Pako Aristi

Irlandatik barrena

2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Duela bi urtekoa da The journey (Bidaia) filma, Nick Hamm zuzendariarena, 30 urtetan elkarri hitzik zuzendu ez zioten bi etsairen 85 kilometroko bidaia kontatzen duena. Timothy Spall eta Colm Meaney zoragarri daude Ian Paisley eta Martin McGuinnessen paperean. Bidaia existitu ei zen; filmean kontatzen dena fikzioak hornituta dago. Dauzkan inplikazioengatik, uste dut gidoilaria zuhur ibiliko zela.

Kontua nola amaitu zen badakigunez, ez dizuet istorioa ikusteko intrigarik ezabatuko aireportuan gertatzen den azken eszena kontaturik, filmaren (eta moralejaren) unerik gorena baita. Paisleyk baldintza bakar bat eskatzen dio aurkariari bakea sinatzeko: barkamena eskatzea. McGuinnessek, monologo eder baten ondoren, erantzuten dio: «Ez, ez dut barkamenik eskatuko». Eta Paisleyk, miretsirik: «Hori da politikoa izatea. Ez eskatu inoiz barkamenik egin duzunaz». Epilogoa amaitzeko badu, ordea, esaldi gogorragorik: «Gaitzesten dut egin duzun guztia». Eta batere uste ez dugunean eskua luzatzen dio, bakea hitzartzeko. McGuinnessek estutuko duena, esaldi berbera erabiliz: «Gaitzesten dut egin duzun guztia».

Ausardia eta argitasuna behintzat aitortu behar zaie irlandarrei euren egoerari hitzak jartzeko orduan. Ez dira itzulinguruka ibiltzen; eufemismoak, neurrian. Beste kontu bat da lorpenei begiratzea: bake prozesu hartatik hogei urtera ezer aldatu ez izanak zer pentsa ematen du: bakea irabazi zuten, baina askatasuna ez. Bakea armak isiltzearekin lotzean dago akatsa; ez esatea okupazioa eta menderakuntza ere biolentzia dela, izatez eta egituraz, eta hori ezabatu artean herri batek ez duela bakean antolatu ahal izango bere bizitza. Bakearen definizio murritz hori onartzea errore estrategikoa izan ohi da gatazka duten herrialde guztietan, gatazka hitzetik beretik hasita.

Izan ere, filmak duen merituaz landa, gauza bat ez da argi geratzen, ez da azpimarratzen: Ingalaterra dela Irlanda konkistatu, okupatu, demografikoki eraldatu eta kolonizatu zuena. «Zuen jendea etorri zen gure lurrera, gu ez ginen Ingalaterrara joan, ez zaituztegu irlandar bihurtu nahi izan». Horixe da alde nagusia, horixe filmean falta den esaldia, haien eta gure arrazoiaren habea, analisi guztien abiapuntua. Eta horixe ondoren etiketa ezberdinez bataiatu dizkiguten biolentzia guztien sorburua. Gertakari historiko hori kontuan hartzen ez bada, arriskua dugu oso diagnostiko okerretara iristeko, Eusko Ikaskuntzak esan zuenean bezala hemen hiru identitate daudela, espainola, euskalduna eta frantsesa, eta hiruetako inor ez dela gailentzen besteen aurrean. Bada bai, gailentzen da, gailentzen dira bi baten gainetik, baina hau esan beharra bera gure herriaren ehuntze ideologikoan eman den atzerapenaren ispilu larria iruditzen zait.

Biolentzia ezberdinak egon direla esaten da, jatorri ezberdinekoak, ezin dela biktimen artean hierarkiarik ezarri, ez diskriminaziorik haien aitortzan. Horren arabera Estatuaren biolentzia legoke, bere indar armatuen gehiegikeriak, ETArena... guztiz okerra dena. Biolentzia bakarra dago, beste guztien sorburua dena: herri batek (gure kasuan bik) bestea konkistatu eta denboran menderaturik mantentzearen biolentzia gorena. Hortik eratorriak dira beste guztiak. Ez daude bi, hiru, lau biolentzia mota, bat baizik, eta arazo nazionala konpondu denean soilik esan behar genuke bakea iritsi dela.

Estaturik gabeko nazioak daudela esaten da, esaten dugu; estaturik gabeko nazioak, fenomeno meteorologikoak balira bezala, munduan pobreak daudela esaten den lasaitasunarekin. Eta honetan kapitalismoak bat egiten du inperialismoarekin: pobreak badaude, euren errua da, ez dira gai euren bizitza behar den bezala antolatzeko, estaturik gabeko nazioak ez diren bezala. Diskurtso honek ezkutatzen du beti mahai gainean eduki behar genukeen egia: estaturik gabeko nazio bakoitzari ukatu egin zaiola estatua edukitzea, sarritan zeukaten estatua militarki konkistatu, okupatu, ordezkatu eta debekatu ondoren. Genozidioa erabili dela horretarako, makro-operazio demografikoak, ondasunen bahiketa, jazarpen administratiboa, hezkuntza sistemaren manipulazioa, helburua herri honen suntsiketa zuen (eta duen) biolentzia, agerikoa ala mozorrotua. Michel Foucault filosofoak zioen bezala, naturaltzat hartzen ditugun gauza gehienak emaitza historikoak dira. Naturaltzat ez hartzea da erresistentziaren lehen pausoa. Pauso bat haratago, esango du: «Herri batek beste bat menderatzen duenean, hori ez da inoiz bukatzen»... Herria askatu arte, edo asimilatua izan arte, gaineratuko nuke.

Asimilazioak aurpegi asko ditu. Ez genuke egin behar asimilazio horretan sakontzen duen ekimenik. Zeintzuk diren detektatu ondoren, horiek ez egitea, ez parte hartzea jada osasungarria da herri batentzat. Hurrengo pausoa litzateke askatasunera hurbilduko gaituzten ekimenak antolatzea. Bi helburu horien artean garbi bereizten jakitea ezinbesteko ariketa da adimen politikoa garatzen joan dadin. Herri baten ezaugarri nagusia da bere bizitzari arnas kolektiboa emango dioten ekimenak edukitzea. Baina horren baitan norbanako bakoitzak ere lan egin behar du bere buruarekin, elikatu behar du bere adimen politikoa, hausnartuz ekimen horiek askatasun estrategia baten barruan lagungarri diren, edo kaltegarri. Eta euskaldunen ezaugarri bat bada, tamalgarria deritzodana, da uko egiten diotela barne-gogoetari, aski jotzen dutela honen edo haren alde kalera aterata, zerbait egiten ari diren sentsaziopean ezkutatuz egindakoa zuzena edo okerra den aztertu beharko lukeen analisia. Marko historiko bat ezarri gabe, diskurtso asimilazionistak irensten ditugu hartara.

Oso axioma sinple bat betetzen da, edozeinek bere bizitza pribatuan aise ulertuko duena, menderaturik dauden herrietan: zure legeak ezartzen ez badituzu, besteek ezarritako legeetan bizi beharko duzu. Eta besteek ezarritako lege horietan nabigatuz herri batek askatasuna lor dezakeela sinestea, eta sinetsaraztea da politikaren praxian egon daiteken irrealismorik handiena.

Zeren zapalkuntza nazionala dagoela onartzen badugu, hor ez dago demokraziarik; baina demokrazian bageunde bezala jokatzen badugu, askok egiten duten moduan, automatikoki Espainiako erregio bat gehiago garela aitortzen ari gara. Horrekin, hainbeste mendetako erresistentziak, berezi eta bereizi izan nahi horrek zentzu guztia galduko luke, deblauki,ondorengo belaunaldientzat. Ipar Irlandako ez-independentzia horren lekuko!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.