Libano. Krisi ekonomikoa

BORROKAN, DESEGITEAR DEN ESTATUAN

Banku sistemaren ustelkeriak eta libera libanoarraren erorialdi bortitzak propina baten pare utzi dizkie soldatak eta pentsioak herritarrei. Orain, dolarra da balioa duena, baina libanoarren %13k soilik jasotzen dute soldata dolarretan; ondorioz, nazioarteko eragileen laguntzaren menpe bizi dira biztanle gehienak.

Segurtasun indarretako kide ohi batgaraipen keinua egiten, martxo amaierako protestetan. WAEL HAMZEH / EFE.
Beirut
2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mar Mikhael kale jendetsuak marrazten ditu Libano txundigarri honen zorua eta sabaia. Eguzkia diz-diz dela, saltzaileak, hirurogeita hamarnaka urtekoak asko, beren dendak eta tailerrak irekitzen ari dira. Hara biltzen hasiko dira laster inguruko bezeroak, etorbideari izena eman dion elizako kanpai hotsen gerizpean. Denen artean, Beiruteko auzo koxkor bat eratzen dute, bizirik irauteko borrokan diharduena, herrialde osoak bezalaxe.

Biztanleak diru guztia galtzen ari dira banku sistemaren ustelkeria alimalekoaren ondorioz, eta inork ez daki nola gertatu den. Hori gutxi ez, eta libera libanoarraren erorialdi bortitzak propina huts baten pare utzi dizkie soldatak eta pentsioak. Atzera umildurik, kontuak egiten ibiltzen dira erakusmahaien aurrean, eta, egunetik egunera, poltsa gero eta hutsago itzuli behar etxera. Iluntzean, berriz, itxura mudatzen zaio auzoari. Tailerrak nola bezeroak pertsianen atzean ezkutatzeaz bat, zenbait morroi bulartsuk pub zaratatsu batzuk zabalduko dituzte, leihoak goizaldera arte dardararaziko dituztenak. Aulki garaiz beteko dira espaloiak, eta, auskalo nondik aterata, ilea orraz-orraz egindako gizon batzuk harroxko ibiliko dira beren kirol autoetan hara-hona, itxurakeriazko desfile hanpurutsu batean.

Ikusi gehiago:Malek: «Ez dago etorkizunik, ezta alaitasunik ere»

Mar Mikhael auzoan egunez ibiltzen direnen eta gauez ibiltzen direnen arteko aldea ez da batzuk reggaetonzaleak direla, eta gin-basil koktela hartu zaleak. Zenbateraino sinestunak diren ere ez da kontua, ezta ugaltzeko edadean dauden edo ez dauden ere. Haien arteko alde nagusia dolarra da.

AEB Ameriketako Estatu Batuetako dibisa eskura edukitzea filosofoen harri bihurtu da Libanon duin bizitzeko; izan ere, libera libanoarraren balioa hutsaren hurrengoa eta hain aldakorra izanik, ekonomia dolarizatzen ari da. Saltokirik txikienetan bertan ere batzuk dolarretan jartzen hasi dira prezioak, eta beste batzuk, berriz, libera libanoarrak kaleko merkatuan unean-unean duen balioaren arabera. Horrek kanpoan uzten ditu libanoar gehienak, %13k baino ez baitute dolarretan jasotzen soldata.

Hain justu gutxiengo horrek betetzen du tabernen ingurua: han, funtzionario baten soldataren erdia adina balio dezake koktel batek. Tokiko diruaren balioa hainbeste apaltzearen ondorioz, langile publikoen soldata jaitsi egin da hilean 40 dolar izateraino; inflazioak, aldiz, gora eta gora egin du, nazioarteko merkatukoarekin parekatzeraino. Libanok nazioartetik kontsumitzen du guztia, ez baitu berezko industriarik.

Ikusi gehiago:Kristina: «Komunitateko parte sentitzeak indarra ematen digu»

Aspaldi samarretik, Libanon ezinezkoa da, matematikoki, hilaren bukaerara iristea. Bizimodu komunitarioak eta herrialdearen antolaerak beste ezerk ez du eragozten egoerak gainezka egitea. Huts egindako estatu hartako biztanle gehienek nazioarteko eragileen laguntza jasotzen dute. Nazio Batuen Elikadura Programako laguntza humanitarioa, esaterako, Libanon bizi direnen %40ri iristen zaie; horietatik, milioi bat libanoarrak dira, eta beste milioi bat, berriz, iheslari siriarrak. Nazioarteko Garapenerako AEBetako Agentziak ere milioi bat herritarri laguntzen die.

Aldi berean, azken hilabeteetan, AEBek berek, Erresuma Batuak, Qatarrek eta beste zenbait herrialdek iragarri dute milioiak jarriko dituztela soldaduen eta polizien soldatak pagatzeko. Izan ere, ia soldatarik gabe geratu direnez, segurtasun indarretako kide askok bazter utzi dituzte betebehar batzuk, eta beste zenbait lanetan hasi dira aldi berean. Sarri, estatuek ez dute laguntza bidaltzen kezka humanitarioa dutelako, baizik ez dutelako nahi egoerak gainezka egitea eta beste iheslari olde bat iristea beren herrialdeetara.

Libano, zulo beltza

Oraindik ere Beirutera iristen diren diru laguntzak arrasto bat dira: munduak herrialde hura milaka milioiz hornitu duen garai ustez oparo baten arrastoa. Gerra zibilaren osteko Libano modernoa beti bizi izan da besteren lepotik. Nazioarteko zenbait agentziak eta atzerriko zenbait gobernuk dirua jarri dute Libanoko agintariek nahita edo nahi gabe zituzten hutsuneak betetzeko. Libanoko analisi talde batek, The Policy Initiative izenekoak, datu hauek eman ditu: 1991tik 2022ra, Libanok 714 akordio sinatu ditu, 22.000 milioi dolarrenak, eta, gainera, kopuru horren %40 itzultzeko konpromisorik ez du izan. Komunitateen arteko hamabost urteko gatazkaren ondoren, hiriburua berriz eraikitzeko erabili dute funtsen parte handi bat, eta azpiegiturak berritzeko eta laguntza humanitarioa banatzeko beste parte bat. Ofizialki behintzat.

Libanok, izan ere, fama du maileguen eta dohaintzen baldintzak ez betetzeko joera duela, eta, horren ondorioz, gero eta laguntza gutxiago datozkio. Gainera, 2019ko mobilizazioez geroztik, politika paralizaturik dago, eta horrek are gehiago gutxitu du laguntza. Egun, estatuak ez du ez gobernurik eta ez presidenterik, eta dohaintza emaileek, finantza laguntza emateari utzita, zuzenean gobernuz kanpoko erakundeei ematen dizkiete orain ekarpenak. Horren motiboa ez da, soil-soilik, ez dutela mintzaide instituzionalik, baizik eta klase politikoak ez duela interesik laguntza akordioen xehetasun batzuk betetzeko; izan ere, halako xehetasunetan, maiz eskatzen zaie gaur egungo krisiaren erroei heltzeko.

Ikusi gehiago:Vatxe: «Bankuak irentsi egin du 60 urtez aurreztu dudan guztia»

NDF Nazioarteko Diru Funtsak neurri batzuk ezartzea galdegin zion Libanori, estatuarekiko lizitazioen prozesua demokratizatzeko asmoz. Neurri hori, NDFk ohartarazi duenez, ezinbestekoa da Libanorentzat erreskate plan bat negoziatzeko. Baina egun gutxiren buruan, eta lizitazio prozesuari jaramonik egin gabe, herrialdeko agintariak milioi askotako kontratu bat adjudikatzen ahalegindu dira, aireportuan lan batzuk egiteko. Eta horrek alarma guztiak piztu ditu, funts publikoak neurririk gabe xahutzeko joerak maiz eragin baitu irabazi handiko azpiegitura kontratuak ematea lotura politikoak dituzten enpresei.

Zikloaren amaiera

Kudeaketa txarra eta ustelkeria ohikoak direnez Libanoko botereen artean, jende asko beldur da ez ote zitzaizkien desagertuko bizi osoko aurrezkiak. Hala gertatuko balitz, beste finantza delitu batzuei gehituko litzaieke hori: orain arte ez dute inolako ondorio judizialik izan, eta Libanoko ekonomia hondatu dute.

Gobernuak ez du ezertxo ere egin, hiru urtean kapitalak bahituta eduki ostean, gordailuak berreskuratzeko plan bat ezartzeko, eta horrek kalte handia egin dio agintarienganako konfiantzari. Herritar gehien-gehienek uste dute buruzagi klasekoen diruzalekeria dela gaur egungo kolapsoaren iturburua, iruditzen baitzaie herritarren babesle izan behar dutela ahaztuta bizi direla. Gerra zibilaz geroztik, eliteek kontrolatzen dituzte instituzioak, eta ahalik eta kapitalik handiena metatzeko politikak baliatu izan dituzte, behar izanez gero legez kanpo arituta horretarako.

Ikusi gehiago:Ziade: «Ez dakit jendea nola moldatzen den jateko»

«Bankuak ixtearekin batera —eta hori legez kanpokoa da—, kapitalak kontrolatzea da horren adibiderik argiena», adierazi du Hussein Cheaitok, ekonomiaren eta garapen publikoaren arloko adituak. «Gordailugileen banku kontuei 50-200 dolar bitarteko murrizketak ezarri dizkiete, eta hori legez kanpokoa da. Jendeak eskubide osoa du bere aurrezkiak eskura izateko».

2019ra bitartean, gurpila jira eta bira ibili zen. Bankuen sektorea gai zenez atzerriko kapitala erakartzeko, Libanoko dibisak dolarrarekiko truke finko bat izan zuen 27 urtean. Tamalez, Cheaitoren ustez, funts haiek ez zituzten sekula inbertitu ekonomia produktiboan, baizik eta etxe agentzien burbuilan. «Horrek, hain zuzen, eragotzi egiten zuen lana sortzea, eta Libano herrialde ahul bihurtu zuen, inportazioen oso mendekoa». The Policy Initiative think tank-eko kide ere bada Cheaito; hain zuzen, talde hori krisi garaian sortua da, politiketan lehentasuntzat har ditzaten herritarren interesak.

Kapitalaren ihesa

Munduak Libanoko bankuarekiko konfiantza galdu zuelarik eta zirkulua blokeatu zelarik, kapitalak kontrolatzeari ekin zioten haiek, lehen-lehenik, beren burua salbatu zuten 2019aren amaiera aldean. Horren erakusgarri, abendu hartan izaniko mugimenduetako bat, funtzionario suitzar batek jakinarazia: Libanoko agintariei ezagutarazi zien 2.000 milioi dolar transferituak zituztela Suitzako kontu batera. Ez zuen izenik aipatu, baina irmo adierazi zuen «bederatzi politikari libanoarren esku» egina zela. Gaur egun, Riad Salame —1993az geroztik Banku Zentraleko gobernadore dena— ikertzen dabilen taldeak ezagutarazitako dokumentu judizial batzuen arabera, argi dago enpresa fantasma zenbait erabili zituztela milioika dolar atzerrira eramateko.

Ikusi gehiago:Meriam: «Emakume askok ezin dituzte erosi hilekorako produktuak»

2019ko matxinadez geroztik, Libano gobernurik gabe dago denbora gehienean, buruzagi tradizionalen arteko desadostasunak direla kausa, eta ez dirudi buruzagi horiek premiazkotzat daukatenik ezer egitea hondamendi nazional horren kontra. Hondamendi horrek izugarrizko emigrazioa eragin du, herrialdearen historiako handietatik hirugarrena. Cheaitok salatu du Libanoko «oligarkiak» izan duela egokierarik urrats bat atzera egin eta herritarrei helduleku bat emateko, jakinik oligarkia horren parte dela botere politikoa, ekonomikoa eta judiziala.

«NDFk finantzaketa desblokeatzeko aukera eskaini zuen, klase politikoak erreformak bultzatzearen truke», gogorarazi du ekonomistak. Taldeak zenbait baldintza ezarri zituen: besteak beste, herrialdeko banku sektoreari auditoria bat egitea, eta gaur egungo krisiari bide eman dioten finantza delituak ikertzea, konponbideren bat jartzeko eta erantzukizunak eskatzen hasteko asmoz. Baina, orain arte, agintea beren esku dutenek ez diete erreformei heldu nahi izan, ez baitute halakoen premiarik ustelkeriak dena pikutara bidalia duen estatu baten buru segitzeko aurrerantzean ere.

Ikusi gehiago:Blokeoaren politika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.