Libano. Krisi politikoa

Blokeoaren politika

Libanok sei hilabete daramatza presidenterik gabe; horrek ezinezko egiten du inolako erreforma bultzatzea eta, beraz, krisi ekonomikoari irtenbidea aurkitzea.

Najib Mikatu jarduneko lehen ministroa, gobernu bilera batean. W. H. / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Iazko maiatzean egin zituzten parlamenturako hauteskundeak Libanon, eta jarraian hasi zituzten gobernua osatzeko elkarrizketak, aurreko gobernuak behin-behinean agintean jarraitzen zuen bitartean. Michel Aun presidenteak Najib Mikati berretsi zuen lehen ministro izateko, eta gobernua osa zezala eskatu zion. Baina hark proposamena aurkeztu zionean, atzera bota zuen —presidenteak berretsi behar ditu lehen ministroa eta gobernua, baita parlamentuak onartutako legeak ere—.

Ikusi gehiago:BORROKAN, DESEGITEAR DEN ESTATUAN

Bozak egin eta sei hilabete igaro ziren, eta gobernurik gabe jarraitzen zuen herrialdeak. Horiek horrela, agintaldia amaitu bezperan, gobernuak behin-behinean jarraituko zuela berretsi zuen Aunek, eta, gutun batean, eskatu zion parlamentuari «gainbegiratu» zezala Mikati. Bide batez, ohartarazi zuen «kaosa» pizteko arriskua zegoela haren ordezkorik hautatu ezean. Asmatu zuen.

Konstituzioaren arabera, halako egoera batean, parlamentuak «urgentziaz» bildu behar du blokeoa gainditu eta gobernua osatu ahal izateko. Eta hala egin dute, astero bildu dira, baina akordiora heltzeko benetako borondaterik gabe. Saioetan, diputatu askok zuri bozkatu dute, edota gezurrezko hautagaien izenak jarri dituzte boto paperetan: adibidez, Txileko presidente izandako Salvador Allenderena edo Hegoafrikako estatuburu ohi Nelson Mandelarena.

Aurrez ere egon da herrialdea gobernurik edo presidenterik gabe; baina oraingoa kasu berezia da. Ekonomikoki hondoratutako herrialde bat da gaur egun Libano, eta, aurrera egiten badu, aliatu dituen herrialdeen laguntzari esker egiten du. Izan ere, Nazioarteko Diru Funtsak hainbat baldintza jarri zizkion herrialdeari diruz hornitzen jarraitzeko: besteak beste, bankuak berregituratzea eta kapitalen kontrola bermatzea. Baina horiek egiteko legeak berretsiko dituen presidente bat behar du herrialdeak.

Ahaleginak eta ezinak

Alderdien arteko ezinikusiak eta etnien arteko orekari eutsi beharra daude krisiaren oinarrian. Konstituzioaren arabera, maronita katolikoa behar du presidenteak, sunita lehen ministroak, eta xiita parlamentuko eledunak. Horrez gain, parlamentua bera ere musulmanen eta kristauen artean banatuta dago, eta etnia guztiek dute ordezkaritza. Hala, talde erlijiosoen arteko gatazkak saihesteko sortutako neurriak berak eragin du krisi politikoa.

Hezbollah da herrialdeko alderdien artean indartsuena; besteak beste, Israelekiko duen jarrera kritikoak Libanon bizi diren milaka errefuxiatu palestinarren babesa bermatzen diolako. Aldi berean, baina, talde xiitak harreman estua du Iranekin eta Siriarekin. Horrek eta Yemengo gerran huthien alde egin izanak Saudi Arabia haserrearazi zuen, urteetan Libanoren aliatu izan den herrialde bat, eta, ondorioz, are bakartuago gelditu da herrialdea.

Baina hil honetan, Txinaren bitartekaritzarekin, harremanak onbideratu dituzte Saudi Arabiak eta Iranek, eta, hasieran, askok pentsatu zuten horrek arindu egingo zuela Hezbollahren eta hari atzerriko potentzien aginduetara aritzea egozten dioten oposizioko taldeen arteko arrakala, baina ez da hala izan.

Bi estatuen arteko harremanak bere onera itzuli izana Siriaren eta Yemenen mesedetarako izan den arren, ez du eten Libanoko blokeo politika. Sleiman Frangieh proposatu dute presidentegai Hezbollahk eta parlamentuko eledun Nabih Berri xiitaren Amal Mugimendua alderdiak, baina alderdi kristauak, sunitak eta drusoak ez datoz bat. Ondorioz, Frangieh ez da iritsi kargua berresteko behar dituen 65 botoetara.

Hezbollahk argudiatu du Frangieh «abertzalea eta zentrista» dela eta horregatik babesten duela. Aldiz, establishment politikoaren aurkako protestak bultzatu zituen Aldaketarako Indarrak blokeak euren artean adostutako hautagai bat nahi du, argudiatuta ohiko prozeduren bitartez «alderdi politiko sektarioek» hartzen dutela azken erabakia. Hala, Ibrahim Mneumneh buru duen taldeak kontsulta prozesu bat abiatu zuen oposizioko taldeekin, presidente berriaren ezaugarriak zehazteko eta hautagaitza bat adosteko, baina ez zuen nahikoa babesik lortu.

Antzekoa da oposizioko gainontzeko taldeen jarrera ere. Salatu dute Hezbollahk Frangieh aukeratu duela ez «egokiena» delako, baizik Siria eta Iranekin harreman estuak dituelako, eta hura aukeratuta Libanoko politika berriz ere atzerriko indarren esku geratuko litzatekeela. Arazoa da, ordea, horretan bakarrik daudela ados oposizioko taldeak, alegia, gai izan direla Frangiehren izendatzea blokeatzeko, baina ez haren ordezko bat adosteko.

Ikusi gehiago:«Protestek baino ez dituzte beldurtzen gerrako jaunak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.