagogia eta sorkuntza dituzte ikur.

Sormene jaialdiko mahai inguruetako bat, iaz. ©SORMENE

Apirilaren 27tik 30era itzuliko da Udaberriko Sormene

Olatz Enzunza Mallona

Euskal kulturaren transmisioan eragiteko asmoz, euskarazko hamaika kultur emanaldi eskainiko ditu aurten ere Sormene jaialdiak, Galdakaon (Bizkaia).

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.