Pentsiodunak zain ditu Sanchezek Moncloara iristeko ahaleginean

Sozialistek KPIaren araberako igoerak proposatu dituzte gobernu programaren aurkezpenean
Pentsiodunek manifestazio jendetsua egin dute aurten, Bilboko Aste Nagusiko astelehenarekin bat eginda.
Pentsiodunek manifestazio jendetsua egin dute aurten, Bilboko Aste Nagusiko astelehenarekin bat eginda. A. LOIOLA / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2019ko irailak 6
Astelehenero batzen dira pentsiodunak Hego Euskal Herriko plazetan. Urte eta erdi baino gehiago daramate errenta duinak eskatzen eta unean uneko gobernuen aurkako aldarrikapenak oihukatzen. Mugimendu egonkortu bat da dagoeneko. Asteleheneroko zitaz gain, manifestazio jendetsuak egin dituzte, eta hilaren hondarrerako Bilbon egingo dutena ere hala izatea nahi dute. Ordurako jakingo dute Espainiako Gobernua osatzeko akordioren batera iritsi ote diren PSOE eta Unidas Podemos alderdiak, eta, horren arabera, mobilizazioak kutsu bat ala beste hartuko du. Ez baita berdina izango hauteskundeen atarian alderdi guztiei dei egitea edo aldarrikapen oihuak gobernu bati bideratzea. Dena den, gauza jakina da: Pedro Sanchez berriz ere presidente izatera iristen bada, pentsioen auzia izango da esperoan edukiko dituen zereginik korapilatsuenetako bat.

Presidentegaia Espainiako eragile sozialekin batzartu da azken hilabetean, eta asteartean bertan gobernu programa ireki bat aurkeztu zuen. Unidas Podemosen oniritzia lortzeko egindako proposamen bat da, eta lehen puntuan aipatzen ditu pentsioen sistema berregituratzeko asmoak. Horrek agerian utzi dezake auziak daukan garrantzia. Eta ez da gutxiagorako, pentsiodunen etorkizuna ez ezik kontu publikoena ere baldintzatzen baititu.

Dena den, errentak KPIaren arabera eguneratuko dituen erreforma bat proposatu dute sozialistek, pentsioak eguneratu ahal izateko legezko traba guztiak ezabatzea, eta jasangarritasun faktorea ere ezabatzea. Azken puntu hori da 2013ko erreformaren puntu nagusietako bat, pentsioen kalkulua bizi itxaropenera lotzen duena. Hau da, bizi itxaropena handitzen den heinean, gutxitu egingo litzateke erretiratuek hilero jaso beharreko ordaina, bere pentsioan egindako gastu teorikoa ez handitzeko. 2023an jarriko litzateke martxan, etorkizuneko erreforma batek ezabatzen ez baldin badu.

Unidas Podemosek gobernu programa hori onartu ez eta Sanchezek hauteskundeetara dei egingo balu, legeak ezartzen duen gutxieneko %0,25 igoko lirateke pentsioak. Abuztuaren 19an pentsiodunek Bilbon egin zuten manifestazio jendetsuan kezka hori azaldu zuten: hauteskundeak errepikatuko balira jarduneko gobernuak jarraituko zuela datorren urte hasieran, eta horrek legezko gutxieneko igoera bat ekarriko zuen beldur ziren, gobernua aurrekonturik gabe egongo zelako. Dena den, aste honetan Octavio Granado Gizarte Segurantzako Espainiako estatu idazkariak itxaropena azaldu zuen irailaren 23a baino lehen gobernua osatu eta %0,25a baino altuagoa litzatekeen pentsio igoera bat bermatzeko.

Azken bi urteetan, ordea, pentsioak KPIaren bilakaeraren arabera eguneratu dira. 2013 eta 2017 urteen artean, pentsioak gutxieneko %0,25 baizik ez ziren igo, Gizarte Segurantzak defizita izan zuelako denbora horretan guztian. Iazko urtarrilean hasitako pentsiodunen protestak, ordea, alderdi politikoak mugiarazi zituen. EAJren botoen truke, 2018an eta 2019an pentsioak KPIaren arabera igotzea onartu zuen Mariano Rajoyren gobernuak, eta Pedro Sanchezenak sistema horri eutsi dio orain arte.

Legegintzaldia amaitu aurretik, ordea, Sanchezek Toledoko Ituna berretsi nahi zuen, Hego Euskal Herriko eta Espainiako pentsioak arautzen dituena. Baina ez zen posible izan, eta, hauteskundeak aurreratu ondoren, akordiorik gabe geratu zen. Unidos Podemosek eta PPk uko egin zioten ituna sinatzeari, eta, ondorioz, ez da berrituko 2020ra arte.

1.215 euroko pentsioa

Pentsioak eguneratzeko akordiorik ez, eta horiek ordaintzeko gastuak gora egiten jarraitzen du, gainera. Abuztuaren lehenean iaz baino ia 9.000 pentsiodun gehiago zeuden Hego Euskal Herrian, eta Gizarte Segurantzak denera 696.565 pentsio ordaindu zituen. Zenbaki horrek ez du esan nahi hainbeste pentsiodun dagoenik, pertsona batzuek bi pentsio jasotzen baitituzte aldi berean, alarguntzarena eta erretiroarena, esaterako. Batez besteko pentsioaren ordaina 1.215 eurokoa zen Hego Euskal Herrian. Urte hasierako pentsioa baino hamar euro handiagoa da dagoeneko, eta 44 euro handiagoa da iazko abuztutik.

Pentsioen ordainaren igoera hori ulertzeko, kontuan hartu behar da 1958 eta 1977 urteen artean jaiotako pertsonak ari direla erretiroa hartzen: baby boom deritzon belaunaldiko kideak. Aurrekoek baino soldata hobea zuten horiek, eta, beraz, azken urteetan pertsona gehiago erretiratzen ari dira, eta pentsio hobearekin, gainera. Horrek handitu egin du, halaber, Gizarte Segurantzak pentsioak ordaintzeko egin duen ordainketa. Abuztuaren 1ean, 846,3 milioi euro bideratu zituen Hego Euskal Herriko pentsioetarako, iazko abuztuan baino ia 41 milioi euro gehiago. Horrek agerian uzten du erreforma baten beharra.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna