Duela bi urte, Ken Loach zinemagile ingelesak adinekoen egoitzetako langileen greba goraipatu eta bitarteko publiko gehiago eskatu zituen sektorearentzat. Gipuzkoako egoitzetako zaintzaileak greban ziren, eta Loach Zinemaldiak emandako sari bat jasotzera etorria zen Donostiara. Bi urteren eta 252 greba eta mobilizazio egunen ostean, atzo berriz ere irten ziren zaintzaileak kalera, euren egoera «jasanezinaz» ohartaraztera. Izan ere, sinestea kosta balezake ere, duela bi urte munduak igarri ere ezin zuen COVID-19aren pandemiak okertu besterik ez du egin beharginen egoera Gipuzkoan, ELA eta LAB sindikatuen arabera.
Adinekoen zaintza gizartearen ezinbesteko zeregin bihurtu den honetan, langileek hitzarmenik gabe segitzen dute, lan zama handiekin eta adinekoei behar beste denbora eta arreta eskaini ezinik. Sindikatuen arabera, diru mozkinak handitzea da patronalaren helburua, eta hori langileen baldintzak okertuz eta prekarizazioa handituz lortzen du.
Kasu honetan, baina, azpimarratzekoa ez da patronalaren jarrera. Esanguratsuagoa da Gipuzkoako Diputazioaren eskuduntza dela erresidentzien sektorea, eta finantzaketa publikoa %90ekoa dela. Markel Olano ahaldun nagusiak iragarri du badoala. Denon gogoan utziko ditu lorpen batzuk. Ulertzen zaila litzateke ondorengoari uztea erresidentzietako langileen lan gatazkari irtenbide bat aurkitzea.

HIZPIDEAK
Zaintzaileak, greban
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu