204 eta 1.123 euro arteko kotizazioak: Escrivaren azken proposamena

Urteko lehen hiru hilabeteetan hiru proposamen aurkeztu dizkie autonomoen elkarteei. Euroz euro negoziatzen ari dira bi aldeak

aitor biain
2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Negoziazioei berrekin zienetik, Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak hiru proposamen aurkeztu dizkie autonomoen elkarte nagusiei. Aldiro kotizazio oinarrien tarte berriekin, gutxien eta gehien irabazten dutenen mugak jaitsita nahiz igota, edota kotizazio kuoten zenbatekoak aldatuta. Espainiako Gobernuak akordioa erdietsi nahi du elkarteekin ezer onartu aurretik, eta euro bakoitza negoziatzen ari da horretarako.

Otsailaren hondarrean izan zuten azkenekoz bilera, eta orduan proposatu zuen hilabeteko kotizazio kuotak 204 eta 1.123 euro artekoak izatea. Irabazien araberako hamabi tarte izango lituzke eskema berriak: 700 euro baino gutxiagoko etekinak dituztenetatik hasi eta 3.620 euro baino gehiagoren irabaziak dituztenetara. Aurreko proposamenak 212 eta 991 euro bitarteko kotizazioak aurreikusten zituen.

Horiek horrela, gutxien irabazten duenak 204 euroko kuota izango luke, eta Espainiako Gobernuaren arabera, autonomo bakoitzak 90 euro eta 1.080 euro artean aurreztuko luke hilean. Bigarren tartea 700 eta 900 artekoa da; 245 euroko kuota izango lukete horiek, eta 600 euro aurreztuko lukete urte osoan. Hirugarren tartean sartuko lirateke 900 eta 1.125 euro artean irabazten duten langileak, eta baita sozietateak ere, nahiz eta diru sarrera txikiagoak izan: horientzat guztientzat gutxieneko kuota 264 eurokoa izango da. Gaur egun, gutxieneko kotizazioa 294 eurokoa da.

Hurrengo tartea 1.125 eta 1.300 euroren irabaziak dituztenena litzateke, 290 euroko kotizazioarekin. Hala, Espainiako gutxieneko soldata baino gehiago irabazten dutenek ere orain baino 48 euro gutxiago ordainduko lukete urtean.

Hurrengo tarteei dagokienez, ez da aldaketa handirik egon azkenengo proposamenetan; aldiz, gehien irabazten dutenen tartea behin eta birritan moldatu du Escrivak. Hasieran jasotako bi kotizazio tarte altuenak ezabatu zituen bigarrenean, baina horietako bat berreskuratu du mahairatu duen azkenengo eskeman. Zehazki, 3.620 euro baino gehiagoren etekinak dituztenek 1.123 euroko kotizazio kuota izango lukete hilean.

Zenbait iturriren arabera, halere, Escriva prest legoke gehien irabazten dutenen muga berriz handitzeko, oraingo eskemari beste tarte bat gehituta. Espainiako Gobernuaren arabera, hala ere, sistema berriarekin hiru autonomotik bik orain bezala edo gutxiago ordainduko lukete.

Tarifa lauari ere eutsi egingo lioke sistema berriak, baina, orain ez bezala, soilik gutxieneko soldata baino diru sarrera txikiagoak dituzten langileek izango lukete tarifa hori ordaintzeko aukera. 70 euroko tarifa izango litzateke, eta gehienez ere bi urteko iraupena izango luke. 2013an jarri zen martxan tarifa hori, autonomo hasiberriei bidea errazteko asmoz.

Laguntza berezi bat

Eskemak berak gorabehera asko izan ditzake oraindik, dena den, bai kotizazio oinarriari lotuta, bai kuoten zenbatekoari dagokionez ere. Kotizazioen sistema berritzearekin batera, autonomoen gizarte babesa ere hobetu nahi du Gizarte Segurantzako ministerioak, eta, horretarako, langabezia sari berezi bat sortzea proposatu die eragileei, zeinak oraingo laguntza handituko lukeen.

Laguntza horrek enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente berrien antzeko mekanismoa izango luke, Escrivaren esanetan, eta aintzat hartuko lituzke krisi ekonomiko ziklikoak, egiturazko krisiak eta arrazoi ekonomikoen ondoriozko jarduera eteteak. Laguntza hori kotizazio oinarriaren %50ekoa izango litzateke kasu gehienetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.