Telelana

Bi ahoko ezpata emakumeentzat

Telelana kontziliaziorako tresna gisa hartu izan da maiz, baina konfinamenduaren esperientziak zalantzan jarri du lana eta zaintza batera daitezkeela. Itxialdian eginiko ikerketen arabera, zaintzaren zama gehigarria emakumeen gain erori zen, eta, egoera horretan, telelana ez zen lagungarri izan.

BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Konfinamendu garaian telelanean aritu zirenen pasadizoak eta bizipenak nabarmen baldintzatu zituen aldagai batek: zaintzak. Askorentzat, lasai jardun ahal izatearen eta lana eromen bihurtzearen arteko aldea ezarri zuen etxean zaintza premia zuen norbait edukitzeak. Eta zama izan zen, batik bat, emakumeentzat. Telelana kontziliaziorako neurritzat hartu izan da hainbatetan, baina pandemiako lehen hilabeteetan auzitan jarri da tresna horren egokitasuna. «Itxialdian, haurrak etxean egon direnean, telelanaren esperientzia oso estresagarria izan da. Ez luke eredu izan behar: ezin da horrela jardun telelanean luzera begira», ohartarazi du Sara de la Rica EHUko Ekonomia katedradun eta ISEAK ikerketa zentroko zuzendariak. Bat etorri da Matxalen Legarreta EHUko Soziologiako doktorea: «Konfinamenduan denok egon behar genuen etxean derrigor. Ez zen izan egoera erreal bat, baina gauza batzuk azaleratu ziren».

Telelanaren eta kontziliazioaren arteko harremana tentsioetan oinarritzen zen koronabirusa iritsi aurretik ere, auzia ikertu dutenen arabera: lan denbora norbere kabuz antolatzeak autonomia handia ematen du, baina etxean aritzeak deskonektatzea zailtzen du, eta etxeko lanetan eta zaintza lanetan zama gehigarria dakar. «Baina pandemian gertatutakoa ez da izan ez kontziliazioa, ez telelana. Bakoitzak ahal izan duena egin du», adierazi du Empar Aguado Valentziako Unibertsitateko (Herrialde Katalanak) soziologoak. Itxialdiak telelanean eta kontziliazioan izandako eragina ikertzen ari den talde bateko kide da; ondorioztatu dute adingabeak zaindu behar izan dituzten andreek «estres gehigarria» jasan dutela: «Ohitura aldaketa batzuk ikusi ditugu, baina oraindik desoreka handia dago. Orokorrean, pandemiaren aurretik etxean gehien zaintzen eta garbitzen zuenak intentsitate handiagoz jardun du orain».

Izan ere, abiapuntuan ere ez zegoen parekidetasunik: denboraren erabileraren inguruko azterlanek argi adierazten dute andreek gizonek baino nabarmen denbora gehiago eskaintzen dietela egunero etxeko lanei eta zaintza lanei. «Emakumeek gehiago sakrifikatzen dute euren laneko denbora zaintzaz arduratzeko; guztiz dokumentatuta dago», berretsi du De la Ricak. Legarretak azaldu du «genero ikasketa bat» dela: «Gizonentzat, denbora propioa beraiena da, baina emakumeentzat, ez da existitzen: denbora propioaz hitz egiten dutenean, denbora pribatuarekin eta etxekotasunarekin nahasten dute. Etxeko lanen eta zaintzaren ardura barneratzen dugu emakume izaten ikasten dugunean. Gizonek, berriz, ordaindutako lana jartzen dute beren identitatearen zentroan, oro har. Pentsa dezakete kontziliatzen dutela, denbora asko eskaini gabe; denbora apur horri esanahi berezia ematen diote, eta sentitzen dute nahikoa dela aita moduan konplitzeko».

Arrakala, hazten

Eta hori guztia areagotu egin da pandemian, Aguadok esplikatu duenez. «Zaintzaren inguruko genero arrakala hazten ari dela ikusi dugu». Badira ñabardurak, hala ere: «Gure azterlanaren lehen emaitzek diote gizon batzuek lehen baino gehiago parte hartu dutela zaintza lanetan, baina denek ez dutela inplikazio hori mantendu pandemian zehar. Gainera, itxialdian lan zama izugarri areagotu da, beste zaintza sare guztiak erori direlako. Hortaz, salbuespenak salbuespen, emakumeak izan dira zaintzaren arduradun nagusiak, eta gizonak, laguntzaileak». Valentziako Unibertsitateko kideek nabarmendu dute seme-alaben eskola jarraipena ere andreen gain egon dela, baita bikotekideen telelana erraztea ere. «Italiako feministek diote emakumeek denbora produzitzen dutela familiako beste kideentzat: ez da soilik garbitzea, kozinatzea edo pixoihalak aldatzea, baizik eta hori guztia planifikatzea eta kudeatzea, besteek izan dezaten denbora eta espazioa beren lanerako», azpimarratu du Legarretak.

Zama hori eramatea ez da kaltegabea andreentzat. Aguadoren ikerlanaren lehen ondorioetako bat da emakumeek «estres eta antsietate gehigarria» jasan dutela, eta batzuetan zama horrek etxeko «bizikidetza hondatzeko arriskua» ere ekarri duela. Telelanak eskaintzen duen malgutasuna eta autonomia ere kontrara itzuli zaizkie zenbaiti: «Egun osoa lanean ematen dutela sentitzen dute. Sarri, ordutegi malguak dakar nagusiei etengabe erantzukizuna demostratzen ibili behar izatea. Gainera, kontzentrazio eta isiltasun handia behar duten lanetan diharduten andreak goizaldean aritu dira telelanean». Erruduntasuna ere aipatu du Legarretak: «Emakume askoren sentsazioa da ez direla iristen ez batera ez bestera, biak aldi berean egin nahi dituztelako».

Amaierarik gabeko lanak

Eta hori ezinezkoa dela uste du EHUko soziologoak: «Zaintza eta telelana ezin dira uztartu». Ekonomia feministaren teoria hartu du ahotan, esplikatzeko ordaindutako lanaren eta etxeko lanen logikak «elkarren aurkakoak» direla: «Etxeko lanak eta zaintza lanak ez dira inoiz bukatzen, eta haien ezaugarriek zaildu egiten dute beste jarduera batzuekin bateratzea. Hainbat gauza egin daitezke aldi berean —adibidez, txikiei etxerako lanekin lagundu eta kozinatu, garbigailua jarrita dagoen bitartean—, baina presentzialtasuna eskatzen dute: zaintza behar duen pertsona bat —haurra zein adinekoa izan— ezin duzu bakarrik utzi; batzuetan ez duzu jarduera jakinik egin behar, baina hor egon behar duzu, eta une horietan ere zaintzen ari zara. Horrez gain, espazioaren auzia ere garrantzitsua da: sarri emakumeek ez dute eremu propio bat lanerako, beste inor sartuko ez dena».

Hortaz, aurrera begira, adituek auzitan jarri dute telelana kontziliazio modutzat har daitekeen. Ez da erreminta egokia etxean mendekoak daudenerako, Empar Aguadoren hitzetan: «Zaintzak presentzia eta prestasuna eskatzen ditu; ezin da aldi berean telelanean aritu. Perbertsoa litzateke XXI. mendean telelana kontziliaziorako tresnatzat hartzea». Hitz bera erabili du Sara de la Ricak: «Emakumeek kontziliatzeko erreminta gisa ulertzen bada telelana, oso modu perbertsoan erabiliko da: genero arrakala handitu baino ez luke egingo. Garrantzitsua litzateke enpresa bakoitzak arautzea gizonek eta emakumeek berdin baliatu behar dutela tresna hori».

Izatez, kontziliazioaz harago, telelanari abantaila ugari ikusten dizkio ekonomialariak: «Ingurumenarentzat onuragarria da joan-etorriak murrizten dituelako, eta langileei lekualdatzeko denbora aurrezten dielako. Gainera, nire intuizioa da produktibitatea handitzen dela, arreta gutxiagotan galtzen delako». Hala ere, gogora ekarri du lankideen alboan fisikoki egoteak ere talde sentipena handitzen duela: «Lan presentzialaren ezaugarri batzuk beharrezkoak dira, balio erantsia ematen dutelako, baina telelanarekin galdu egiten dira. Horregatik uste dut bi ereduak elkarren osagarriak direla, eta ez ordezkagarriak».

Ildo horretan, sindikatuek ohartarazi dute telelanak langileak bakartzea ekar dezakeela, baita trebakuntza aukeretatik eta partaidetza eremuetatik aldentzea ere. Emakumeentzat bereziki arriskutsua da hori, Matxalen Legarretaren iritziz: «Erabakigune asko informalak dira: gure kulturak oraindik presentzialtasuna hobesten du erabakiak hartzeko momentuetan; hor ez egoteak eragin dezake emakumeek promoziorako aukera gutxiago izatea, adibidez».

Kontziliazioa bera, dudan

Baina harago egin du EHUko soziologoak: bi ahoko ezpata bihur daiteke telelana, «zaintza etxera itzularazteko» erabiltzen bada. Izan ere, kontziliazioa lor daitekeenik ere dudan du Legarretak: «Kontziliazioaren logika da lana eta zaintza bateratu daitezkeela, baina ezin dira bi gauzak aldi berean egin. Beraz, kontziliazioaz hitz egitea bera tranpa bat da; erantzukidetasunaz hitz egin beharko genuke, eta zaintzaren ardura kolektiboaz. Kontziliazioaz ari garenean, badirudi ardura indibidual bat dela, familiaren eta batez ere emakumeen gain erortzen dena. Begirada horretatik planteatzen diren neurriek ere zaintza ardurak indibidualizatzen dituzte; ez dute jendartea aldatzea helburu. Fokua beste leku batzuetan jarri behar dugu».

Politika publikoetatik hainbat urrats egin daitezkeela erantsi du Aguadok: «Bikotekideen, beste senideen, estatuaren eta enpresen erantzukidetasuna sustatu behar da». Neurri zehatzagoak ere aipatu ditu: «Lanaldia murriztu beharko litzateke —35 orduko lan asteak aspaldi ezarria behar luke—, eta lanaldi jarraitua bultzatu». Era berean, deitoratu du gizarteak ez duela kontzientziarik zaintza lanen garrantziaz: «Badirudi pandemiak lagundu digula konturatzen zaintza arloari erantzun behar diogula, baina ez dut uste neurri askorik abiatuko dituztenik, aurrekontu mugak kontuan izanda».

Ikusteko dago, halaber, pandemiak zer eragin duen epe ertainean emakumeen lan errealitatean, eta ondoriorik ekarriko ote duen zaintza andreen ardurapean dagoela hain argi geratu izanak. De la Ricak ez du uste kalte gehigarririk eragingo duenik, baina aldaketa premia ikusten du: «Enpresek badakite andreek gehiago zaintzen dutela, eta horregatik berandutzen dira haiei kontratu egonkorrak eskaintzean. Emakumeen lan desabantaila hori desagertzeko, zaintzarekin lotutako arau sozial hori desegin behar da: gizarteak barneratu behar du gizonek eta emakumeek berdin zaindu behar dutela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.