Koronabirusa

Omikron arorako gida

Izurriaren bilakaeraren harira, aurre egiteko neurriak birmoldatu dituzte; azken irizpide nagusiak gida honetan daude, baina egoera aldakorra da

Test bat. D. ARQUIMBAU SINTES / EFE.
arantxa iraola
2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Omikronaren zurrunbiloan, kasu positiboen igoera etengabeari aurre egin ezinik, izurriak orain hartu duen taxuaren arabera jardun behar dela argudiatuta, aldatu egin dituzte osasun agintariek positibo eman dutenei eta haien kontaktu estuei zuzenduriko protokoloak. Horra gaur egun zertan diren, oro har, irizpide nagusiak Euskal Herrian.

Bakartzea, noiz eta nola?

COVID-19an positibo direla dakiten guztiek bakartzen jarraitu behar dute. Epeetan dago berritasuna; laburtzera egin dute osasun sistema guztiek: positiboek bete beharreko bakartze aldia, oro har, zazpi egunekoa da orain. Baina badira aintzat hartzeko zehaztapenak. Frantziako Osasun Ministerioak eman berri dituen irizpideen arabera, epe hori moztu egin ahal izango da test negatibo baten bidez edo 48 orduan sintomarik agertzen ez bada: bost egunera. Txertaketa jarraibide osoa bete ez duten pertsonentzat, oro har, luzeagoa da aldia; hamar egun egin behar dituzte.

Kontaktuekin zer?

Jaurlaritzak eman dituen irizpideen arabera, positiboek kontaktu estuen berri eman behar dute, beren kabuz; prest dute propio horretarako atondutako formulario bat online. Kontaktu horiei testak egiteko ordua emango zaie, baina, printzipioz kontaktu direlako bakarrik ez dute berrogeialdirik egin beharko. Hala ere, prebentzio neurriak zorroztu egin behar dituzte ondorengo egunetan. Salbuespen bat dago: txertaketa jarraibide osoa ez dutenek berrogeialdia egin beharko dute beti, eta test diagnostiko bat. Emaitza negatiboa jasotzen dutenek ere beste test bat egin beharko dute, lehenengotik zortzi egunera. Nafarroako Gobernuak erabaki du proba diagnostikoak egitea soilik sintomak dituzten kontaktuei, eta bereizketa egin dute haiek ere: dagozkien txertoak hartu ez dituzten gertuko kontaktuek berrogeialdia egin behar dute, zazpi egunekoa. Frantziako Osasun Ministerioak azkena eman dituen irizpideen arabera ere, berrogeialdirik ez dute bete behar txertaketa jarraibidea osatua duten kontaktuek. Hori bai, testak egin behar dituzte sarri; horiez gain, prebentzio neurriak zorroztu beharko dituzte, eta «ahal den neurrian» etxetik lan egiteko hautua ere egin beharko dute. Txertaketa jarraibide osoa bete ez dutenek bete behar dute berrogeialdia: zazpi egunekoa da.

Probak noiz egiten dira?

Administrazioen arabera, bada aldea. Sintomak dituztenei, antigeno testen bidez emaitza positiboak jaso dituztenei, eta kontaktuei; Osakidetzak, oro har, kasu horien guztien berri izateko bideak ireki ditu, eta test bat egiteko era ematen die. Osasunbideak eskatu du kasuen berri emateko, horien jarraipena egingo duela agindu du, baina ez ditu kasuak berresteko testak egingo, oro har.

Kasuak nola jakinarazi?

Norberak bere buruari egiteko test klase horietako batean positibo emanda, nola jokatu? Ohiko galdera izan da. Zenbait botikak ematen dute testak bertan egiteko era, eta era horretan atzemandako positiboen berri zuzenean ematen diete botikek osasun sistemei. Positibo direla testa etxean eginda jakiten dutenek ere jakinarazpena egin behar dute; administrazioek bide telematikoak jarri dituzte kasuak jakinarazteko.

Gaixoaldi baimenerako?

Osasunbidearen irizpidea da, oro har, positibo guztiei osasun zentrotik deitzea zer eboluzio duten jakiteko eta, bide batez, gaixoaldi baimena tramitatzeko, behar badute. Osakidetzak bide telematiko bat ireki du horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.