Koronabirusa. Joseba Bikandi. Immunologoa

«Orain ditugun txertoak jarri eta jarri ibiltzeak ez du babes maila handituko»

BERRIA.
Ion Orzaiz.
2022ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Indartze dosien inguruan zalantza zientifikoak eta etikoak agertu ditu Joseba Bikandik, EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia saileko irakasleak.

Hirugarren dosia jartzeko aukera emanen zaie 18 urtetik gorako guztiei, eta laugarrena jarriko zaie immunoeskasia dutenei. Zer deritzozu?

Immunoeskasia duten pertsonei aholkatzen zaie laugarren dosia hartzea, beren egoeragatik, besteok dugun babes maila bera lortzeko arazoak dauzkatelako. Immunokonpetentzia egokia duen edozeinen kasuan, ordea, ez luke zentzurik. Ez dago frogatua beste dosi batek, laugarrenak, onurarik duenik. Hirugarren dosiak eman dezakeen babes gehigarria ere apala da bigarren dosiarekin alderatuta, baina, gutxienez, frogatua dago onura txiki hori.

Gero eta babes txikiagoa eskaintzen dute?

Dosi bakoitzak aurrekoak baino erantzun pixka bat apalagoa eragiten du; hortaz, alde izugarria dago txertorik ez izatearen eta dosi bat jartzearen artean; alde handi samarra lehen dosiaren eta bigarrenaren artean; alde txikiagoa bigarren eta hirugarrenaren artean. Eta laugarrenak ia ez dio mesederik egingo immunitate sistema ongi duen norbaiti.

Hortaz, ez diozu onurarik ikusten dosi gehigarriei?

Egun ditugun txertoekin? Ez.

Eta beste batzuekin?

Egungo txertoak ez dira esterilizatzaileak. Txertoa jarri eta erantzun immunitario bat garatu duen pertsona bat infektatu daiteke, noski, eta baita berrinfektatu ere. Hala ere, pertsona horren organismoak askoz bizkorrago eta eraginkorrago erantzungo dio birusari, eta sintoma arinekin edo sintomarik gabe pasatuko du gaitza. Dena den, orain arte hartu ditugun dosiekin lortu dugu erantzun immunitario hori, beraz, zertarako gehiago? Ez dute babes handiagoa emango. Nik itxoingo nuke, gutxienez, aldaera berrietara egokitutako txerto mota berriak agertu arte, baina oraingo txerto berberak jarri eta jarri ibiltzeak ez du babesa handituko.

Israelen hasiak dira laugarrena jartzen.

Bai, baina frogarik ez dago eragin dezakeen onuraz.

Baina antigorputz gehiago sortzen ditu organismoak dosi gehigarriei esker, ezta?

Bai, antigorputzen kopuru handi bat mantentzea, hori izan daiteke txerto gehiago jartzeko motibo bat, baina horrek ez du babesa areagotzen. Demagun COVID-19ari aurre egiteko bost antigorputz behar ditugula, eta txertoei esker hamar lortu ditugula. Ederki. Baina dosi gehiago jarrita hamarretik hogeira pasatzeak ez digu babes gehigarririk emango.

Zein da gakoa, beraz?

Oraintxe bertan, txertatutakoen erantzun immunitarioan garrantzia handiagoa du T linfozitoen babesak, antigorputzenak baino. Erantzun zelularrak, alegia. Egungo txertoek sortzen dituzten antigorputzetako asko oso eraginkorrak ziren SARS-CoV-2 birusaren alfa aldaeraren kontra, baina ez hainbeste omikronen kontra. Aldiz, txertoa jarrita, gure organismoak sortzen dituenT linfozitoek balio dute omikronen aurka ere.

Auzi etikoa ere badago...

Bai, izurriaren fase honetan, uste dut onuragarriagoa izan daitekeela herrialde garatuetan ditugun txertoak banatzea, oraindik dosi bat ere ez dutenei emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.